Sarrera

 Atarikoa

Europako Kontseiluaren Hizkuntza Politika Atalak Europako Erreferentzia Marko Bateratua garatu du. Marko hau erreferentzia bateratua da hizkuntza bakoitzaren curriculuma garatzeko. Aurrerantzean garatuko den curriculum-proposamen hau Helduak Euskalduntzeko Nafarroako Curriculuma da (HENAC), eta Europako Erreferentzia Marko Bateratuak ematen dituen aholkuei jarraituko die, eta proposatzen duen mailaketa bateratua hartuko du oinarri. Betiere euskararen irakaskuntzaren berariazko ezaugarriei egokituta, eta orain arte Nafarroan helduak euskalduntzen eta kreditatzen izandako eskarmentuan oinarrituta.

Honako hauek dira Europako Erreferentzia Markoak ezartzen dituen mailak, eta curriculum honek bere eginen dituenak: A1, A2, B1, B2, C1 eta C2.

Sailkapen honen arabera, euskara-erabiltzaileak A maila erdietsitakoan (A1 eta A2) oinarrizko erabiltzaileak izanen dira, B maila erdietsitakoan (B1 eta B2) erabiltzaile independenteak, eta C maila erdietsitakoan (C1 eta C2) erabiltzaile gaituak. HENACek C1 maila arteko deskribapena egiten du.

CURRICULUMA, ZERTARAKO?

Curriculum hau Nafarroako helduak euskalduntzeko hizkuntza-egitarauak, curriculum-jarraibideak, azterketak, materialak etab. prestatzeko oinarri bateratua izanen da. Euskara komunikazio-tresna gisa erabili ahal izateko jakin beharrekoa deskribatuko du, eta helburu horiek lortzeko beharrezkoak diren xehetasunak: hizkuntza-printzipioak, mailak, edukiak, metodologia, prozesuak…

Azken finean, tresna honen helburua da helduak euskalduntzen diharduten profesionalen eta erakundeen arteko komunikazioa erraztea, eta baita bezeroekikoa ere. Hau da, ikasle, azterketari, irakasle, ikastaroen diseinatzaile, aztertzaile eta hezkuntza-arloko administrariendako beren lana koordinatzeko eta hobetzeko tresna bateratua izan nahi du.

CURRICULUMA, NOLAKOA?

Administrazioak ematen duen curriculumak oinarrizkoa behar du izan, orokorra eta zabala. Dokumentu honi 1. zehaztapen-mailako curriculuma deritzo. Gero, euskaltegi bakoitzak berea egin beharko du, 2. zehaztapen-mailakoa, aurrekoan oinarritua, eta bere ezaugarrietara moldatua. Eta euskaltegi bakoitzak autonomia izanen du bere egoera soziokulturalera moldatzeko. Eta azkenik, 3. zehaztapen-mailako curriculuma etorriko da: irakasle bakoitzak ikastalde eta ikasle bakoitzari egokitzeko prestatuko duena. Hartara, 3. zehaztapen honen bidez, egunez egun eta atazaz ataza ikasle-irakasleek zer eginen duten hezurmamituko da.

Curriculumak koherentea eta gardena izan behar du. Koherentzia da curriculum baten oinarrizko printzipioa. Irakaskuntza eta ikaskuntza prozesuetan eragiten duten faktoreen arteko lotura estua izan behar baita. Eta gardentasuna ere oso garrantzitsua da, ikas- eta irakas-prozesuan parte hartzen dutenendako tresna praktikoa behar duelako izan, eta erabiltzeko erraza.

Bestalde, irekia, malgua eta integratzailea ere behar du izan, egoeraren arabera egokitzapenak egiteko bidea eman behar duelako, eta parte-hartzaile guztiak bildu behar dituelako bere baitan. Azken batean, erabiltzaileen beharretara ahalik eta gehien hurbildu eta egokituko da. Izan ere, ingurune soziokulturala hartuko du aintzat. Hizkuntza bakoitzak errealitatea hautemateko era propioa du. Euskara nafar hizkuntza da, berezkoa, eta ezinbestekoa da curriculumak euskararen ingurune soziokulturala aintzat hartzea, eta bere baitan integratzea. Horregatik, kontuan hartu behar da euskara-ikasleak eragina izanen duela bere inguruko egoera soziolinguistikoan (normalizazio sozial eta linguistikoan, alegia). Normalizazio horretako protagonista eta eragile izanen dira, dela ezagutzaren bidez, dela erabileraren bidez, dela transmisioaren bidez. Beraz, curriculumak arlo pertsonalean, gizarte mailan, akademikoan, laboralean eta administratiboan trebatzeko tresna egokia behar du izan.

Hartara, HENACek, helburu anitzekoa eta malgua izaki, gai izan behar du Nafarroako euskara-ikasleen tipologia guztietara moldatzeko, eta euskalduntzeko egon daitezkeen motibazioak kontuan hartzeko: dela motibazio instrumentala, dela kulturala, dela identitatezkoa. Bestalde, kontuan hartuko ditu, bai bide naturaletik, bai bide kultural-akademikotik, euskara jaso duten nafarren ezaugarriak, eta horien beharrak asetzeko gauza izanen da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude