Gramatika C1

GAITASUN GRAMATIKALA

Gaitasun gramatikala esaten zaio hizkuntza-erabiltzaileek hizkuntza jakin baten baliabide gramatikalak zuzen, egoki eta eraginkor erabiltzeko eta ulertzeko duen gaitasunari. Bestalde, gramatika-baliabideak hizkuntza baten unitate eta printzipio multzo bat dira, unitate horiek nola erabiltzen eta uztartzen diren arautzen duena: lexikoa eta semantika, fonetika, fonologia eta intonazioa, ortografia, morfosintaxia, eta kohesiorako baliabideak.

Atal honetan, euskarazko baliabide gramatikalak mailaz maila zerrendatzen dira, ikaskuntzarako, irakaskuntzarako eta ebaluaziorako mesedegarri izanen delakoan. Dena den, kontuan hartu behar da zerrenda horiek orientabide hutsa direla, eta komunikazio-jarduerak berak agintzen duela zein baliabide landu behar den kasu bakoitzean. Azken finean, testu-generoak berak, eta dagokion makrofuntzioak eta mikrofutzioak ekartzen du baliabide gramatikala, eta ez alderantziz. Beraz, malgutasun handiz jokatzea komeni da.

Dena den, maila bakoitzeko komunikazio-jarduerak eta testu-generoak aztertuta, ikus daiteke badirela hainbat baliabide gramatikal maila jakin baten izaera islatzen dutenak, eta maiz erreferentzialak izaten direnak maila horri dagozkion egokitasuna, aberastasuna eta zuzentasuna islatzeko.

Segidan eduki horien sailkapena ematen da, neurri handi batean edukiak maila batetik bestera errepikatu gabe, erabilera errazteko. Baina ez da ahaztu behar, maila bakoitzean aurreko mailetan emandako eta landutako baliabideak ere kontuan hartu behar direla; hots, lotura bermatu egin behar dela maila batetik hurrengora.

gora

 C1 Lexikoa eta semantika

Ia edozein gai eta azpigai zehatzen gainean jarduteko hiztegi zabala du (lana, dibulgazio-gaiak, kultura…). Gaitasun lexiko-semantiko garatua du funtzio gehienak xehetasunez emateko (argudiatzeko, azalpenetan sakontzeko, zehaztasunak garatzeko…). Errepertorio lexikal zabala du, eta izan ditzakeen hutsuneak aisa betetzen ditu, hitz egokiaren bila dabilela ia antzematen ez zaiola: esamolde idiomatikoak, aldaerak, ordezkapen lexikal aberatsa, eremu lexikal xeheen kontrola, esanahi bikoitza duten hitzen erabilera, aldaera dialektologikoak…

gora

 C1 Fonetika, fonologia eta intonazioa

– Euskaltzaindiaren aholkuak (sakondu): EBAZ (euskara batuaren ahoskera zaindua). Ahoskera zaindua eta erregistroa.

– Euskalkien ezaugarri fonologiko, fonetiko eta melodiko hedatuenak antzematen hastea:

./d/-ren bokal arteko alternantzia ([agudo/aguro], edan [eran/yan]…).

./r/-ren galera bokal artean ([kalera noa/kalia nue]…).

. Bokalen alternantziak ([ontsa/untsa], [berri/barri], [bai/bei]…).

. Alternantzia bokalikoak ([aita/aite], [gorria/gorrie…]).

. Kontsonantismoa ([beste/bertze]; [joan/fan/yoan]; [harrizkoa/harriskoa]).

. …

– Intonazioa:

. Galdegaia aditzaren talde melodikoari lotzen zaio (bihar [bíhar]/Liburua bihar erosiko dugu [biháreròsikò]).

. Hitz elkartuek talde melodiko bera dute:

(ume lapurraume-lapurra [úme lapúrra/umélapurrà], tresna garbitzailea ≠ tresna-garbitzailea [trésna.garbítzaileà/tresnágarbìtzaileà]…).

. Esaldi-kateen unitate melodikoak: (kurba melodikoen geziak falta dira adibideetan)

Xabier gaur etorri da.

Gaur etorri den gizonak horko kutxak utzi ditu.

Xabier, atzo ikusi genuena, gaur etorri da.

Berehala galdetuko diot ea ekarri duen.

Berehala esango dizut ekarri duen poltsa non dagoen.

. Intonazioaren, erritmoaren eta intentsitatearen balio pragmatikoa (komunikazioa eraginkorragoa izateko): xehetasunak, sentipenak, egoera animikoa, ironia, zentzu bikoitza…

gora

C1 Ortografia

– Atzerriko izenek idaztean sortu ohi dituzten zalantzak, irizpide fonetikoa (James Joycen idazlanak) edo ortografikoa (James Joyceren idazlanak) erabiltzean.

– Letra larriak:

. Bi puntuen ondoren, aipamena zuzena denean (Hauxe esan zidan: Ez al dakizu nor naizen?).

. Planeta eta astro guztien izenak (Ilargia Lurraren satelitea da).

– Letra xeheak:

. Antso erregea, aita santua

. Astro adiera hertsitik kanpokoak (eguzki-sistema, eguzki-panelak…).

j/i txandaketa.

. Hitz hasieran, j– (jadanik, jardun, jogurt…). Salbuespenak: iaio (trebe), iodo

. Bokal artean, –i-: leial, proiektu… Diptongoa egiten ez duten hitzetan, -h-

(ihartu, ihes…).

y letra: berriki jasotako zenbait maileguk hasierako y- mantendu (yoga, yuppie…).

– Maileguen idazkera: hitzaren erdian kontsonante multzoak gorde (sintagma,

administrazio, objektu…).

Arazi: ortografia-arauak.

– Orduekin eta bestelako denbora postposizioetan, ezkero erabil daiteke (hamarrez gero/hamarrak ezkero, San Ferminez gero/San Fermin ezkero, atzoz gero/atzo ezkero…).

– Galdetzailea (nor, zer, nola…) + nahi (gura) egiturak hitz bakar batean (nornahi, zernahi, nolanahi…); galdetzailea n, t eta k-z amaituz gero, ordea, bi aukera

(nonahi/non-nahi, zenbanahi/zenbat-nahi, nondinahi/nondik-nahi...).

-na banatzailea (husna, bana, bosna/borzna, ehuna, zenbana…).

– Postposizioetan bi modu onartzen dira (atzealde/atzeko alde, *atzekalde…).

gora

C1 Izen-sintagma

1. Izena.

– Bizidunen deklinabidea leku-denborazko kasuetan (norengan, norengana,

norenganantz, norenganaino, norenganako, norengandik).

Numeroa: zenbatzaile zehaztu batzuen balio enfatikoa (bi, bost, hamaika…).

Deklinabidea: mugagabearen erabilera kasu guztietan:

. Izen bereziak.

.“A” itsatsia dutenak (animalia, anaia…)

. Kontsonantez eta diptongoz bukatutako hitzak (haran, jai, zelai, gau…).

. Galdetzaileak, zenbatzaile zehaztuak eta zehaztugabeak (nor edo nor, nornahi, zertzuk, norbera, nor bere, beste, anitz, franko, aski…) .

. Zenbait aditz berezirekin (heroi bihurtu, zuzendari izendatu, alkate aukeratu…).

. Aditz-lokuzioak, izan, egin, eman eta hartu aditzekin .

. Kantitatea adierazten duten konparazio perpausetan (adina/beste/bezainbat menderagailua + izena –Ø).

2. Izenordainak.

Forma indartuen erabilera (neu, neronek, geu, gerok, heu, zeu, zerorrek, zeuek…).

Bihurkariak (X -en burua, neure, heure, bere, geure…).

Elkarkariak: elkar, bata bestea.

Bera, izenordaina (anaforak: hura, berau, berori; Peruk esan digu berak egin duela…).

3. Determinatzaileak.

Erakusle indartuak (hauxe, horixe, huraxe…) eta erakuslearen balioa duten kataforak (hona hemen; horra hor…).

Zenbatzaile zehaztuak

. Kantitateak adierazteko esaerak (hiru litro ardo, baso bat ur hotz, sei kilo kafe…).

. Orduak eta datak deklinatuak (hamarrak eta hamarrean, hiru eta erdietan, bostak laurden gutxitan, 15:30ean).

. Frakzioak, ehunekoak, kalkuluko eragiketak.

. Banatzaileak (-na).

. Biderkatzaileak (bakoitz, bikoitz, hirukoitz…).

4. Adjektibo sintagma.

Izenondoak.

. Bera ≠ berdin izenondoak.

. Graduazioa: azentuaren eta bustiduraren bidezkoa (jáaaatorra, xoxoa,

pottoloa…); atzizkien bidezkoa (-xko, -xka, -tzar, -kote…).

. Adjektiboaren leku aldaketak sortutako adierazkortasuna (Gizon bat ederra! Indarra behar da handia!…).

Izenlagunak.

. Zenbatzailea + izenlagun singularra ((e)ko) + izena, adina, prezioa, neurria, pisua kontzeptuak adierazteko (bi urteko umea, bost euroko aldizkaria, hiru kilometroko bidea…).

. Bereizketak egiteko, -ko/-tako bikotea:

Zazpi urteko ardoa (botilan dagoen ardoak zazpi urte ditu).

Zazpi urtetako ardoa (ardoa zazpi urtetan, ez zortzitan bildua izan da).

Zazpi urteetako ardoa (azkeneko zazpi urteetan).

gora

C1 Aditz-sintagma

ADITZA

– Ezaugarri orokorrak:

. Adizki ez jokatuak: adjektiboa (- Ø: egona/-ak); adberbioa: -TA/DA ( egonda, egondako); -(r)IK (egonik); -(e)Z (egonez); -(e)AN (egonean); izena: – Ø + (izan) mugatzailea (etorria, etorri izana).

– Indikatiboko lehenaldia:

. NOR-NORI forma guztietan (nintzaizun, zintzaizkidan…).

– Baldintzazko adizkiak:

. NOR-NORI forma guztietan (banintzaizu, zintzaizkidan…).

– Aginterako adizkiak:

. Zehar-agintera aditz jokatuaz (Lehenbailehen buka nezala eskatu zidan).

– Ahalezko adizkiak:

. NOR-NORK ukan, lehenaldiko alegiazkoa, forma guztiak (zenezakeen, zenezakete, zintzaketedan…).

. NOR-NORI-NORK lehenaldiko alegiazkoa, (niezaioke, geniezazukeen…).

– Subjuntiboa:

. NOR lehenaldia izan: (nendin…).

. NOR-NORK lehenaldia (nezan…).

. NOR-NORI orainaldia (dakigun…).

. NOR-NORI-NORK lehenaldia (ziezaioten…).

– Aspektua:

. Aspektu burutugabea ohi erabiliz (Igandeetan joan ohi naiz).

. Etorkizuna adierazteko esamoldeak: -t(z)ekoa izan (Bihar joatekoa naiz); -t(z)eko eduki (Ikusteko daukat).

. Etorkizuna –kizun adierazpidea erabiliz (Hori ikuskizun da).

– Aditz-izena:

. -tzeraino, tzerainoko (Hiltzeraino estutu zuen; Lehertzeraino barre egin genuen...) .

– Bestelako erabilerak:

. Aditz arazleak: -arazi, eragin aditz laguntzaileen erabilera, sistema guztietan.

. Gerundioa: ezean (zer erantzun ezean geratu zen), batean (negar batean aurkitu nuen), -ki (gazteena izaki), -(e)an (jakinean dago).

ADBERBIO SINTAGMA

– Aditzondoak:

. Denbora-aditzondoak: galdetzaileak (noizdanik, noizdaino…), eta maiztasuna adieraztekoak (zenbatean behin, zenbatetik behin… esaera adberbialak).

. Leku-aditzondoak, esaera adberbialak (hor nonbait, tokian-tokian, nora edo hara…).

. Modu-aditzondoak, esaera adberbialak (arin bai arin, zaharraren zaharrez, herriz herri…).

. Iritzi edo jarrera-aditzondoak (-en aburuz, nonbait, itxura (denez), antza (denez), agidanez, agidanean, -en irudiko… ).

– Posposizioak:

. Deklinabideko kasu-marken bidez sortutakoak (nor, nori, nork, noren eta nongo izan ezik).

. Adizlagun gisa erabiltzen diren IS absolutuak: aldiaren luzera, neurria, pisua edo antzekorik adierazten dutenak.

. Posposizioen bidez sortutakoak (aitzin, antzean, at, barna, barrena, -a(k) barne, bestalde, buru, gibel, goiti, kontu, zehar).

gora

C1 Sintaxia

PERPAUS BAKUNA.

5. Harridura perpausak

      • Erakusleak: leku-aditzondoaren funtzioan (Han gertatu zena!…).

      • izenondoa + “halako” izenlaguna (Harroputza halakoa!…).

    • Ezezkoak:

      • …ez…ba! (Jakingo ez dut, ba!…).

      • Ez… (Ez da izango!…).

      • …ez…-enean! (Burua apurtu ez duenean!…).

    • Errepikaketa: adizki osoa errepikatuta (Esan badut, esan dut!…).

    • Bestelakoak :

      • baldintza (Bazeneki, jakin…).

      • ere (Hori esatea ere!…).

      • Genitiboa (Hura umearen negarra!…).

      • gaitzerdi (Txapa istripua izan da besterik ez. Gaitzerdi!...).

      • -(e)nez (Ongi ari gara, ari garenez! Ikusi dugunez!…).

PERPAUS ELKARTUAK.

Juntaduraz.

1. Emendiozkoak:

    • Emendiozko alborakuntza

      • ez eze..ere (Etxean ez eze, kalean ere horrela portatzen da…).

3. Aurkaritzakoak:

    • Baina (≠ baino) (Joaten utziko dizut, ez duzu merezi baina=joaten utziko dizut, baina ez duzu merezi. Ez dut zugatik egin, amagatik baino=Ez dut zugatik egin, amagatik baizik).

Menderakuntzaz.

1.-Perpaus osagarriak

    • Adierazpen perpaus osagarriak :

      • -(e)nik eta –(e)la bereizi kasu guztietan(Ez du esan ezkondu zela / Ez du esan ezkondu zenik…).

    • Subjuntiboko perpaus osagarriak:

      • aditza subjuntiboan + -en/-ela (Eskatu zioten edozertan lagun ziezadala. Onenak irabaz dezala. Alabari ezer gerta ez zekion bereak eta bi egin zituen…).

    • Perpaus osagarri izenlagunak:

      • -(e)n (Eguzkia Lurraren inguruan zebilen ustea hautsi zuen Kopernikok…).

      • -(e)lakoan, -(e)lako ustean (Kanpoan zinelakoan nengoen. Euskara Afrikatik datorren hipotesia oso zabaldua zegoen…).

2. Perpaus erlatiboak:

    • aditz partizipioa + izena (Amak eman diru guztia gastatu duzu…).

    • “zein” erlatiboak ( Orduan agertu zen gizon bat, zeini beso bat falta zitzaion…).

    • “bait” erlatiboak (Galdetu gizon horri, etxean baita…).

    • Erlatibo motak eta erabilerak:

      • erlatibo murriztagarriak (Goizean zurekin mintzatu den gizona nire lantokian ibili zen…)

      • erlatibo azalpenezkoak (Aspaldi ezagutzen duzun Maddi nire arrebak esango dizu hori…).

      • aposizioan erabilitako erlatiboak (Gizon bat etorri zen, ongi ezagutzen duzuna…).

3. Konparazio perpausak:

    • Enfasia adieraztekoak:

      • baino-z osaturiko esapideak: zein baino zein/nor baino nor… –ago (Nor baino nor aritu ziren pilotariak…).

    • Berdintasuna adieraztekoak

      • adinako (Nesken futbolari ez zaio behar adinako garrantzirik eman…).

      • -t(z)eko lain, beste (Nekatzeko lain egin dugu lan…).

    • Eredu erromanikoz osaturiko konparazio perpausak:

      • nola…hala, zenbat… hainbat (Zenbat aldiz eskatu genion, hainbat aldiz ukatu zigun…).

4. Ondorio perpausak

    • Lokailuekin: (…) hain/hainbeste/hainbesteko + IS/halako + maneran/moldez/gisaz … (ezen/non/zein eta) … (bait-/-n/) (Halako elurtea egin zuen, non elur-makina guztiak ez ziren aski errepideak garbitzeko…). halako moldez (Halako moldez gogaitu ninduen, non modu txarrean moztu behar izan nion erretolika…).

5. Baldintza perpausak:

      • etorkizuneko erreala (Irabaziko badugu, jo eta ke entrenatu behar…).

      • –t(z)era (Jakitera, ez nizun ezer esango…).

      • -t(z)ekotan (Gera zaitezkete, baina isilik egotekotan…).

6. Denbora perpausak

    • Aldiberekotasuna:

      • -tzeaz batera (Ohean sartzeaz batera…).

    • Aurrekotasuna:

      • –t(z)erako(an) (Hitzaldia bukatzerako bagenekien zer erantzun jasoko genuen…).

      • -(e)ne(ra)ko (Agertu zinenerako joanak ziren denak).

    • Ondokotasuna:

      • -takoan (Bazkaria amaitutakoan aterako gara…).

    • Iraupena adieraztekoak:

      • –n artean (Bizi naizen artean…).

    • Denbora erreferentea dutenak:

      • bada/badira … -ela (Badira 5 urte ez dudala hegazkinik hartu).

7. Helburu perpausak:

      • Aditz jokatua subjuntiboan (Denok bakean egon gaitezen egin zuen otoi…).

      • aditz jokatu gabea + -t(z)ekotan/-t(z)eko asmotan. (Iruñera joatekotan, abisatu…).

8. Kausa perpausak:

      • –(e)la bide (Edana zela bide, bikotea hautsi egin zen…).

9. Kontzesio perpausak

      • -ba…ere, -z gero ere, -t(z)ekotan ere, -t(z)ekoz ere, ezik ere (Oso txukun egiten ez baduzu ere, ez kezkatu…).

      • -ta/-ik + ere; partizipioa + gabe ere (Laster joanda ere ordu erdia duzu…).

      • -ena…-ela (Datorrena datorrela…).

    • bestelako esapide kontzesiboak

      • izena + gorabehera (gaizki ulertu batzuk gorabehera, dena ongi joan zen…).

      • izena + -gatik ere (Diruagatik ere ez nuke eginen; Askotan eskatu du, baina horregatik ere ez diote alerik ere eman.)

      • izena + eta guztiz ere ( Elurra eta guztiz ere, kotxea hartu zuen; Debekua eta guztiz ere, lantokian erretzen du).

      • Aditza + -agatik ere ( Lapurra izanagatik ere, emakume jatorra da).

      • -na…-la egitura ( Datorrena datorrela, dakiena dakiela…).

      • iritziak iritzi (Iritziak iritzi, ezin da ukatu berak esandakoa egia dela).

      • salbuespenak salbuespen (Salbuespenak salbuespen, ikasleak langileak eta arduratsuak dira).

10. Moduzko perpausak

      • Galdetzaile batez egindako mendeko perpausak (Prezioak nola doazen, asko edo gutxi erosiko dugu…).

      • Esamoldeak: dagoen dagoenean, ziren zirenean (Lana zegoen zegoenean utzi eta alde egin zuten besterik gabe…).

gora

 C1 Kohesiorako baliabideak

C1 TESTU-MARKATZAILEAK

Testuaren kohesioan sakontzea, eta antolatzaile eta lokailuen erabilera sistematizatzea:

– Antolatzaileak:

. Hasiera: lehen-lehenik, aztertuko dugun gaia, idazki (hitzaldi) honen bidez, idazki (hitzaldi) honen helburua, ezeri ekin baino lehen, …-z hitz egin behar baitut, sarrera gisa esango dugu

. Jarraipena: hari beretik, honen ostean, aitzinera joko dugu, bidenabar esan daiteke, honez gain

. Bukaera: laburbilduz, konklusio gisa, zera esanez amaituko dut, azkenez, honenbestez, hitz gutxitan esateko

. Ordena: ildo beretik, horiek horrela, besteak beste, arestian esan den bezala, gisa berean, batik bat

. Ideia berriak: ez ezik ere, horrez gain, halaber

. Kontrastea: esanak esan, nolanahi ere, aurrekoaren kontrara, datorrena datorrela, hori gorabehera, kontuan izan bestetik

. Beharrizana: derrigorrean, ezinbestean, halabeharrez…

. Denbora: antzina, egun, behiala, aurreko batean, harrezkero, hemendik aitzinera, sasoi horretan

. Adibideak emateko: konparazio baterako, alegia, aipa dezagun, demagun, besteak beste, hau da, kasu, hots, beste hainbaten artean

. Ziurtasuna: nola ez!, ziurrenez, zinez, ezbairik gabe

. Probabilitatea: agidanez, antza, omen, ote, ei, inondik ere, nonbait, onenean (ere), apika, antza denez, baliteke

. Ondorioa: esandakoaren arabera, hau guztia dela eta, funtsean, dela kausa, hau dela bide

. Indartzea: mila bider esana dugun bezala, hori horrela delarik

. Parekidetasuna: halaber, dela … dela, legez, orobat, lain, antzera

. Balorazioa: tamalez, espero dezagun, ez legoke gaizki

– Lokailuak:

. Emendiozkoak: halaber, orobat, bederen, behinik behin

. Hautakariak: osterantzean, ezpabere, gainontzean

. Aurkaritzakoak: bizkitartean, bien bitartean, alta, alabaina, haatik, hargatik, horratik, barren

. Ondoriozkoak: honenbestez, horrenbestez, hainbestez, halatan, hala…

. Kausazkoak: izan ere, zeren, ze

– Erreferentziazko testu-markatzaileen (deiktikoak) erabilera egokia:

. Anafora (aurretik esana dagoenari erreferentzia egiteko) eta katafora (ondotik esan behar denari erreferentzia egiteko):

Anafora: Aurreko azalpen hori asko gustatu zait. (2. graduko erakuslea)

Katafora: Azalpen hau eman zigun: (). (1. graduko erakuslea)

. Anafora bikoitzak: (2. eta 3. graduko erakusleak)

Koldo azaldu zen orduan, eta bera ez zela joango esan zigun. (Koldo=hura).

Koldo azaldu zen orduan, eta hura ez zela joango esan zigun. (Koldo≠hura).

Gaztetan Parisen bizi izan nintzen, baina orain Tuteran bizi naiz.

Han bakar-bakarrik nengoen; hemen, ordea, familia eta lagunak ditut. (han=Parisen, hemen=Tuteran).

. Hainbat markatzaileren balio kataforikoa: hau, hona, zera, behean sinatzen dugunok

Zera esaten du txosten horrek, laburbilduz: (…).

. Bigarren graduko erakusleak (hori, horiek…) aurreko perpaus osoa izan dezake erreferentzia, izenordain modura doanean:

Hala esan diot lagunari. Hori (lagunari hala esan izana) ez da oso lagungarria.

Konforme nago, baina horrek (konforme egoteak) ez du esan nahi…

Begien aurrean dago ikuskizuna, baina saiatu egin behar da hura ikusteko. (ikuskizuna ikusteko)

Begien aurrean dago ikuskizuna, baina saiatu egin behar da hori ikusteko (begien aurrean dagoela ikusteko)

. Hizkuntza-jardueran parte hartzen dutenei buruzko deixiak:

Emakumeok erabaki behako dugu. (Ni emakumea naiz)

Emakumeek erabaki beharko dute. (Ni ez naiz emakumea)

Bihar elkar ikusiko dugu. (nik zu, eta zuk ni)

Bihar elkar ikusiko dute. (haiek)

Bihar elkar ikusiko duzue. (zuk eta hark)

Hemen nago. (solaskidea kontuan hartu gabe)

Hemen nauzu. (solaskideari erreferentzia eginda)

Hemen nagok. (solaskideari erreferentzia eginda)

. Errepikapena, elipsia eta ordezkapen lexikala, erreferentziak egiteko:

Etxeko txakurra albaitariarengana eraman dugu.

Hura asko zaindu behar izaten dugu. (erreferentzia)

Txakurrak asko zaindu behar izaten dira. (errepikapena)

Ø Asko zaindu behar izaten dugu. (elipsia)

Animaliak asko zaindu behar izaten dira. (ordezkapen lexikala)

PUNTUAZIOA

Oro har, maila honetan puntuazioa idatzizko testua antolatzeko baliabide nagusietako bat da. Maila honetako testu konplexuetan baliabide hauek azalduko dira (puntuak, puntu eta komak, komak, parentesiak, marra luzeak, eten puntuak…); adibidez:

Eta esan nion ez pentsatzeko hori (egunero bulegoan ordu pare bat gelditu) egingo nuenik, gogorik ez nuelako -gainera, ez da nire lana-; eta berriz ere horrelakoekin etortzen bazen –beti matraka ematen aritzen zait eta-, ez ninduela konbentzituko; eta etorritako toki beretik itzultzeko, lehenbailehen.

Koma:

. Aditz laguntzailea isilpean dagoenean (Esan, eta egin).

. Zenbait atsotitzetan, bikoiztasuna adierazteko (Kanpoan uso, etxean otso; Eguzkia nora, zapiak hara).

. Komaren erabilera okerren kontrola: komak, sarritan, binaka jarri behar dira, eta ez banaka (aposizioan, lokailuak mugatzeko, azalpenak tartekatzeko…); koma jartzeak, batzuetan, kalte egiten du (subjektuaren eta aditz nagusiaren artean subjektua mintzagai hanpatua ez bada, menpeko perpausaren barnean…).

Puntu eta koma:

. Perpausen arteko hierarkizazioa markatzeko; askotan lokailuak tartean daudela (Ez zaitu ikusi nahi; beraz, ez etorri).

. Testuko osagaiak bereizteko eta antolatzeko (Pipiak jana zuen etxeko egitura osoa; hoditeriak aspaldi emanak zituen eman beharrekoak; lorategi izandakoa sasitza beldurgarri bat baizik ez zen. Ezin zen etxe hartan bizi).

. Zerrendak ematean, baldin eta zerrendatutako elementu bakoitzari ezaugarriak gehitu behar bazaizkio (Honako ordezkari hauek espero ditugu: Olaia Arregi, oraingo zuzendaria; Jontxu Arratibel, lehengo zuzendaria, eta orain aholkulari dena; Maria López, idazkaria, eta bilera gidatuko duena.).

– Komatxoak (edo letra etzana) :

. Herri-hizkerako edo hizkera informaletako hitzen transkripzioa egiteko (“Inkoaldeu?galdetu zion).

. Ironia edo esanahi bikoitza adierazteko (Hauek al dira lan-baldintza duinak?).

. Egunkari, liburu edo aldizkarien aipamen zuzena egiteko (Irakurri al duzu “Sargori” liburua?).

– Marratxoa:

. Neurri-unitateetan deklinabide-atzizkia marratxoarekin lotzeko (12 cm-ko luzera).

. Sigletan, deklinabide-atzizkia marratxorik gabe (EHUk…). Zenbait kasutan, ordea, marratxoa jarri behar (AEK-ko, BBK-k…).

. eta eta edo aurretik (Zure anaia -eta, ikusi ditut plazan; Zuk esan zenuena -edo, errepikatu dit.).

. Anbiguotasuna argitzeko (txakur zaintzailea: zaintzen duen txakurra) eta (txakur-zaintzailea: txakurrak zaintzen dituena).

. Marratxoaren erabilera zaindua hitz elkartuetan. Euskaltzaindiaren araua eta erabilera normalizatua:

HITZ-ORDENA

– Mintzagai hanpatua (mintzagaiaren osagairik garrantzitsuenak), esaldi hasieran, koma baten aurretik; mintzagaiaren gainontzeko elementuak, ordea, esaldiaren bukaeran.

Kepak Mireni oparia erosi dio. Non erosi dio?

Kepak, ALDE ZAHARREAN erosi dio oparia Mireni.

– Iruzkina (informazio berria) hanpatua izan daiteke (galdegaia), edo hanpatu gabea. Iruzkin hanpatua edo galdegaia (informazio berri garrantzitsuena) aditzaren aurrean jartzen da. Iruzkinaren gainontzeko elementuak, hanpatuak ez direnak, ordea, aditzaren atzean jartzen dira:

Aitziberrek egunero kotxea hartzen du.

LANERAKO hartzen du kotxea GARAJETIK.

(Iruzkina hanpatua edo galdegaia: LANERAKO/Iruzkin hanpatu gabea: GARAJETIK).

– Mintzagaia eta galdegaia baliabide gramatikalen bidez nabarmentzea:

Ordena bereziak (Gogoa daukat, ikaragarria!).

Lexikoa baliatuta (Jan? Irentsi egin duzu!).

– Fokalizazio osagarriak, hainbat egitura sintaktiko baliatuta:

. Zerrendatzea (Dei egin dizut eta komunikatzen ari zen, eta pixka batean itxaron dut eta berriz ere deitu behar izan dut…).

. ezta+aditza+ere (Ezta belauniko jarrita eskatuta ere…).

. Galdetzailea+aditza+eta (Nori suertatuko, eta errugabe bakarrari gertatu behar).

. Korrelazioa (Hain da langilea, ze ez daki ezer egin gabe egoten…).

. ere lokailua (Nora doan ere ez daki).

. (…)

BALIABIDE PARALINGUISTIKOAK

Ahozkoan:

Ahotsaren modulazioa, emozio graduak eta esanahi inplizituak adierazteko: tinbrea, tonua, intentsitatea eta bolumena, erritmoa eta etenaldiak, onomatopeiak…

Idatzian:

Mailari dagozkion testu-generoen formatuak kontuan hartzea (ikus 4.2.1.1. Testu-generoak atala): baliabide paratestualak, elementu testual eta paratestualen kokapena, hitz, esaldi eta paragrafoen disposizioa, euskarriak, ohiko ereduak eta txantiloiak… Batez ere testu-genero formalen formatuari erreparatuko zaio (osagarri grafikoak, orriaren diseinua, baliabide ortotipografikoak…): curriculuma, administrazioko hainbat idazki (egitura estandarrak), albisteak (krokisak, leihoak, tartekiak, titularrak…), txostenak…

EGITURA ARGIAK SORTZEKO BALIABIDEAK

– Paragrafoan:

Paragrafo bakoitzak ideia bat garatu behar du (eta ideia horri buruzko xehetasunak, behar balitz).

Informazio garrantzitsuak hasieratik eman; ez bada beste efekturik lortu nahi (sorpresa…)

Gakoak aurretik eman, informazio nagusia gero eman nahi bada.

Egiturak eta hitzak alferrik ez aipatu, edo errepikatu.

Informazio berria zuzenean eman, eta ez zeharbidez.

– Esaldian:

▪ Esaldi oso luzeak moztu.

Atzoko istripuan noiz eta nola gertatu zen jakiteko, eta suhiltzaileak noiz iritsi ziren ikusteko, modu asko egon daitezke, larrialdietako zerbitzuak informazio hori ematen duelako eta prentsan ere agertuko delako, berrien atalean.

Atzoko istripuan noiz eta nola gertatu zen jakiteko, eta suhiltzaileak noiz iritsi ziren ikusteko, modu asko egon daitezke. Batetik, larrialdietako zerbitzuak informazio hori ematen du; eta bestetik, prentsan ere agertuko da, berrien atalean.

▪ Informazio garrantzitsua hasieran jarri. Aditza eta subjektua aurreratu.

Krisitik lehenbailehen ateratzeko ikaragarrizko ahaleginak egin beharko genituzkeela ukatu du gobernuak.

Gobernuak ukatu du krisitik lehenbailehen ateratzeko ikaragarrizko ahaleginak egin beharko genituzkeela..

Ez pilatu deklinabide-kasuak:

Aholkulariak salerosketak eta ordainketak non egin esango digu.

Aholkulariak esango digu salerosketak eta ordainketak non egin.

▪ Erdal gerundioa argi eman, euskarazko baliabideak erabilita.

Telefonoz deituko diogu, non eta noiz gelditu garen *esanez.

Telefonoz deituko diogu, non eta noiz gelditu garen esateko. (kausazkoa)

Ikaragarrizko erauntsia bota zuen, goitik behera busti *ginelarik.

Ikaragarrizko erauntsia bota zuen, eta goitik behera busti ginen. (ondoriozkoa)

▪ Alferrikako erlatiboak saihestu, ahal denean:

Kaleratu berri duten egunkari hori atal batzuk elebiz dituena da.

Kaleratu berri duten egunkari horrek atal batzuk elebiz ditu.

Eman diezaiogun goiz osoa esperoan egon den sindikatuko ordezkari horri hitz egiteko txanda.

Eman diezaiogun hitz egiteko txanda sindikatuko ordezkari horri, goiz osoa esperoan egon da eta.

▪ Sarritan, baiezko esaldiak ezezkoak baino argiagoak dira:

Jaialdian sartzeko sarrerarik erosi ez duten pertsonek ez dute zozketan parte hartzerik izanen.

Jaialdian sartzeko sarrera dutenek bakarrik hartuko dute parte zozketan.

▪ Ezezko esaldietan, ez urrundu gehiegi aditz nagusia eta laguntzailea:

Ez genuke urtero egoten den katramila aurten ikusi nahi.

Ez genuke aurten ikusi nahi urtero gertatzen den katramila.

▪ Nominalizazioa: ez sustantibatu aditza.

Egin duzun azterketaren berrikusketa noiz egin behar den bihar erabakiko dugu.

Bihar erabakiko dugu zure azterketa noiz berrikusi..

▪ Forma pasiboak eta inpertsonalak saihestu:

Auzokideen bileran hainbat puntu onartuak izan ziren atzo.

Atzoko bileran hainbat puntu onartu zituzten auzokideek.

▪ Zerrenda luzerik ez eman, aurretik azaldu gabe:

Atzo aurkezpena egin zuten, eta Igor Etxenike, Julene Solis, Javier Mendia eta Josu Comes izango dira batzordeko ordezkariak.

Atzo batzordea aurkeztu zuten, eta honako hauek izango dira ordezkariak: Igor Etxenike, Julene Solis, Javier Mendia eta Josu Comes.

gora

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude