Metodologia: printzipio orokorrak

Europako Erreferentzia Markoak hainbat gogoeta egitera bultzatzen du hizkuntzen ikaskuntzan eta irakaskuntzan dabilen oro. Proposatzen du geure buruari galdetzea, batetik, ea zer egiten dugun, benetan, besteekin hitz egiten dugunean edo elkarri idazten diogunean, ea zerk ematen digun horrela jarduteko gaitasuna, eta gaitasun horietatik zein ikasi behar ditugun hizkuntza berri bat ikastean. Bestetik, nabarmentzen du jakin beharra dagoela nola zehaztu behar ditugun gure helburuak eta nola ebaluatu gure garapena, hizkuntza baten erabateko ezjakintasunetik hura eraginkortasunez menderatzera garamatzan bidean. Eta bukatzeko, galdetzen du ea nola gauzatzen den hizkuntza baten ikaskuntza-prozesua, eta ea zer egin dezakegun geure buruari eta beste pertsona batzuei hizkuntza bat hobeto ikasten laguntzeko.

Galdera horiei erantzunda, honako hau ondoriozta daiteke: hiztunak, oro har, zeregin edo ataza batzuk burutzen dituzten gizarte-eragileak dira, horretarako komunikatzeko gaitasunak erabiltzen dituztenak. Eta gogoeta hori ardatz hartuta, eredu sozio-kognitibora iristen gara: erabiltzaileak beraien gaitasun kognitiboak erabiltzen dituzte hizkuntza-jarduerak testuinguru jakin horietan gauzatzeko. hau da, egoera batean, testuinguru batean, eta arlo batean helburu jakin bat duten jarduera batzuetan parte hartzeko gai diren gizarteko kideak dira.

Eta horrek guztiak hiru ondorio ekartzen ditu, metodologiari lotuak:

a) Hizkuntzen ikas- eta irakas-prozesuaren oinarria hizkuntza-jarduerak egitea da. Hau da, metodologiaren ardatza izanen da, ekintza batzuk gauzatzeko, hizkuntza-baliabideak erabiltzen ikastea eta irakastea. Hizkuntza-jarduerak, gizarte-testuinguru zabalago baten osagai dira, eta testuinguru horrek berak ematen die esanahi osoa. Beraz, curriculum baten xede nagusia izan beharko litzateke maila bakoitzean hiztunak zein komunikazio-jarduera egiteko gai izan beharko lukeen zerrendatzea, eta jarduera horiek burutzeko, zein hizkuntza-gaitasun garatu beharko lituzkeen zehaztea. Eta ikas- eta irakas-prozesuan hizkuntza-jarduerak didaktizatzeko ataza oso tresna baliagarria da. Atazez mintzo gara, jardueretan gizabanako batek edo gehiagok beren gaitasun espezifikoak emaitza jakin bat lortzeko era estrategikoan erabiltzen dituztela adierazteko.

b) Beraz, gaitasunetan oinarritutako irakaskuntza eta ebaluazioa izanen da curriculumaren oinarri metodologikoa. Hau da, gakoa izanen da jakitea euskara-ikasleak eta -erabiltzaileak zer egiteko gai diren; zein gaitasun orokor dituzten, zein komunikazio-gaitasun duten, eta zein hizkuntza-gaitasun dituzten, alegia.

c) Gogoeta honek ikaskuntza eta irakaskuntzaren lanketa komunikatibora eta konstruktibistara eramaten gaitu, batez ere:

Konstruktibismoaren arabera, ezagutza prozesu dinamiko eta interaktiboa da. Prozesu honen bidez, adimenak informazioa interpretatzen du behin eta berriz, eta errealitatea bakoitzak sortzen dituen modelo esplikatiboen bidez ezagutzen du. Ezagutza berdinketa baten emaitza da, aurre-ezagutza eta unean-unean jasotzen den informazio berriaren artekoa. Orekatze honetan osagarriak diren bi prozesuk hartzen dute parte: asimilazioak eta egokitzapenak.

  1. Asimilazioaren bidez, gizakiak informazio berria moldatzen du, aurrez dakienarekin bat egiteko.

  2. Egokitzapenaren bidez, dakiena moldatzen du, informazio berria aintzat hartzeko.

Konstruktibismoaren ikuspegitik, H2ren ikas-prozesua ikaslearen aurreko ezagutza eta eduki berrien arteko sintesi edo orekatze prozesua da. Ikasleak, elementu linguistiko berriak bereganatu ahala (asimilazioa), xede hizkuntzak daukan aurre-ezagutza moldatzen du (egokitzapena). Sintesi prozesu honen emaitza tarteko hizkuntza deritzon kontzeptua da.

Konstruktibismoak tarteko hizkuntzaren ezaugarriak bereak egiteaz gain, honako hauek ere hartzen ditu kontuan:

  1. Hizkuntza bat ikasteak esperientziako datuen barne-lanketa esan nahi du. Ikasleen artean, barne-lanketa horretako ezberdintasunek ikas-estilo ezberdinak ekarriko dituzte.

  1. Ikasle guztiak ez dira berdinak.

  1. Ikaskuntzaren eskema kognitiboak (jakin beharrekoak; egiturak, gaitasun soziokulturala…) ez dira unibertsalak; eskema hauek hainbat aldagairen baitan sortzen dira: heziketa, kultura, norbanakoen joerak…

  1. Ikasleak beren buruaren gaineko deskribapen eta sentimendu multzo antolatu batekin (motibazioa, ezagutza, aurreiritzia…) aritzen dira ikas-prozesuan, eta horrek eragin handia du.

  1. Hizkuntza-erabiltzailea bere lehendabiziko hizkuntzan gaitasun estrategiko batzuen jabe da, munduarekiko ikuspegi bat dauka, eta ezagutza-multzo bat du. Eta horietara jotzen du, hain zuzen ere, komunikazio-egoera eta ikas-egoera berrietan.

  1. Ikaslearen iraganeko esperientziak, ikasleak bere buruaz duen ustea eta estimazioa eratzen eta integratzen du.

  1. Beren buruaz uste eta iritzi ona duten ikasleek errazago ikasten dute, eta ez dira hain deseroso sentitzen ikas- eta irakas-giroan eta aldaketa-prozesuetan.

  1. Ikasle helduak aintzat hartu beharko lirateke curriculumari buruzko erabakietan parte hartzeko; esate baterako, edukiak hautatzerakoan, edota ikas-jarduerak eta atazak aukeratzeko orduan.

  1. Ikasle batek hainbat estrategia jar ditzake martxan, teorian ikas-estilo ezberdinei dagozkienak.

  1. Ikasle helduek hobeto ikasten dute baldin eta edukiek beren esperientzia eta ezagutzekin zerikusia badute.

  1. Ikasle helduek hizkuntzak ikasteari buruzko ideia jakin batzuk dituzte, eta ideia horiek gogoan hartu behar dira hizkuntza programak prestatzean.

  1. Helduek gehiago ikasten dute bizitzan helburu hurbilak lortzeko, ikaste hutsagatik baino.

  1. Ikasle-irakasleen arteko elkarreraginean aintzat hartzekoak dira: ikaslearen sentiberatasuna eta emozioak, jakin-mina eta informazio egarria eta hauen autoestima eta nortasunaren ezaugarri nagusiak.

  1. Estrategiak erabiltzen, ikaslea autonomiaren bidean jartzen da.

  1. Beren burua neurtzeko eta beren burua ebaluatzeko trebetasunak garatu dituzten helduak dira ikaslerik eraginkorrenak.

Bestalde, hizkuntza gizakiok komunikatzeko erabiltzen dugun zeinu-sistema da. Definizio honetan bi ideia nagusi agertzen zaizkigu: sistema eta komunikazioa. Hizkuntza sistema dela esateak honen alderdi estrukturala azpimarratzen du eta komunikatzeko erabiltzen dugula esateak sistema soila gainditzen du, benetako komunikazio egoerari eta xedeari egokitu behar baitzaio. Hizkuntzaren definizio hau ikuspegi komunikatiboa izeneko planteamenduaren oinarria da. Hizkuntzen irakaskuntzan paradigma hauek dira garrantzia hartu dutenak:

  1. Erabilera: irakaskuntzaren praktikan, pentsatu izan da nahikoa dela ezagutza batzuk transmititzea, komunikazio-egoeretan erabili ahal izateko; baina ez dirudi hori nahikoa denik. Ikasleari ez zaio eskaintzen komunikazio-egoera errealez baliatzeko aukerarik, eta ondorioz, ez zaio behar bezala laguntzen, nahiz eta ezagutzak erabiltzeko trebetasunak landu. Egun ikaslea hiztun bilakatzeko nahitaez hizkuntzaren erabileran trebatu behar da.

  1. Sistema linguistikoa: ikuspegi sintetikoaren arabera, hizkuntza zatika aurkezten irakasten da; zatiok sintetizatuz ikaslea hizkuntza osoaren jabe bilakatuko delakoan. Sistema analitikoan, aldiz, hizkuntza bere osotasunean eskaintzen zaio ikasleari, eta analisi lana hobesten da. Ikasleak osagai semantiko zein gramatikalak analizatu beharko ditu kontzienteki zein oharkabean. Planteamendu komunikatiboak sistemaren lanketa analitikoaren aldeko apustua egin du.

  1. Prozesua: hizkuntzen irakaskuntzan ohikoa izan da produktuari erreparatzea; ekoizpenari begiratu izan zaio. Eta bigarren mailan geratu izan da ikasleak ekoizpen horretara iristeko egin behar izan duen bidea. Ikuspegi konstruktibistaren arabera, ordea, funtsezkoa da ikas-prozesua ere aintzat hartzea. Beraz, irakaskuntzaren arreta-guneak ikasleak urratzen duen bidean egon beharko luke. Ikasleak ustiatzen dituen baliabideetan eraginez autonomia maila handiagoa eduki dezan lortu nahi da.

  1. Testua eta pragmatika: gramatika tradizionalean hitza zen unitatea; ondorengo korronteek, aldiz, esaldia hizkuntza sistemaren unitate komunikatibotzat hartzen zuten, baina zenbait elementuk gainditu egiten dute esaldiaren muga (izenordain anaforikoek, lokailuek, testu-antolatzaileek, aurrerabide tematikoek, testuen ezaugarri pragmatikoek…). Egun testua da unitate; horrek hainbat fenomeno komunikatibo aztertzeko esparru zabalagoa eskaintzen du. Horrela, bi ideia ari dira nagusitzen: batetik, zenbait hizkuntza-fenomeno ezin direla gramatikaren ikuspuntutik azaldu, eta bestetik, hizkuntza ezin dela gramatikaren arlora mugatu, eta eguneroko komunikazioan erabiltzen den hizkuntzara eraman behar dela (pragmatikara).

  1. Egokitasuna: testu-generoen ikuspegitik, zuzentasun gramatikalaren kontzeptua ez da nahikoa komunikazioa aztertzeko; horretaz gain, hizkuntzaren egokitasunaz hitz egin beharko dugu: hizkuntzaren erabilera egokiak zuzena izan beharko du (gramatikari dagokiona), testuala (testu-generoari dagokiona) eta pragmatikoa (testuinguruari dagokiona). Hiru tasun horiek ez dira elkarren aurkako; elkarren osagarri baizik.

  1. Komunikazio-gaitasuna: hizkuntzak bi alderdi ditu: linguistikoa eta komunikatiboa. Garai batean, alderdi linguistikoa bultzatzen zen; hau da, hizkuntzaren gaineko ezagutza (hizkuntza-gaitasuna). Egun, hizkuntzaz baliatzeko gaitasuna (komunikazio-gaitasuna) beharrezkoa dela ikusi da, hiztun oso bilakatzeko.

Horrenbestez, ondoren zehazten den moduan deskriba litezke hizkuntzen ikaskuntza eta erabilera guztiak:

Hizkuntzaren erabilerak –ikaskuntzakoa ere barne hartuta–, gaitasun orokor zein komunikazio-gaitasun batzuk garatzen dituzten pertsonen jarduerak hartzen ditu bere baitan. Hortaz, hizkuntza-gaitasun horiek hizkuntza-jardueren bidez gauzatzen dira, hainbat testuingururen eta hainbat baldintza eta mugaren mende daudenak. Jarduera horiek gauzatzeko, prozesu batzuk abiarazi behar dituzte, arlo espezifikoetan gai jakin batzuei buruzko testuak ekoizteko eta jasotzeko, eta egin beharreko atazak gauzatzeko egokien irizten dieten estrategiak erabili behar dituzte. Jarduera horien gainean duten kontrolaren bidez, parte- hartzaileek beren gaitasunak sendotu edo aldatuko dituzte.

Beraz, hizkuntza sistema bat dela esateak honen alderdi estrukturala nabarmentzen du, eta ondoren zehazten den moduan deskriba litezke hizkuntzen ikaskuntza eta erabilera guztiak:

HIZKUNTZA-JARDUERAK

Hizkuntza-jarduerak komunikatzeko ekintza batzuk dira, zeinetan erabiltzaileak hizkuntza erabiltzen duen komunikatzeko. Jarduera horien helburua pragmatikoa izaten da (hizkuntza zerbait lortzeko erabiltzea), eta horretarako hizkuntza-gaitasun guztiak baliatu behar izaten dira.

GAITASUN OROKORRAK

Gaitasun orokorrak norberaren ezagutzen, abilezien, ahalmenen eta ezaugarrien batura dira; horiei esker gauza ditzake pertsonak era guztietako jarduerak –hizkuntz jarduerak barne–. Erabiltzaile eta ikasleek beren aurreko esperientzian garatutako hainbat gaitasun baliatzen dituzte, egokitzen zaizkien komunikazio-egoerei aurre egiteko, atazak eta jarduerak burutu behar dituztenean. Era berean, hizkuntza-jardueretan parte hartzeak ikaslearen gaitasunen garapena areagotzea dakar.

KOMUNIKAZIO-GAITASUNAK ETA HIZKUNTZA-GAITASUNAK

Komunikazio-gaitasuna gizakiak komunikatzeko duen gaitasun multzoari deritzo. Batzuk orokorrak dira, eta beste batzuk hizkuntzari lotuak. Gaitasun orokor horietako batzuk oso garrantzitsuak dira hizkuntzaren erabileran (soziokulturalak eta estrategikoak, esate baterako). Komunikatzeko gaitasuna berezkoa izan ohi da, baina ikaskuntzaren bidez garatu ahal da.

Hizkuntza-gaitasunak, berriz, hizkuntza-jarduerak gauzatzeko behar-beharrezkoak diren komunikazio-gaitasunak dira, hizkuntzaren erabilerari zuzen-zuzenean lotuta daudenak. Alde batetik gaitasun pragmatikoak daude (funtzionala, testuala, eta diskurtsiboa), eta bestetik, gaitasun gramatikala (lexikoa eta semantika, fonetika-fonologia eta intonazioa, ortografia, morfosintaxia eta kohesioa).

TESTUINGURUA

Testuinguruak hizkuntza-jarduera bakoitza baldintzatzen duten eragileen multzoa hartzen du bere baitan (fisikoak izan edo ez): non eta noiz gertatzen den, komunikazio-egoera zein den, egoera soziokulturala…

Aurretik esan den bezala, hizkuntza-jarduerak hizkuntza-gaitasunak garatzen dituzten ariketa komunikatiboak dira, ataza bat gauzatzeko testu bat edo gehiago baliatzen dutenak, arlo jakin batean. Hizkuntza-jarduera horiek izan daitezke, batetik, ulermenezkoak, adierazpenezkoak edota elkarreraginezkoak. Bestetik, izan daitezke ahozkoak eta idatzizkoak. Beraz, bi multzo horiek konbinatuta, sei hizkuntza-jarduera multzo sortzen dira:

-Entzumena (ahozko ulermena).

-Mintzamena (ahozko adierazpena).

-Irakurmena (idatzizko ulermena).

-Idazmena (idatzizko adierazpena)

-Ahozko elkarreragina.

-Idatzizko elkarreragina.

Prozesu moduan, ulermena eta ekoizpena (ahozkoa nahiz idatzizkoa) primarioak dira, jakina; biak baitira ezinbestekoak. Bestalde, elkarreraginean, gutxienez bi gizabanakok egiten dute ahozko edo idatzizko trukea, eta truke horretan ekoizpena eta ulermena txandaka garatzen dira (eta ahozko komunikazioan, baita aldi berean ere). Oro har, elkarreraginari garrantzi handia ematen zaio hizkuntzaren erabileran eta ikaskuntzan, funtsezko baita komunikazioan.

PROZESUAK

Prozesuak ahozko eta idatzizko ulermenean eta ekoizpenean eragina duten gertaera neurologiko eta fisiologikoen multzoari dagozkio. Hiztun, idazle, entzule edo irakurle izateko, ikasleak ezinbestekoa du hainbat jardueraz osatutako sekuentzia bat gauzatzeko trebetasuna garatzea, ahozkoaren ulermenean, adierazpenean eta elkarreraginean, batetik, eta idatzizkoaren ulermenean, adierazpenean eta elkarreraginean, bestetik. Sekuentzia horren urratsak planifikazioa, gauzatzea, jarraipena eta kontrola izan ohi dira.

ARLOAK

Arloa gizarte-eragileek diharduten gizarte-bizitzako sektore-sail zabala da. Eta hizkuntza-jarduerak arloen testuinguruan kokatzen direnez, testuinguru horrek eragin handia dauka atazetan sortzen diren testuetan. Izan ere, testu horien ezaugarri pragmatikoak eta linguistikoak aldatu egiten dira, arloaren arabera egokitzeko. Arloak askotarikoak izan daitezke: publikoa, pertsonala, hezkuntza, lana, literatura, aisia, komunikabideak, erakundeak…

TESTUAK

Testua erabiltzaileek edo ikasleek, ahoz zein idatziz, jasotzen, sortzen edota trukatzen duten diskurtso-sekuentzia da. Testua prozesu bateko funtsezko komunikazio-unitatea da, egituratua, koherentzia eta kohesioa duena, testuinguru jakin batean eta xede jakin baterako sortua. Komunikazioaren oinarria denez, ezin egon daiteke hizkuntza-jarduerarik testurik gabe, eta, beraz, jarduerak eta prozesuak antolatzeko eta sailkatzeko abiapuntua izanen da curriculumetan.

Testuek hainbat xede bete ditzakete gizarte-bizitzan, eta, beraz, alde handiak izaten dira testuen forman eta muinean. Hizkuntza-jarduerak gauzatzeko erabiltzen diren testu ohikoenak sailkatzeko testu-genero kontzeptua erabiltzen da. Testu-generoa gizarte bakoitzean hizkuntzaren erabilera jakin baten ondorioz finkatutako testuak edo testu-sekuentziak dira (konbentzioak, beraz), hainbat ezaugarri komun dituztenak. Modu askotan sailka daitezke, eta hizkuntzen irakaskuntzan eta ebaluazioan, horietako batzuetan indar eta arreta handiagoa jartzen da, ikas- eta irakas-prozesuan esanguratsuagoak direlako (ikus Genero diskurtsiboak atala).

Esana dago testu-genero zehatz horiek xede jakin baten arabera sortzen direla. Eta nahiz eta testu baten helburuak asko izan daitezkeen, oinarrizko testu-sekuentzia batzuk bereizten dira, xede komunikatibo nagusiaren arabera (ikus Makrofuntzioak, Gaitasun funtzionalak atalean): elkarrizketa bidezkoa, deskriptiboa, narratiboa, azalpenezkoa, argudiozkoa, instrukziozkoa, prediktiboa, poetiko-literarioa… Dena den, testu batzuetan oinarrizko testu-sekuentziaz gain, bestelakoak ere erabiltzen dira; hau da, narrazioetan deskribapenak tartekatu ahal dira, argudiozko testuetan azalpenak ere eman ahal dira… Testu-sekuentzia mota horien sailkapen orokorra oso baliagarria da testu bakoitzaren tasunak lantzeko.

ATAZAK

Orokorrean definituta, ataza gizakiak emaitza edo helburu jakin bat lortzeko egin behar duen edozein jarduerari esaten zaio; adibidez, ogia erosi, kutxazainetik dirua lortu, oporrak antolatu, mendi batera igo… Xede hori lortzeko, batzuetan hizkuntza baliatu behar izaten da, eta beste batzuetan ez.

Baina eremu didaktikora ekarrita, esan daiteke ataza dela hizkuntzen irakaskuntzaren (edo ikaskuntzaren) arloko edozein jarduera, ariketa, prozesu, pentsamendu, ekintza…, ikasi nahi den hizkuntza horren gaineko gaitasuna areagotzeko berariaz egiten dena. Agerikoa zein buru barrukoa izan daiteke. Atazek batez ere komunikatzeko balio dute, eta horregatik, gainerako hizkuntza-jarduerak bezalakoak dira; baina, horiek ez bezala, beste helburu batzuk ere izaten dituzte: hizkuntza-gaitasuna areagotzea, hizkuntza-gaitasunek zein maila duten ebaluatzea, edota hizkuntzak ikasteko gaitasuna areagotzea.

Hizkuntzen metodologia komunikatiboa ardatz duten prozeduretan, atazetan oinarritutako ikaskuntza eta irakaskuntza hobesten da, oso lagungarria delako hizkuntza-jarduerak eta estrategiak modu eraginkorrean lantzeko. Horregatik, azken urteotan atazetan oinarritutako prozedura metodologikoek indar handia hartu dute hizkuntzen irakaskuntzan. Azken finean, metodologia horien funtsa da errealitatean gauzatzen diren atazak eta hizkuntza-jarduerak eta estrategiak ikas- eta irakas-prozesuan erreproduzitzen saiatzea, ahalik eta modu naturalenean. Atazen didaktizazioa modu desberdinetan egin daiteke, baina ohikoena atazaren hiru urratsak lantzea da: atazaurrea, atazaren zikloa eta hizkuntzaren fokalizazioa.

ESTRATEGIAK

Estrategia hizkuntza-erabiltzaileek hobeki komunikatzeko baliatzen duten jarrera-ildo antolatu bat da (hainbat teknika, abilezia, trebetasun eta prozeduraren metaketa), jarduerak eta atazak gauzatzekorakoan eraginkortasun handiagoa lortzeko. Estrategiak baliatzea oso faktore garrantzitsua da ikas- eta irakas-prozesuan, eta pisu handia hartzen du estrategien lanketak curriculumaren diseinuan eta definizioan. Estrategiek zuzen-zuzenean eragiten dute jardueren planifikazioan, gauzatzean, kontrolean eta konponketan. Adierazpen-estrategiak daude, ulermen-estrategiak, eta elkarreraginezko estrategiak.

Laburbilduz, aipatu berri diren alderdi horiek guztiak hizkuntzaren erabilera- eta ikaskuntza-molde guztietan elkarri lotuak daudela esan daiteke: komunikazio-gaitasunak, hizkuntza-gaitasunak, testuingurua, hizkuntza-jarduerak, prozesuak, arloa, testua, ataza, estrategiak… Horrenbestez, ikas-prozesuetako eragile guztiek (ikasleek, irakasleek, ikastaroen diseinatzaileek, material didaktikoaren egileek aztertzaileek eta azterketak prestatzen dituztenek) horiek guztiak hartu beharko dituzte kontuan, eta ahal den neurrian uztartzen saiatu.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude