1.1 Europako Kontseiluaren Hizkuntza Politikarako Atalak Europako Erreferentzia Marko Bateratua (EEMB) garatu du, bertako hizkuntzen curriculumak garatzeko erreferentzia bateratua izan dadin.
Honako hauek dira Europako Erreferentzia Marko Bateratuan ezarritako mailak:
A1 eta A2 – Oinarrizko erabiltzailearen maila
B1 eta B2 – Erabiltzaile indepedentearen maila
C1 eta C2– Erabiltzaile gaituaren maila
A1 mailaren definizioa
Gai da eguneroko bizitzan sarri erabiltzen diren hitzak eta esapide mailako testuak ulertzeko eta erabiltzeko, eta baita berehalako beharrak asetzearren esaldi soilak osatzeko ere. Badaki bere buruaren eta besteen aurkezpena egiten, eta badaki helbide, gauza, eta ezagutzen duen jendeari buruzko oinarrizko informazio pertsonala ematen eta eskatzen. Azaleko harremanak izan ditzake, batez ere galde-erantzunen egituran, baldin eta solaskideak mantso eta argi hitz egiten badio, eta laguntzeko prest badago.
A2 mailaren definizioa
Gai da bere eguneroko bizitzan hurbileko bizipenei lotutako testuak, esaldi eta esapide mailakoak, ulertzeko, solaskidea laguntzeko prest badago: bere buruari eta familiari buruzko oinarrizko informazioa, erosketei, intereseko lekuei, lanbideei eta abarrei buruzko informazioa… Badaki komunikatzen ataza soilak eta arruntak egiteko orduan, baldin eta ezagunak edo ohikoak dituen gaiei buruzko informazio-truke erraza eta zuzena bakarrik eskatzen badute. Gai da bere iraganaz eta inguruneaz narrazio eta deskribapen errazak ulertzeko eta idazteko, eta badaki bere berehalako beharrak adierazten. Zailtasunak izaten ditu testu luzeagoetako ideia nagusiak ulertzeko.
B1 mailaren definizioa
Gai da euskara estandarrean sortutako testu ez-konplexuen ideia nagusiak ulertzeko, gai ezagunei buruzkoak badira, eta eguneroko testuinguru ezagunetan sortuak badira, batez ere harremanetan eta aisialdian. Badaki toki euskaldun gehienetan ongi moldatzen, harreman errazetan. Gai ezagun edo interes pertsonaleko gaiei buruzko testu soilak eta koherenteak osa ditzake. Gai da esperientzien, gertaeren, nahien eta asmoen berri emateko, eta gai da, orobat, bere iritziak labur-labur arrazoitzeko eta bere asmoak azaltzeko. Hala ere, zailtasunak izaten ditu bere hurbileko testuingurutik kanpo. Mugak ditu, bestalde, zehaztasunean eta erregistroan. Akats linguistiko ugari egiten du, lexiko mugatua du, eta bere jarduera motela da.
B2 mailaren definizioa
Gai da ohiko gai eta egoera ezagunei buruzko solasaldiak, narrazioak, deskribapenak, instrukzioak eta azalpen laburrak ulertzeko eta adierazteko, ahoz nahiz idatziz. Edozein euskaldunekin mintza daiteke, nahiko jariotasunez eta naturaltasunez, halako eran non ez duten ahalegin handirik egin behar ez solaskide batek ez besteak elkar ulertzeko. Gizarte-harremanetan, gauza da gai zehatzei nahiz abstraktuei buruz diharduten testu konplexuetako ideia nagusiak eta bigarren mailako ideia esplizituak ulertzeko. Bere espezialitateko testuetan zehaztasunak ere ulertzen ditu. Testu argiak eta xeheak sor ditzake gai askori buruz, eta gai da, orobat, gai orokorrei buruzko ikuspegi jakin bat aldezteko, aukera bakoitzaren aldeko eta kontrako argudioak emanez. Dena den, zailtasunak izaten ditu ñabardurak jasotzeko eta adierazteko, batez ere ohikoak ez dituen gizarte-gaietan. Hutsuneak izaten ditu zuzentasunean, eta mugak jariotasunean.
C1 mailaren definizioa
Gai da berbaldi luzeak eta hizketa biziak neke handirik gabe ulertzeko, oso garbi egituratuta ez badaude ere edo kohesio-erlazioak oso esplizituak izan ez arren, baita telebista-programak eta filmak ere. Gertakarietan oinarritutako testuak, filmak eta literatura-testuak ulertzen ditu eta erregistroak bereiz ditzake. Artikulu espezializatuak eta argibide tekniko luzeak irakur ditzake, bere espezialitatekoak ez badira ere; hala ere, batzuetan lexikoa traba izan daiteke. Natural eta jarioz hitz egiten du, esapideen bila nabarmen luzatu gabe. Badaki gizarte- edo lanbide-erlazioetan, hizkuntza malgu eta eraginkor erabiltzen, ideiak eta iritziak zehatz adierazten, eta bere adierazpenak beste solaskideenekin trebeziaz lotzen; hitzen esanahi bikoitzaren gaineko umorea ere egin dezake. Gai da azalpen argiak eta xeheak egiteko, ahoz nahiz idatziz, gai konplexuei buruz, horiekin lotutako gaiak integratuz, zenbait puntu garatuz eta solasaldia egoki amaituz, eta baita testu argi eta ongi egituratuak osatzeko ere, ikuspuntua luze-zabal adieraziz. Badaki gai gehienak garatzen, gutun, idazlan edo txostenetan, puntu garrantzitsuenak azpimarratuz, malgu eta eraginkor. Hartzaileari egokitutako erregistroa erabiltzen du.