Gramatika A1

GAITASUN GRAMATIKALA

Gaitasun gramatikala esaten zaio hizkuntza-erabiltzaileek hizkuntza jakin baten baliabide gramatikalak zuzen, egoki eta eraginkor erabiltzeko eta ulertzeko duen gaitasunari. Bestalde, gramatika-baliabideak hizkuntza baten unitate eta printzipio multzo bat dira, unitate horiek nola erabiltzen eta uztartzen diren arautzen duena: lexikoa eta semantika, fonetika, fonologia eta intonazioa, ortografia, morfosintaxia, eta kohesiorako baliabideak.

Atal honetan, euskarazko baliabide gramatikalak mailaz maila zerrendatzen dira, ikaskuntzarako, irakaskuntzarako eta ebaluaziorako mesedegarri izanen delakoan. Dena den, kontuan hartu behar da zerrenda horiek orientabide hutsa direla, eta komunikazio-jarduerak berak agintzen duela zein baliabide landu behar den kasu bakoitzean. Azken finean, testu-generoak berak, eta dagokion makrofuntzioak eta mikrofutzioak ekartzen du baliabide gramatikala, eta ez alderantziz. Beraz, malgutasun handiz jokatzea komeni da.

Dena den, maila bakoitzeko komunikazio-jarduerak eta testu-generoak aztertuta, ikus daiteke badirela hainbat baliabide gramatikal maila jakin baten izaera islatzen dutenak, eta maiz erreferentzialak izaten direnak maila horri dagozkion egokitasuna, aberastasuna eta zuzentasuna islatzeko.

Segidan eduki horien sailkapena ematen da, neurri handi batean edukiak maila batetik bestera errepikatu gabe, erabilera errazteko. Baina ez da ahaztu behar, maila bakoitzean aurreko mailetan emandako eta landutako baliabideak ere kontuan hartu behar direla; hots, lotura bermatu egin behar dela maila batetik hurrengora.

gora

A1 Lexikoa eta semantika

Azaleko harremanetan jarduteko oinarrizko hitz errepertorioa du (norbera, familia, eguraldia, etxea…). Berehalako beharrak asetzeko hitz eta esapide bakartuak erabiltzen ditu, galde-erantzunen egituran (eskatzeko, emateko, galdetzeko, erantzuteko, aurkezteko…). Hasia da kategoria lexikoak bereizten: izen propioak eta arruntak; bizidunak eta bizigabeak; bakunak, eratorriak eta elkartuak.

gora

Fonetika, fonologia eta intonazioa

– Euskal bokalak eta kontsonanteak ezagutu eta ahoskatu.

– Euskal fonema txistukariak: /tz/, /tx/, /ts/, /z/, /s/, /x/.

– Hots eta fonema bokalikoak:

. Diptongoak: /ai/ aizu, /ei/ zein, /oi/ goi, /au/ auzo, /eu/ euri.

. Goranzko diptongoak: /ia/ handia, /ua/ altua, /ue/ zuek.

. Hiatoak: gizonei, ehun…

– Hots eta fonema kontsonantikoak:

. /g/-ren ahoskera (geografia, filologia…).

. /j/-ren ahoskera (joan, erloju…).

. /s/ eta /ts/-ren ahoskera (soinu, lotsa…), /z/ eta /tz/ (aza, hitz…), /x/ eta /tx/ (xaboi, txori…).

. Maileguen egokitzapena: funtzionario, erresistentzia, manifestazioa

– Prozesu fonologikoak:

. Palatalizazioak: /in/> [ñ] baina>[baña], /il/>[ill] mutila>[mutilla].

. /e/-ren galerak dakarren zenbait laburdura (ehun eta bi>[eundabi]; Hau merkea da, eta hori?>[Hau merkea da, ta hori]…).

. /g/-ren galera (egon>[eon], egin>[ein]).

– Fonetika sintagmatikoa eta elipsiak: /r/>[Ø] (Zer ordu da?>[ze ordu da]…).

– Intonazioa.

Euskal intonazioa lantzen hasi. Perpaus bakunaren intonazioa: (kurba melodikoen geziak falta dira adibideetan)

. Enuntziatiboa: Etorri zara.

. Galdera: Etorri zara? Etorri al zara? Nor etorri da?

. Harridura: Etorri da! Hau poza!

. Agindua: Etor zaitez!

A1 Ortografia

– Euskal alfabetoa.

– Txistukariak: ts, tt, ts eta tz

r-ren aurrean bokala mailegu zaharretan (arropa, errege, erloju…).

-nb- eta -np- grafiak (ganbara, denbora, sinpatiko).

– g-/j- grafiak (gero, giro…/jende…).

– Absolutuan deklinatutako orduak nola idatzi (hirurak eta erdi…).

gora

A1 Izen-sintagma

Adjektiboen eta determinatzaileen komunztadura izenarekin eta izenordeekin.

1. Izena.

Izen propioak eta arruntak bereizi (Uharten /uhartean…).

Izen bizigabeen eta bizidunen kontzeptuak bereizi eta ulertu (kalera /emakumearengana…).

Izen bakunak eta eratorriak bereizi (bertso/bertsolari).

Eratorriak. Atzizkiak: -ari (kirolari…), -gailu (garbigailu…), -garren (zortzigarren…), -gile (etxegile…), -ka (korrika…), -le (idazle…), -tegi (barnetegi…), -tzaile (zulatzaile…), -dun (euskaldun…), -kide (jolaskide…), -zale (pilotazale…).

Hitz elkartuak (seme-alabak, anai-arrebak…).

2. Deklinabidea eta galdetzaileak.

Deklinabide singularra eta plurala. Mugagabea izen propioekin eta zenbat

galdetzailearekin.

Izen berezi eta arruntekin, singularrean eta pluralean:

. Absolutua: NOR (Donostia, gizona, haurrak…).

. Ergatiboa: NORK (Mirenek, gizonak, haurrek…).

. Datiboa: NORI (Aneri, gizonari, haurrei…).

. Genitibo edutezkoa: NOREN (Mikelena, gizonaren lana, haurrena…).

Izen berezi eta arruntekin, singularrean:

. Inesiboa: NON/NOIZ (Gasteizen, etxean, igandean…).

. Adlatiboa: NORA (Iruñera, etxera…).

. Ablatiboa: NONDIK/NOIZTIK (Bilbotik, lanetik, gaurtik aurrera…).

. Genitibo leku-denborazkoa: NONGO (Iruñeko, kaleko…).

. Soziatiboa: NOREKIN (Ikerrekin, gizonarekin…).

. Destinatiboa: NORENTZAT/NORENDAKO (Julenentzat, haurrarentzat/haurrarendako…).

. Instrumentala (autoz, oinez…).

. Birdeklinabidea: ZEREZKO (artilezko jertsea…).

Partitiboa (etxerik, gizonik…).

3. Izenordainak.

Galdetzaileen deklinabidea (Zenbat etorri dira? Zeinek esan du? Zer ordu da?…).

– Pertsona-izenordain arruntak (ni, nik, zuri, zure, zurekin, gure…).

– Izenordain zehaztugabeak:

. Ezezkoetan (inor (ez), ezer (ez), deus ez, inon ez, inora (ez), inorekin (ez), inori (ez)).

4. Determinatzaileak: erakusleak eta zenbatzaileak.

– Mugatzaileak.

. Artikulu mugatuak: -a/-ak.

. Artikulu mugagabeak: bat/batzuk.

– Erakusleak (hau, hori, hura; hauek, horiek, haiek; honetan, horretan, hartan; hauetan, horietan, haietan; honek, horrek, hark; honetara, horretara, hartara…).

– Zenbatzaileak.

. Zenbatzaile zehaztuak: kardinalak (0-100; 0-1.000…) eta ordinalak (lehendabizikoa, bigarrena, hogeigarrena…).

. Zenbatzaile zehaztugabeak: batzuk, asko, gutxi, nahikoa, pixka bat, inor, ezer

. Zenbatzaile orokorrak: osoa(k), dena(k), guztia(k).

. Esapide zenbait (aita eta biok, hogei bat, hogei inguru…).

– Data: hilabeteak, urteak.

4. Adjektibo Sintagma.

– Izenondoak.

. Nola eta nolakoa(k) bereizi (Nola dago? Nolakoak dira? Beti alaia da, gaur ez dago alai…).

– Eratorriak: -tsu (euritsu).

. Graduazioa: askea (oso, nahiko…); finkatua (onena…); errepikapenaren bidezkoa (txiki-txikia…) eta atzizkien bidezkoa (txikitxo…).

. Konparazioa (termino bakarrekoa): –ago(a)(k) (zoriontsuagoa…).

– Izenlagunak.

. NOREN eta NONGO (ikus deklinabidea).

– Aposizioa.

. Aposizio murrizgarria (Osaba Iñaki, Lasa andrea...).

gora

A1 Aditz-sintagma

ADITZA

– Ezaugarri orokorrak:

. Aditz trinkoak eta aditz perifrastikoak bereizi (dator, ikasten dut…).

. Aditz iragangaitzak eta iragankorrak NOR eta NOR-NORK aditzak bereizi (sartu da, sartu du…).

– Indikatiboko orainaldia:

. NOR izan (naiz, da…), eta trinkoak egon, joan, ibili, etorri (dago, doa, dabil, dator…).

. NOR-NORK laguntzailea. Trinkoak ukan, eduki, jakin (du, ditu, dauka, daki…).

. NOR-NORI, NOR 3. pertsona ( zait, zaizkit…).

. NOR-NORI-NORK (diot, didazu…).

– Indikatiboko lehenaldia:

. NOR izan (nintzen, zen) eta egon (nengoen,zegoen).

. NOR-NORK ukan (nuen, zuen).

– Aspektua:

. Orainaldi eta lehenaldi burutua (joan naiz, joan nintzen…).

. Orainaldi eta lehenaldi burutugabea, iraunkorra (joaten naiz, joaten nintzen…).

. Gertakizuna (joanen / joango naiz,etorriko naiz…).

. Orainaldiko puntukaria eta trinkoak (ikasten ari naiz, dago, nago…).

– Baldintzazko adizkiak:

. Baldintza erreala (etortzen bada…).

– Aginterako adizkiak:

. Partizipio burutua (Etorri! Segi! Ez margotu zuhaitzak!).

. NOR izan (zaitez, zaitezte) eta trinkoak joan (zoaz, zoazte, zatoz, goazen eta zatozte).

. NOR-NORK ukan (ezazu, itzazu…).

– Ahalera:

. Ahal izan (Azokara joan ahal naiz; Azokara joaten ahal naiz…)

. Ezin izan (Ezin naiz azokara joan….)

– Aditz-lokuzioak:

. Ari izan, bizi izan, nahi izan, balio izan, behar izan, baiezkoan eta ezezkoan (etxera joan behar dut/ez dut etxera joan behar…).

– Aditz izena:

. Iritzia, nahia, araua… adierazteko: –t(z)ea (Komeni da denok erne egotea; Gustatzen zait lasai jatea. Debekatuta dago erretzea).

. Agindua edo debekua: -t(z)eko (Joateko esan diot…). -t(z)era, (Bazkaltzera joango naiz).

. Helburua: -t(z)era (Bazkaltzera joango naiz…).-t(z)eko (Hori lortzeko gogor entrenatu behar duzu…).

. Ekintza: -tzen, jakin, hasi eta ikasi aditzekin (hasi naiz idazten, badakizu kantatzen, ikasiko dugu josten…)

– Bestelako erabilerak:

. Eguraldia (Euria ari du; Elurra ari du; Haizea dabil…).

ADBERBIO SINTAGMA

– Aditzondoak:

. Leku aditzondoak (hemen, hor, han, hona, horra, hara, hemendik, hortik, handik, hemengo, kanpoan, barruan, kanpora, barrura, urrun, hurbil, goian, behean).

. Modu aditzondoak (honela, horrela, gaizki, ondo, ongi, poliki, bakarrik,

poliki-poliki, korrika); -ta atzizkia: nekatuta, lotsatuta…).

. Denbora aditzondoak (gaur, atzo, bihar, etzi, orain, gero, lehen, lehenago, berandu, laster, goiz); -ro atzizkia: urtero, egunero, inoiz…).

. Lokuzioak (gutxi gora behera, duela bost urte…).

. Graduatzaileak (batere, oso…).

. Zenbait adberbio (noski…).

– Posposizioak:

. NOR edo partitiboa eskatzen dutenak: -rik gabe (dirurik gabe).

. NOREN eskatzen dutenak (artean, aurka, aurrean/atzean, aurrera/atzera, barruan / kanpoan, erdian, ezkerrean/eskuinean, gainean/azpian, inguruan, ondoan…).

. NONDIK eskatzen dutenak (etxetik urrun, herritik hurbil/gertu…).

gora

A1 Sintaxia

PERPAUS BAKUNA.

1. Komunztadura baiezkoetan eta ezezkoetan

-NOR eta NORK singularra eta plurala (Nik egin dut /Ni joan naiz…; Sagarrak erosi dituzte…).

-Denbora erreferentzia eta aditz aspektua (Gero joanen da…).

2. Adierazpen perpausak, baiezkoak eta ezezkoak (Berandu da. Ez dut ulertzen…).

3. Galdera perpausak: galde-hitza dutenak eta ez dutenak (Noiz etorri da? Etorri da?…).

4. Aginte perpausak (Itxaron!; Etorri hona!…).

5. Harridura perpausak (Zer ondo!…).

PERPAUS ELKARTUAK.

Juntaduraz.

1. Emendiozkoak:

    • “eta” eta “ere” (Koldo etorri da eta Miren joan da;Koldo etorri da eta Miren ere bai. Nik ez dut ikusi. Nik ere ez…).

2. Hautakariak:

    • edo (Bi edo hiru liburu ekarri ditu; Zinera joan edo etxean geratu; Zer nahiago duzu?…).

    • ala (Zinera joan ala etxean geratu; Zer nahiago duzu?…).

3. Aurkaritzakoak:

    • baina (Euria ari du, baina ez naiz bustiko…).

Menderakuntzaz.

1. Perpaus osagarriak

    • Adierazpen perpaus osagarriak:

      • -(e)la (Pozik dagoela esan du…).

    • Galde perpaus osagarriak:

      • -(e)n (Ez dakit zer ordu den…).

    • Aditz izenaz osaturiko perpausak:

      • Iritzia, nahia, araua…: –t(z)ea (Komeni da denok erne egotea. Gustatzen zait lasai jatea. Debekatuta dago erretzea…).

      • Agindua edo debekua: -t(z)eko (Joateko esan diot…).

2. Perpaus erlatiboak:

    • Erlatiboa erreferente gabe NOR deklinatua (Kalea garbitzen duenA).

3. Konparazio perpausak:

    • Berdintasuna:

      • bezala (Zuk bezala egin dut…).

    • Desberdintasuna:

      • -ago (Mendia nahiago dut. Zer nahiago duzu?…).

      • -ena (Ni txikiena naiz…).

      • gehien / gutxien (Hori gustatzen zait gehien…).

5. Baldintza perpausak:

      • ba, baldin ba (Igandean bada, joango naiz…).

6. Denbora perpausak

    • Aldiberekotasuna:

      • -nean (Etorri naizenean hemen zegoen…).

    • Aurrekotasuna:

      • baino lehen (Patatak egosi baino lehen garbitu egin behar dira…).

      • aurretik, aitzin (Patatak egosi aurretik…).

    • Ondokotasuna:

      • ondoren, eta gero (Patatak egosi ondoren, utzi hozten…).

    • Iraupena adieraztekoak:

      • arte (Txirrina jo arte…).

7. Helburu perpausak:

      • -t(z)era (Bazkaltzera joango naiz…).

      • -t(z)eko (Hori lortzeko gogor entrenatu behar duzu…).

8. Kausa perpausak:

      • horregatik (Horregatik esan dizut…).

      • -(e)lako (Maite zaitudalako…).

      • -eta (Guretzat dira-eta…) .

gora

A1 Kohesiorako baliabideak

TESTU-MARKATZAILEAK

– Antolatzaileak

. Hasiera (bat, bi, lehendabiziko, bigarren…).

. Jarraipena (gero, ondoren, jarraian…).

. Amaiera (azkenean…).

. Adibideak (adibidez…).

. Denbora (lehen, aurretik, ondoren, eta gero, orduan, noizean behin, egunero, batzuetan, askotan, gutxitan, goizean, arratsaldean, heldu den urtean, orain, oraintxe, aspaldian, hilabeteak, asteko egunen izenak, orduak…).

. Espazioa (hemen, hor, goian, behean, ezkerretan, eskuinetan…)

– Lokailuak

. Emendiozkoak: ere, gainera (Herriko plaza handia da. Ederra ere bai/Ederra, gainera).

. Hautakariak: bestela (Zoaz zu, bestela ez dute bukatuko).

. Aurkaritzakoak: baina (Merkea da, baina ez zait gustatzen).

. Ondoriozkoak: bada (Nor etorri da, bada?).

PUNTUAZIOA

– Puntua:

. Esaldi bukaeran (Etxea handia da.).

. Milatik gorako zenbakietan (1.500); urteak, berriz, punturik gabe (2010).

. Zenbaki ordinaletan: (1.; 5., …)

– Koma:

. Enumerazioak eta adibideak ematerakoan (Koloreak gustatzen zaizkit: gorria, berdea, urdina…).

. Zenbakietan, zenbaki osoen zatiak bereizteko (1,25).

. Deiktiko edo bokatiboetan (Egun on, Asun).

– Bi puntuak:

. Gauzak zerrendatzeko edo adibideak emateko (Gaur erosketak egin behar ditut: arraina, ogia, barazkiak…).

. Orduak eta denbora-markak emateko (8:30).

– Eten-puntuak, adibide eta zerrendetan, “eta abar” adierazteko (sagarra, udarea, laranja…).

– Galdera eta harridura-zeinuak, bukaeran bakarrik (Aspaldiko!).

– Marra luzea, elkarrizketaren hasieran (—Zer egingo dugu asteburuan?).

HITZ-ORDENA

Perpauseko sintagmen barruko hitz-ordena:

– Izen-sintagma:

. Izen-sintagmako elementuen kokapena: (det.)+(adjektiboa)+izena+(adjektiboa) +(det.) (sagar gorria; lau mendi handiak…). Izenen aurreko determinatzaileak (lehen emakumea…) eta izenen ondorengo determinatzaileak (txakur bat, sagar erdia…).

. Adjektibo-sintagmako elementuen kokapena: (grad.)+adjektiboa+(grad.)+(art.) (oso beltza, txikitxoa…).

. Aposizio murrizgarria: iz. arrunta+iz. berezia (Osaba Iñaki…) /iz. berezia+iz. arrunta (Lasa andrea…).

– Postposizio-sintagmako osagaien tokia: iz.+kasua+postposizioa+kasua (mahaiaren gainean…).

– Aditz-sintagmako elementuen kokapena

. Ohiko ordena baiezkoetan: ad. nagusia+ad. laguntzailea (ikusi dugu).

. Galderazko perpausetan:

Galdetzailea+aditza (Zergatik etorri zara?).

. Baieztapena:

Aditz perifrastikoetan (Etorri zarete? Bai, etorri gara).

Aditz trinkoetan (Baduzue? Bai, badugu; badator trena…).

. Ezezko perpausetan:

Aditz trinkoekin: (IS)+ez+ad. trinkoa+(IS) (Nik ez dakit ezer).

Aditz laguntzaileekin: (IS)+ez+ad. laguntzailea+ad. nagusia (Jone ez da etorri).

BALIABIDE PARALINGUISTIKOAK

Ahozkoan:

– Askotan, gorputzaren hizkuntza ahozko komunikazioren oinarria izaten da maila honetan: keinuak aurpegiarekin nahiz eskuekin, gorputzaren jarrerak, begirada, gertutasuna/urruntasuna…

– Ahotsa: Intonazioa eta bolumena hainbat esaldi bakunetan (harridura, agindua, galdera…). Eta soinu onomatopeikoak, hitzak eta esaldiak ordezkatzeko (mm, ee, puff…).

Idatzian: askotan baliabide paratestualak idatzizko komunikazioaren oinarri izaten dira:

– Ilustrazioak: argazkiak, marrazkiak…

– Osagarri grafikoak: taulak, diagramak…

– Irudiak: ikurrak, logotipoak, ikonoak, emotikonoak…

– Mailari dagozkion testu-generoen formatuak kontuan hartzea (ikus Testu-generoak atala): baliabide paratestualak, elementu testual eta paratestualen kokapena, hitz, esaldi eta paragrafoen disposizioa, euskarriak, ohiko ereduak eta txantiloiak…

 

gora

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude