B2 maila


Mailaren definizioa

Hizkuntza jarduerak eta estrategiak

Komunikatzeko gaitasunak

Hizkuntza-gaitasunak


HIZKUNTZA-JARDUERAK ETA ESTRATEGIAK

Segidan ematen diren adierazleen bidez, euskara-erabiltzaileei dagozkien hizkuntza-jarduerak era estrategiak zerrendatzen dira, xehatuz erabiltzaile horiek zertarako izan beharko luketen gai mailaz maila. Hortaz, adierazle hauek hainbat eginkizun betetzeko tresna baliagarriak izan daitezke:

Programazioak zehazteko:

– Ikas- eta irakas-prozesuetan helburu-zerrenda gisa erabil daitezke; adibidez, ikastaro bat diseinatzean, ikastaro horretan landu beharreko helburuak zein diren zehazteko.

– Prozesu horretan helburuak lortzen ari diren edo ez neurtzeko, eta bidean helburuak birformulatzen laguntzeko.

Material didaktikoa sortzeko:

– Sekuentzia didaktikoak.

– Ataza didaktikoa.

– Ariketak.

– Testuliburuak.

(…)

Ebaluatzeko eta akreditatzeko:

– Ebaluazio formatiborako eta sumatiborako ere balio dute, ikastaro batean ikasle bat helburuak lortzen ari den edo ez neurtzeko.

– Ikasle edo erabiltzaileek euren buruari helburu zehatzak formulatzeko tresna ere badira. Hartara, nork bere ikas-prozesua gidatu ahal izanen du, mugarriak jarriz eta lorpenak autoebaluatuz.

– Akreditazioetan ere bai, ebakera-nota non dagoen erabakitzen laguntzeko, azterketarien maila zein den zehazten laguntzeko, eta emaitzen berri emateko.

MAILAREN DEFINIZIOA

Gai da ohiko gai eta egoera ezagunei buruzko solasaldiak, jardunak, narrazioak, deskribapenak, instrukzioak eta azalpen laburrak ulertzeko, eta ahoz nahiz idatziz adierazteko. Euskaldun osoekin mintza daiteke, jariotasunez eta naturaltasunez, halako eran non ez duten ahaleginik egin behar ez solaskide batek ez besteak elkar ulertzeko. Gauza da gai zehatzei nahiz abstraktuei buruz diharduten testu konplexuetako ideia nagusiak eta bigarren mailako ideia esplizituak ulertzeko, gizarte mailaren esparruan. Bere espezialitateko testuetan zehaztasunak ere ulertzen ditu.  Testu argiak eta xeheak sor ditzake gai askori buruz, eta gai da, orobat, gai orokorrei buruzko ikuspegi jakin bat aldezteko, aukera bakoitzaren aldeko eta kontrako argudioak emanez. Dena den, zailtasunak izanen ditu ñabardurak jasotzeko eta adierazteko, batez ere gizarte maila orokorrean ohikoak ez dituen gaietan. Hutsuneak izaten ditu zuzentasunean, eta mugak jariotasunean.

B2 AHOZKO ULERMENA

Orokorra: Gai da ohiko gai eta egoera ezagunei buruzko edozein hizketa estandar ongi eta zehatz ulertzeko, bai aurrez aurre, bai komunikabideetan. Bere hurbileko euskalkian eta erdialdeko euskalkietan esandakoen ideia nagusiak ere ulertzen ditu. Euskaraz komunika daiteke, naturaltasunez, halako eran non ez duten ahaleginik egin behar ez solaskide batek ez besteak elkar ulertzeko. Bestalde, gai zehatzei nahiz abstraktuei buruz diharduten hizketa konplexuetako ideia nagusiak eta bigarren mailako esplizituak ere ulertzen ditu. Bere espezialitateaz ari badira, zehaztasunak ere ulertzen ditu. Arazoak izan ditzake egitura zailekin eta esamolde jatorrekin.

1- Gai da abisuak eta jarraibide zehatzak oso ongi ulertzeko, baita eremu teknikoan ere, arloa ezaguna badu: elkarteko, laneko eta bere arloko tresnak, prozedurak, jarraibideak…

2- Gai da deskribapen xeheak oso ongi ulertzeko. Deskribapen psikologikoak ere ongi ulertzeko gauza da: jarrerak, sentipenak eta emozio-graduak, elkarrizketetan, azalpen eta kontaketetan.

3- Gai da pasarteak, gertaerak, pasadizoak, kontaketa historikoak… xeheki ulertzeko, aurrez aurre entzun, nahiz grabazioan entzun.

4- Gai da telebista eta irratietako kontaketa eta azalpen gehienak ongi ulertzeko, gaur egungo gaiez ari direnean: albistegiak, informazio-saioak, filmak, dokumentalak, telesailak, reality showak… Ideia nagusiak ulertzen ditu, eta baita xehetasun asko ere. Traba handia egiten diote, hala ere, egitura nahasiek, esamolde eta egitura ezezagunek…

5- Gai da bere intereseko hitzaldi, diskurtso edo jardunaldietako komunikazioetako kontaketa eta azalpenetan ideia nagusiak ulertzeko (izan gai zehatzak, izan gai abstraktuak, izan zuzenekoak, izan grabatuak), hizketaren erritmoa eta egituraketa egokiak direnean. Egitura nahasiekin, ordea, arazoak izan ditzake.

6- Gai da komunikabideetako elkarrizketak eta eztabaida gehienak ulertzeko. Solaskideen jarrera eta aldarte nagusia zein den ere antzematen du.

7- Gai da zuzenean entzuten dituen elkarrizketa gehienak ongi ulertzeko, hurbileko gaiez ari direnean: kaleko elkarrizketak, seme-alabek lagunekin izaten dituzten solasaldiak, euskaltegiko irakasleen arteko solasaldiak… Ahalegina eskatzen dio, hala ere, eta erne egon behar du. Tarteko xehetasun batzuk gal ditzake.

8- Gai da norbait iritzia ematen ari denean, bere iritzi eta argudioak ongi ulertzeko. Xehetasunak eta arrazoi osagarriak ongi ulertzen ditu, batez ere esplizituak direnean. Hiztunaren jarrera eta aldarte nagusia zein den ere antzematen du: ezustekoa, zoriona, tristura.

9- Gai da zuzeneko eta telebistako eztabaidak ulertzeko, egungo auzi sozial eta politikoez. Parte-hartzaileen aldarteari ere antzematen dio. Arazoak izan ditzake gaia ezezaguna denean, eta solaskideek batera hitz egiten dutenean.

 

 

 

B2 IDATZIZKO ULERMENA

Orokorra: gai da gai zehatzei nahiz abstraktuei buruz diharduten testu konplexuetako ideia nagusiak eta bigarren mailakoak ulertzeko, batez ere esplizituak direnean, betiere gizarte mailaren esparruan. Bere espezialitateko testuetan zehaztasunak ere ulertzen ditu. Hiztegi zabala du, baina zailtasunak izan ditzake ñabardurak antzemateko. Hasia da igorlearen jarrera edo aldartea zein den antzematen, nahiz eta esplizitua ez izan. Testuetako erreferentzia-iturriak era selektiboan irakurtzeko eta ulertzeko gauza da, bere helburuaren arabera.

1- Gai da autolaguntzarako testuak (aldizkari eta egunkarietan) edo liburuak ongi ulertzeko: nola hobetu lan-harremanak, zer egin osasuna hobetzeko…

2- Gai da argibide luze eta konplexuak ulertzeko, betiere atalik zailena berriz irakur badezake. Gai da, beraz, gidaliburuak azkar begiratzeko (esate baterako, ordenagailu-programa batena, edo zerbitzu tekniko batena), eta arazo jakinak konpontzearren, behar diren argibideak aurkitzeko.

3- Gai da pertsonen deskribapen subjektibo xeheak ulertzeko (aldartea, grina, zaputza, itxaropena…), eskutitz eta mezu elektronikoetan, sare sozialetan, literaturan…

4- Gai da testu narratibo literarioak ulertzeko, emoziotik eta subjektibitatetik kontatuak badira (nobela laburra, ipuina, narrazio laburra…). Pertsonaien jokaerak, aldarteak, eta horien ondorioak ulertzen ditu.

5- Gai da prentsako eta Interneteko testu informatiboen edukia eta esanahia azkar harrapatzeko, bere intereseko gaietan: albisteak, erreportajeak, foroak, WEB-orriak, blogak, wikiak… Gai da, baita ere, behin irakurrita, testuok irakurketa sakonagoa merezi duten erabakitzeko.

6- Gai da aldizkari, egunkari, eta Interneteko testu dibulgatiboak ulertzeko, baldin eta hiztegia erabil badezake eta gauzak zuzen interpretatu dituela egiazta badezake: artikuluak, erreportajeak, WEB-orriak, wikiak, blogak… Gauza da testuotan xehetasun esanguratsuak erraz aurkitzeko.

7- Gai da testu formal asko ulertzeko, eta baita administrazioko hainbat inprimaki ere, nahiz eta hainbat xehetasun ez ulertu (jakinarazpenak, erreklamazioak…). Gai da bere espezialitateari buruzko gutun eta txosten laburrak irakurtzeko, eta erraz jabetzen da esanahi orokorraz; xehetasun gehienak ere ulertzen ditu.

8- Gai da gaur egungo auzi sozial eta politikoez iritzi-emaileek dituzten ikuspegiak eta iruzkinak ongi ulertzeko, iritzi-artikuluetan, gutunetan, manifestuetan, foroetan, blogetan… Ongi antzematen ditu aldeko eta kontrako jarrerak, eta horien arrazoiak, batez ere esplizituak direnak.

9- Gai da kultura arloko kritikak ulertzeko: filmak, antzerkiak, liburuak, kontzertuak…

 

B2 ULERMEN ESTRATEGIAK

1- Askotariko estrategiak erabil ditzake ulermenerako, adibidez: adi entzutea, ideia nagusiez jabetzeko; testuinguruko hitz-gakoak erabiliz ulermena egiaztatzea.

 

B2 AHOZKO ELKARRERAGINA

 Orokorra: gai da nahiko jariotasunez, zehaztasunez eta eraginkortasunez komunikatzeko, halako eran non ez duten ahaleginik egin behar ez solaskide batek ez besteak elkar ulertzeko. Bat-bateko komunikazioa erraza egiten zaio, bai ohiko gaietan, bai eta gai konplexuagoetan ere. Zailtasunak izan ditzake, dena den, zuzentasunean eta jariotasunean.

1- Gai da euskaldun osoekin sortzen diren elkarrizketa informaletan parte hartzeko, bizipenak argi adierazteko eta proposamenak egiteko, jariotasunez eta naturaltasunez. Solaskideak tarteka birformulazioetan lagundu behar izaten dio, baina ez da geldiunerik sortzen.

2- Gai da gai orokor eta ezagunetan bere ideiak eta iritziak eztabaidatzeko, argudio-ildoak argi aurkezteko eta besteen argudioak ongi ulertzeko, azalpen, argudio eta iruzkin egokiak eginez: gertaerak, aktualitatea, ohiko eztabaida-gaiak…

3- Gai da bere laneko edo arloko informazio, gertaera eta jarraibide zehatzak norbaitekin trukatzeko, eraginkortasunez.

4- Gai da talde-lanean aritzeko, besteek parte hartzera bultzatuz. Arazoak edo auziak garbi azaltzen ditu, alde onak eta txarrak alderatzen ditu eta ondorioak ateratzen ditu, tentsiorik ez sortzeko moduko argitasunez.

5- Gai da zerbitzuak erreklamatzeko, eta gatazken konponbidea negoziatzeko: zirkulazio-isun bidegabe bat, pisu batean eragindako kalteen ordain ekonomikoa, istripu baten erruduntasun-erantzukizuna… (edo erreklamazio bat egiteko: autoa, lana, ikastaroa…)

 

 

B2 IDATZIZKO ELKARRERAGINA

OROKORRA: Gai da idatzizko kontaketak eta azalpenak trukatzeko, eta bere ikusmoldea ongi adierazteko, besteen ikusmoldearekin lotuz.

1- Gai da lagunartean gutun-trukeak izateko gauzak kontatuz, zorionak emanez, barkamena eskatuz… Emozioak jasotzen eta transmititzen ditu, gertaerek edo esperientziek berarendako duten garrantzia nabarmenduz, gutun, posta elektronikoetan edo sare sozialetan.

2- Gai da gutun eta mezu elektronikoetan, foroetan, sare sozialetan eta blogetan testuak ulertzeko, eta informazio-, azalpen- eta iritzi-truke sarriak izateko, kontu pertsonalez, gizarte mailako kontuez, eta baita bere espezialitateko gaiez edo gai dibulgatiboez. Emozioak eta iritziak antzematen ditu.

3- Gai da zerbitzuei buruzko informazio-trukea erraz egiteko. Gai da produktu bati buruzko informazio osatuagoa eta zehatza eskatzeko, erreklamazio bat egiteko, esate baterako: autoa, lana, ikastaroa…

 

B2 ELKARRERAGIN ESTRATEGIAK

Hitza hartzea:

1- Gai da behar bezala elkarrizketa egiteko, esamolde egokienak erabiliz.

2- Gai da hizketaldia behar bezala hasteko, jarraipena emateko eta amaitzeko, hitz egiteko txanda behar bezala erabiliz.

3- Gai da hizketaldia hasteko, hitzari eusteko eta, hala dagokionean, elkarrizketa amaitzeko, batzuetan oso era dotorean ez bada ere.

4- Gai da esaldi eginak erabiltzeko, denbora irabaztearren eta hitz egiteko txandari eustearren, zer esan formulatzen duen bitartean

Elkarlana:

5- Gai da ekarpenei eta inferentziei jarraipena emateko eta horien aurrean zuzen erreakzionatzeko, elkarrizketaren garapenari laguntzeko moduan.

6- Gai da eguneroko bizitzako gaiei buruzko eztabaiden garapenean laguntzeko, esandakoa ulertzen duela berretsiz, beste solaskide batzuk parte hartzera bultzatuz, etab.

Azalpenak eskatzea:

7- Gai da solaskideak esana ulertzen duela egiaztatzeko galderak egiteko, eta zalantzazko alderdiak azal diezazkioten eskatzeko.

 

B2 AHOZKO ADIERAZPENA

Orokorra: gai da ohiko gai eta egoera ezagunetan solasaldiak, jardunak, narrazioak, deskribapenak, instrukzioak eta azalpenak emateko, testu argiak eta xeheak sortuz. Euskaldun osoekin mintza daiteke bat-batean, jariotasunez eta naturaltasunez, halako eran non ez duten ez solaskide batek ez besteak elkar ulertzeko ahaleginik egin behar. Gai da, baita ere, gai orokorrei buruzko iritzia emateko, aldeko eta kontrako argudioak emanez. Dena den, zailtasunak izan ditzake xehetasunak emateko. Hutsuneak izaten ditu zuzentasunean, eta mugak jariotasunean.

1- Gai da arau eta jarraibide formal xeheak ahoz emateko: elkartekoak, lanekoak, bere arloko prozedurak…

2- Gai da deskribapen argi eta zehatzak egiteko, bere arloko edo laneko gauzen gainean.

3- Gai da jarrerak eta sentipenak ongi adierazteko, bereak edo besteenak, eta emozio-graduak adierazteko.

4- Gai da ohiko berri eta gertaerei buruzko narrazio eta azalpen xeheak eta ongi garatuak egiteko, nahiko jariotasunez eta argitasunez, entzulearengan tentsiorik edo eragozpenik sortu gabe.

5- Gauza da gertaera eta esperientzia jakin batzuek berarendako duten garrantzia nabarmentzeko, eta bere ikuspegia argi adierazten du. Ongi bereizten ditu alderdi esanguratsuak eta lagungarri izan daitezkeen xehetasunak, eta ohar osagarriak eta adibide egokiak ematen ditu.

6- Gai da gai akademiko eta profesional askori buruzko kontaketak eta azalpenak modu eraginkorrean emateko, ideien arteko lotura argi adieraziz.

7- Gai da aldizkari, elkarrizketa edo erreportajeak ahoz laburtzeko, ikuspegiak, argudioak eta eztabaidak islatuz, eta bere ikuspegia gehituz.

8- Gai da, gai orokorretan, iritzi eta argudioak era sistematikoan garatzeko, eta bere ikuspegiari eusteko, alderdi esanguratsuak nabarmenduz, eta argudio osagarriak eta xehetasunak emanez.

9- Gai da, eztabaida edo arazo batean, bere aldartea adierazteko (ezustekoa, zoriona, tristura), argudio-kate arrazoituak osatuz.

B2 IDATZIZKO ADIERAZPENA

Orokorra: gai da gizarteko gai eta egoera ezagunei buruzko jarraibideak, deskribapenak, narrazioak eta azalpenak idazteko, testu argi, xehe eta kohesionatuetan. Gauza da, orobat, gai ezagun bati buruz iritzia emateko, aldeko eta kontrako argudioak emanez.

1- Gai da arauak eta jarraibide xeheak idazteko: elkarteko edo laneko arauak, bere arloko prozedurak…

2- Gai da deskribapen argiak, xeheak, aberatsak eta ongi egituratuak egiteko, narrazio edo azalpen biribil baten testuinguruan.

3- Gai da jarrerak eta sentipenak ongi adierazteko, ongi kohesionatutako esaldien bidez, gutun batean edo mezu elektroniko batean.

4- Gai da gai ezagunen inguruko berriak eta gertaerak xeheki kontatzeko, alderdi esanguratsuak nabarmenduz, denbora erreferentziak oso ongi erabilita, auzoko aldizkariko albiste batean, esate baterako.

5- Badaki kontaketak eta azalpenak egiten alderdi nagusiak nabarmenduz eta esanguratsuak diren xehetasunak emanez, gutun batean, mezu elektroniko batean, foro batean, edo eremu akademikoari lotutako idazlanetan.

6- Gai da testu luzeen laburpenak egiteko, esate baterako, albiste edo erreportaje batena, ideia nagusiak eta xehetasunak ongi bilduta, gaia ezaguna bada.

7- Gai da zerbitzuak eskatzeko, eskertzeko, erreklamazioak egiteko edo datuen zuzenketa eskatzeko gutun formaletan edo idazki administratiboetan. Gai da, orobat, bere laneko ohiko testuak idazteko, eginak dauden eredu estandarretatik abiatuta.

8- Gai da film, liburu edo ikuskizun baten aipamen edo kritika laburrak idazteko, foro batean, blog batean edo auzoko aldizkarian, adibidez.

9- Gai da bere iritzia emateko, alde edo kontra eginez, eta zenbait aukeraren alde onak eta txarrak nabarmenduz, eta argudioekin arrazoibideak indartuz, foro batean, blog batean, edo zuzendariarendako gutun batean, adibidez.

 

B2 ADIERAZPEN ESTRATEGIAK

Planifikazioa:

1- Gai da, entzulearengan izan dezakeen eragina kontuan hartuta, esateko duena antolatzeko, eta horretarako behar dituen baliabideak ere bai.

Konpentsazioa:

2- Gai da, hiztegian eta egituretan dituen hutsuneak bete ahal izateko, itzulinguruak eta parafrasiak erabiltzeko.

Kontrola eta zuzenketa:

3- Gai da akatsek eta hutsegiteek edo gaizki ulertuek sortzen dituzten okerrak zuzentzeko.

4- Gai da akats ohikoenez ohartzeko eta diskurtsoa akats horiek kontzienteki zuzentzeko moduan kontrolatzeko.

 

 

gora

KOMUNIKATZEKO GAITASUNAK

Komunikatzeko gaitasuna gizakiak komunikatzeko duen gaitasun multzoari deritzo, hizkuntza erabilita edo erabili gabe gauzatzen duena. Gaitasun horietako batzuk oso garrantzitsuak dira hizkuntzaren erabileran (soziokulturalak eta estrategikoak, esate baterako). Komunikatzeko gaitasuna berezkoa izan ohi da, baina ikaskuntzaren bidez garatu ahal da.

KOMUNIKATZEKO GAITASUN OROKORRAK

Erabiltzaile eta ikasleek beren aurretiko esperientzian garatutako hainbat gaitasun baliatzen dituzte, munduaren ezagutza, trebetasun eta ezaugarri pertsonalak, egokitzen zaizkien komunikazio-egoerei aurre egiteko atazak eta jarduerak burutu behar dituztenean. Era berean, komunikazio-gertaeretan parte hartzeak (hizkuntzen ikaskuntza sustatzeko bereziki diseinaturiko gertaeretan parte hartzeak, noski) ikaslearen gaitasunen garapena areagotzea dakar.

Lehen aipatutako gaitasun guztiak abian jartzen dira komunikatzeko momentuan; beraz, esaten ahal dugu guztiak direla gaitasun komunikatiboaren osagarriak. Dena dela, beharrezkoa da gaitasun orokorrak (hizkuntzarekin lotura txikiagoa dutenak) eta hizkuntza-gaitasunak bereiztea. Egia da azken hauek izan ohi direla gure “ikasteko edukia”, baina aldi berean ez dugu ahaztu behar gaitasun orokorrak presente daudela ikaskuntza-irakaskuntza prozesuko une guztietan.

Gizakiaren gaitasun guztiek laguntzen dute erabiltzailearen komunikazio-ahalmena nola edo hala indartzen, eta ikuspegi horretatik komunikazio-gaitasunaren osagaitzat har daitezke. Helduek munduaz eta haren funtzionamenduaz duten eredua oso landua eta xehetasunez artikulatua da, eta lotura estua du lehendabiziko hizkuntzako hiztegiarekin eta gramatikarekin. Izan ere, bi alderdiak elkarri lotuta garatu dira. Komunikazioan parte hartzen duten pertsonek barneratuta duten munduaren ereduaren eta hizkuntzaren ereduaren arteko egokitasunaren mende dago komunikazioa. Honenbestez, gogoan izan behar da, besteak beste, Nafarroako biztanleen jatorria gero eta zabalagoa dela, eta gero eta euskara-ikasle etorkin gehiago dagoela. Eta kontuan hartu beharra da bakoitzaren lehendabiziko hizkuntza/k zein den/dire, eta munduaren zein eredutan oinarritzen den/diren.

Munduaren ezagutzak (esperientziatik, hezkuntzatik, informazio-iturrietatik eratorriak, etab.) ondorengoak hartzen ditu bere baitan:

– Lekuak, erakundeak eta organizazioak, pertsonak, objektuak, gertaerak, prozesuak edo esku-hartzeak. Hizkuntza jakin bat ikasten ari den ikaslearendako bereziki garrantzizkoa da hizkuntza hori hitz egiten den herrialdea ezagutzea; adibidez, ezaugarri geografiko nagusiak, ingurumenekoak, demografikoak, ekonomikoak eta politikoak.

– Entitate-klaseak (konkretua eta abstraktua, biziduna eta bizigabea, etab.) eta beren ezaugarriak eta harremanak (espazio-denborazkoak, asoziatiboak, analitikoak, logikoak, kausa-ondoriozkoak, etab.).

Hizkuntza-gaitasuna hizkuntza-komunitate batean modu egoki eta eraginkorrean komunikatzeko eta jarduteko gaitasuna da. Hori lortzeko, ikasleak/hiztunak ezagutza eta trebetasun batzuk eskuratu behar ditu, bai gaitasun gramatikalak (lexikoa, semantikoa, gramatikala, ortografikoa, fonetikoa, etab.), bai hizkuntzaren pragmatikarekin lotuta daudenak, bai komunikazioa gertatzen den testuinguru soziokulturalarekin zerikusia dutenak, bai eta jarduera komunikatibo guztietan abian jartzen diren estrategiak. Ondoko lerroetan gaitasun soziokulturalaz eta estrategikoaz arituko gara; dena den, ez dugu ahaztu behar benetako komunikazio egoeretan gaitasun partzial guztiak aldi berean erabiltzen direla. Horregatik, irakaskuntza eta ikaskuntza prozesuan, osotasun esanguratsu batean integratu beharko dira, trebetasun bakoitzerako proposatu diren helburuak abiaburu hartuta, halatan non ikasleak behar dituen gaitasun guztiak bereganatuko dituen, proposatutako komunikazio jarduera eta eginkizunen bitartez.

GAITASUN SOZIOKULTURALAK

Zentzu estuan, munduaren ezagutzaren alderdi bat da hizkuntza hitz egiten den komunitatearen edo komunitateen kulturaren eta gizartearen ezagutza. Nolanahi ere, ezagutza horrek berebiziko garrantzia du, eta ikasleak arreta handia jarri behar dio. Kulturaren ezaugarri bereizgarriak honako arlo hauekin lotuak izan daitezke:

1. Eguneroko bizitza:

• Jan-edanak, jatorduak, mahaiko ohiturak.

• Jaiegunak.

• Lanorduak eta lan-ohiturak.

• Aisiako jarduerak (zaletasunak, kirolak, irakurketa-ohiturak, hedabideak…).

2. Bizi-baldintzak:

• Bizi-maila (eskualdearen, gizarte-mailaren eta kulturaren araberako

aldaerekin).

• Etxebizitzaren baldintzak.

• Gizarte-laguntzako neurriak eta hitzarmenak.

3. Pertsonarteko harremanak (botere eta elkartasunezkoak barne):

• Gizarte-antolaketa eta gizarteko kideen arteko harremanak.

• Sexuen artekoak.

• Familiaren egitura eta familiartekoak.

• Belaunaldien artekoak.

• Lan-egoeretakoak.

• Agintariekiko, Administrazioarekiko… harremanak.

• Arrazen eta komunitateen artekoak.

• Talde politikoen eta erlijiosoen artekoak.

4. Gizarte-balioak, sinesmenak eta jarrerak, honako eragile hauei buruz:

• Gizarte-maila.

• Talde profesionalak (akademikoak, enpresakoak, zerbitzu publikoetakoak,

langileenak…).

• Aberastasuna (diru-sarrerak eta ondasunak).

• Eskualdeko kulturak.

• Segurtasuna.

• Erakundeak.

• Tradizioa eta gizarte-aldaketa.

• Historia: batez ere, pertsonaia eta gertaera esanguratsuak.

• Gutxiengoak (etnikoak, erlijiosoak eta kulturalak).

• Nazio-identitatea.

• Atzerriko euskal komunitateak, estatuak eta herriak.

• Politika.

• Arteak (ikusizko arteak, literatura, antzerkia, herri-abestiak eta musika…).

• Erlijioak.

• Umorea.

5. Gorputzaren hizkuntza eta jarduera paralinguistikoak:

• Keinuak.

• Aurpegierak.

• Jarrerak.

• Ikusizko kontaktua.

• Gorputz-ukipena.

• Proxemika.

• Onomatopeiak.

• Ezaugarri prosodikoak (ahotsaren tonua, iraupena, bolumena eta

ezaugarriak…).

6. Gizarte-hitzarmenak (adibidez, harrera ona egitea eta jasotzea):

• Puntualtasuna.

• Opariak.

• Jantziak.

• Jan aurrekoak, edariak, janariak.

• Jarrerari eta elkarrizketei buruzko hitzarmenak eta tabuak.

• Bisitaren iraupena.

• Agurra.

7. Portaera erritualak, honako arlo hauetan:

• Erlijio ospakizunak eta jarduerak.

• Jaiotza, ezkontza eta heriotza.

• Jendearen eta ikusleen jarrera agerraldietan eta jendaurreko ospakizunetan.

• Ospakizunak, festak, tabernak, sagardotegiak, dantzak, diskotekak, etab.

GAITASUN ESTRATEGIKOAK

Gaitasun estrategikoa da hizkuntzaren erabiltzaileak duen gaitasuna, komunikazio eraginkorra lortzeko, izan ditzakeen hutsuneak betetzeko, edo egon daitezkeen komunikazio-etenak konpontzeko. Beraz, estrategiak atazak gauzatzeko edo ikasketa prozesuan egoera berriei aurre egiteko erabiltzen diren eragiketa mentalak, mekanismoak, taktikak eta prozedurak dira (hitzezkoak eta hitzik gabekoak). Eta mekanismo horien garapenak komunikazioa errazten du (diskurtsoa kontrolatzea, azalpenak eskatzea, ondorioak ateratzea, barneko esperientzia eta ezagutza berreskuratzea, errepikatzea, zuzentzea, etab.). Hizkuntza-baliabideetan gabeziak izan arren, mekanismo horien garapenak ikasteko prozesua errazten du, eta azkarragoa eta eraginkorragoa egiten du. Era berean, bakoitzak bere ikaskuntza-prozesuaz ohartzeko eta ardura hartzeko bidea irekitzen du.

Estrategien helburua da testuinguruko komunikazio-beharrei erantzutea, eta dagokion ataza ahalik eta era osoenean arrakastaz gauzatzea, ataza horren helburu zehatzaren arabera. Beraz, estrategia ez da izan behar ezintasunaren adierazpen soila, edo gabeziak eta komunikazio kaskarra orekatzeko bidea, besterik gabe. Lehendabiziko hizkuntzan jardutean ere, hiztunek, etengabe, era guztietako komunikazio-estrategiak erabiltzen dituzte, unean uneko komunikazioa hobetzeko. Komunikazio-estrategiak erabiltzea printzipio metakognitiboen baitan dago, eta hizkuntza-jardueren komunikazio-prozesuak ahalbideratzen ditu, planifikazioan, gauzatzean, kontrolean eta moldaketan. Bestalde, hizkuntza batez jabetzeko prozesuan, estrategia garrantzitsuenak komunikatiboak eta ikas-prozesukoak dira.

Hizkuntzaren komunikazio-prozesuak

Hiztun, idazle, entzule edo irakurle izateko, ikasleak ezinbestekoa du hainbat jardueraz osatutako sekuentzia bat gauzatzeko trebetasuna izatea.

• Hitz egiteko, ikasleak gai izan behar du:

– Mezua planeatzeko eta antolatzeko (trebetasun kognitiboak).

– Hizkuntz enuntziatua formulatzeko (trebetasun linguistikoak).

– Enuntziatua ahoskatzeko (trebetasun fonetikoak).

• Idazteko, ikasleak gai izan behar du:

– Mezua antolatzeko eta formulatzeko (trebetasun kognitiboak eta linguistikoak).

– Testua eskuz edo makinaz idazteko (eskuzko trebetasunak) edo, bestela, testua transkribatzeko.

• Entzuteko, ikasleak gai izan behar du:

– Enuntziatua hautemateko (entzutezko trebetasun fonetikoak).

– Mezu linguistikoak identifikatzeko (trebetasun linguistikoak).

– Mezua ulertzeko (trebetasun semantikoak).

– Mezua interpretatzeko (trebetasun kognitiboak).

• Irakurtzeko, ikasleak gai izan behar du:

– Idatzizko testua hautemateko (ikusizko trebetasunak).

– Idazketa ezagutzeko (trebetasun ortografikoak).

– Mezua identifikatzeko (trebetasun linguistikoak).

– Mezua ulertzeko (trebetasun semantikoak).

– Mezua interpretatzeko (trebetasun kognitiboak).

Prozesu horietako urrats batzuk behagarriak eta ulergarriak dira. Beste batzuk, ordea, nerbio-sistema zentralean jasotzen diren gertaerekin zerikusia dutenak esaterako, ez dira hain erraz ulertzen. Prozesu horren urratsak honako hauek izan ohi dira:

PLANIFIKAZIOA

Planifikazioa da komunikazio-ekintzan parte hartzen duten gaitasun orokorrak eta komunikazio-gaitasunak hautatzea, elkarri eragitea, koordinatzea, komunikazio-asmoak betetzeko.

GAUZATZEA

  • Ekoizpena

Ekoizpen-prozesuan bi osagaik parte hartzen dute:

• Formulazioak planifikazioaren emaitza hartu eta hizkuntz molde batean txertatzen du. Prozesu lexikoak, gramatikalak, fonologikoak (eta, idazketari dagokionez, ortografikoak) hartzen ditu bere baitan; prozesu bereizgarriak dira, eta nolabaiteko independentzia dutenak.

• Artikulazioak aho-aparatuaren jarduera antolatzen du, prozesu fonologikoen emaitzak hitzezko organoen mugimendu koordinatu bihurtzeko moduan. Horrela, enuntziatua osatzen duten ahozko uhin-saila eratzen da, edo, bestela, eskuko giharren mugimendua antolatzen da, idatzizko testu bat sortzeko, eskuz edo makinaz.

  • Harrera

Prozesu hartzaileak lau urrats ditu; urrats horiek sekuentzia lineal baten moduan gertatzen dira (behetik gora), baina etengabe eguneratzen eta berrinterpretatzen dira (goitik behera), munduaren ezagutzaren, ikuspegi eskematikoen eta ulermen testual berriaren arabera, elkarreraginean gertatzen den prozesu subkontziente baten bidez.

Honako hauek dira ahozko eta idatzizko ulermen-prozesuaren lau urratsak:

– Soinuak, grafismoak eta hitzak (eskuz idatziak nahiz inprimatuak) ezagutzea.

– Testua identifikatzea, erabat edo zati bat.

– Testua entitate linguistiko gisa ulertzea.

– Mezua testuinguruaren arabera interpretatzea.

Eta honako trebetasun hauek eskatzen ditu:

– Hautemateari dagozkion trebetasunak.

– Oroimena.

– Deskodetzeko trebetasunak.

– Dedukzioa.

– Aurrez ikustea.

– Irudimena.

– Azterketa lasterra (edo diagonaleko irakurketa).

– Aurrekoaren eta ondorengoaren erreferentzia gurutzatuak.

  • Elkarreragina

Ahozko elkarreraginak bere baitan hartzen dituen prozesuak honela bereizten dira ahozko adierazpen-jardueren eta ahozko ulermen-jardueren hurrenkera soiletik:

– Ekoizpen- eta harrera-prozesuak kateatu egiten dira. Solaskidearen enuntziatua prozesatzen ari den bitartean, enuntziatua artean osagabea dela, erabiltzailearen erantzunaren planifikazioa hasten da, enuntziatuaren izaeraren, haren esanahiaren eta haren interpretazioaren gaineko hipotesian oinarrituta.

– Diskurtsoa metatu egiten da. Elkarreragina gertatzen den bitartean, parte-hartzaileek egoera baten irakurketetan bat egiten dute, gauzak aurrez ikusten dituzte eta garrantzizko alderdiei erreparatzen diete. Sortzen diren enuntziatuen forman islatzen dira prozesu horiek.

Idatzizko elkarreraginean (adibidez, gutunak, faxak, posta elektronikoa, etab.), prozesu hartzaileak eta ekoizpen-prozesuak bereiz gertatzen dira (nahiz eta elkarreragin elektronikoa, Interneten bidezkoa, adibidez, gero eta gehiago hurbiltzen ari den “denbora errealeko” elkarreraginera). Metatzen den diskurtsoaren ondorioak ahozko elkarreraginaren ondorioen antzekoak dira.

JARRAIPENA ETA KONTROLA

Osagai estrategikoak esan nahi du komunikazioa gertatzen den bitartean adimen-gaitasunak eta adimen-jarduerak abian direla. Hala gertatzen da bai ekoizpen-prozesuetan, bai hartzaileetan. Nabarmentzekoa da ekoizpen-prozesuen kontrolerako garrantzi handiko eragilea dela etapa bakoitzean (formulazioa, artikulazioa eta akustika) hitz egiten edo idazten duenak jasotzen duen atzeraelikadura.

Zentzu zabalagoan, osagai estrategikoak zerikusia du, komunikazio-prozesua gertatzen den bitartean, prozesu hori kontrolatzearekin eta prozesu hori kontrolatzeko moduekin; adibidez:

– Aurre egitea ezustekoari, adibidez, arlo, gai, eskema eta abarren aldaketa gertatzen denean.

– Aurre egitea elkarreraginean edo ekoizpenean gerta daitezkeen komunikazio-etenei, adibidez:

– Oroimen-hutsuneei.

– Ataza jakin bat gauzatzeko komunikazio-gaitasun ezari (ordezko estrategiak erabiliz; adibidez, berrantolaketa, itzulinguruak, ordezkapena, laguntza eskatzea).

– Ulermen eta interpretazio okerrari (azalpenak eskatuz).

– “Lapsus linguae” edo entzute okerrari (zuzentze-estrategiak erabiliz).

Estrategia komunikatiboak

Estrategia komunikatiboak hizkuntza-ikasleak edo erabiltzaileak hobeki komunikatzeko erabiltzen dituen baliabideak dira, bere hizkuntza-gaitasunen lagungarri edo osagarri:

Zerbait saihesteko edo murrizteko estrategiak:

– Mezua ordezkatu.

– Gaiak saihestu.

-Mezua bertan behera utzi.

Zerbait lortzeko edo konpentsatzeko estrategiak:

– Itzulinguruak (Arropa gordetzeko balio duena, hots, armairua).

– Hurbilketak (arraina, legatzaren ordez).

– Edozertarako balio duten hitzak (traste, gauza, zera).

– Hizkuntzazkoak ez diren bitartekoak (mimika egitea, keinuak egitea, irudiak).

– Berregituratu (Gizon hori oso…[aberatsa da]…gizon horrek diru asko dauka).

– Hitzak asmatu.

– Lehendabiziko hizkuntzaren itzulpen literala.

– Atzerritartu (lehendabiziko hizkuntzaren hitza bigarren hizkuntzaren ahoskerarekin esatea).

– Kodea aldatu, lehendabiziko hizkuntzara edo beste hirugarren hizkuntza batera pasatuz

– Hitza atzeratu (arg…argaz…argazkia).

Zerbait atzeratzeko edo denbora irabazteko estrategiak:

– Betegarriak, zalantzazko trikimailu eta taktikak (Hara, egia esan… Zer esan dut…?).

– Norberak edo besteak esandakoa errepikatu.

Automonitoretzeko estrategiak:

– Norberak esandakoa konpondu (Esan nahi dut…).

– Norberak esandakoa bestela adierazi.

Interakzio-estrategiak:

– Laguntza-eskeak:

Zuzenak (Nola esaten da…?).

Zeharkakoak (Ez dakit euskaraz nola esaten den…).

– Esanahia negoziatzeko estrategiak.

– Ez ulertzean edo gaizki ulertzean:

Eskaerak:

Errepikatzeko eskatu.

Argibideak eskatu.

Baieztatzeko eskatu.

Ez ulertzearen adierazpenak:

Hitzezkoak.

Ez-hitzezkoak.

Ulertutakoaren laburpena.

– Erantzunak:

Berriz esan, beste era batera esan, azalpen luzeagoa eman, murriztu, baieztatu, bertan behera utzi, konpondu…

Begiratu, ea mintzaideak jarraitzen dizun.

Begiratu, ea esan duzuna zuzena edo gramatikala den.

Begiratu, ea mintzaidea kasu egiten ari den.

Begiratu, ea mintzaideak entzuten dizun.

Estrategia paralinguistikoak:

AHOZKOAK:

– Gorputzaren hizkuntza:

– Keinuak (adibidez, ukabil itxia “protesta” adierazteko).

– Aurpegierak (adibidez, irribarre egitea edo bekozko iluna jartzea).

– Seinalatzea, adibidez, hatzarekin, eskuarekin, begiekin, burua makurtuz.

– Jarrerak (adibidez, gorputza astun erortzen uztea, “etsipena” adierazteko, edo aurrerantz makurtuta esertzea “interes bizia” adierazteko).

– Ikusizko kontaktua (adibidez, konplizitatezko keinua edo sinesgarritasuna adierazteko finko so egitea).

– Gorputz-ukipena (adibidez, musu ematea edo eskua ematea).

– Proxemika (adibidez, hurbil edo urrun egotea).

– Onomatopeiak erabili. Soinu (edo silaba) horiek paralinguistikoak dira, hitzarmenezko bihurtu diren esanahiak dituztelako, baina hizkuntzaren sistema fonologikotik kanpo daude; adibidez:

– “ixxx”→isilik egoteko eskatzeko.

– “ummm” →gaitzespena azaltzeko.

– “ag” →nazka adierazteko.

– “aiii” →nahigabea, edo atsekabea adierazteko.

– “baaa” →mespretxua adierazteko.

– Ezaugarri prosodikoak:

– Ahotsaren kalitatea (zakarra, hila, zorrotza, eta abar).

– Tonua (marmartia, negartia, oihukatzailea…).

– Intentsitatea-bolumena (xuxurlatu, marmarrean aritu, garrasi egin…).

– Iraupena eta indarra (Oooso ongi!).

IDATZIZKOAK:

– Ilustrazioak (argazkiak, marrazkiak, etab.).

– Grafikoak, taulak, diagramak, irudiak, etab..

– Ezaugarri tipografikoak (letra tipoak, intentsitatea, espazioa, azpimarra, diseinua, etab.).

Ikas-prozesuko estrategiak

Ikas-prozesuko estrategiak hizkuntza-ikasleak bere ikas-prozesua hobetzeko, errazteko eta indartzeko erabiltzen dituen estrategiak dira:

ZEHARKAKOAK

Estrategia metakognitiboak

Hizkuntzaren ikas-prozesuaren nolakoa ulertu.

Ikaslearen ezaugarriak ezagutu.

Ikaskuntza planifikatu:

Helburuak negoziatu eta erabaki.

Ikasgelan burutuko diren ekintza guztien helburuak ezagutu.

Ekintza horiek burutzeko behar diren edukiak norberak aukeratu.

Lana nork bere kasa antolatzeko gai izan.

Teknika eta eginbide eraginkorrenak ezagutu eta negoziatu.

Ikas-prozesuaren garapena:

Ezagutza berrien eta aurrekoen arteko lotura.

Hizkuntza erabiltzeko aukerak bilatu.

Hizkuntza erabiltzera arriskatu.

Hutsegiteetan jarrera baikorra izan.

Jarrera aktiboa eta ekimena.

Eskuarteko baliabideen aukera eta erabilera eraginkorra: gramatika, hiztegi, irakasleari kontsulta, Internet, etab.

Eskolaz kanpoko beste baliabide batzuk: berezko hiztunak, komunikabideak, bestelako harremanak, etab.

Autokontrola eta autoebaluazioa

Erabakitako helburuena.

Erabilitako teknika eta estrategiena.

Estrategia afektiboak

Norberaren gaitasun eta jarrera baikorretan konfiantza suspertu.

Hutsegiteekiko beldurra uxatu.

Zentzu irrigarria gainditu.

Izpiritu kritikoa garatu.

H2a hitz egiten dutenenganako jarrera baikorra eta errespetuzkoa bultzatu.

Norberak aurrez ezagutzen dituen edo zaleturik dagoen gaiei buruzko testuak –irakurri zein entzutekoak– bilatu.

Eskura dauzkan baliabide linguistikoei ahalik eta etekin handiena atera, eta norberaren mugak gainditu.

Estrategia sozialak

Interesa eta lankidetza bultzatu eta garatu.

Komunikazio-atazak talde-lanean burutu.

Gertaerak elkarrekin behatu eta hipotesiak eratzeko atazak egin.

Aurrez eztabaidatu eta erabakitako helburuak lortzeko elkarrekintza bultzatu.

Beste taldekideen ideia eta sentimenduekiko sentiberatasuna bultzatu.

Jarrera positiboa izan euskaren erabileran eta transmisioan, hainbat arlotan: familian, auzoan, merkataritza-harremanetan, kalean, lanean, hezkuntzan, administrazioan…

ZUZENAK

Oroimen-estrategiak

Adimen-loturak sortu:

Hizkuntz elementuak sailkatu talde semantikoak eginez.

Informazio berriaren eta memorian horri buruz aurretik gordetakoaren arteko lotura esanguratsuak sortuz.

Hitz berriak gogoratu ahal izateko, testuinguruan txertatu.

Irudi eta hotsez baliatu:

Informazio berriaren eta memorian horri buruz gordetakoaren artean loturak sortu irudi edo hots esanguratsuz baliatuz.

Hitz multzo bat gogoratu mapa semantikoak eginez.

Hitz gakoak erabili.

Memorian ahotsak irudikatu.

Berrikusketa egin:

Tarteka-marteka ikasitakoa aztertu eta berrikusketa egokia egin.

Ekintza bideratu:

Erantzun fisikoa eta sentsazioen bidez erantzunez.

Hainbat teknika erabiliz.

Estrategia kognitiboak

Gertaerak behatu eta hipotesiak eratu.

Hipotesiak egiaztatu.

Arrazoibide deduktiboak garatu.

Ulerkuntza induktiboa eta globala lortu.

Behatutako arauak orokortu.

Euskararen berezitasunak norberaren hizkuntzarenekin erkatu.

Norberaren oharrak jaso.

Laburbildumak egin.

Nork bere gramatika propioa eratu eta gero arian-arian berrikusi, aldatu eta zabaldu.

Transferitzeko gai izan.

Gogoan hartzeko teknikak:

Buruan elkarketak sortu (testuetan, esaldietan, talde semantikoetan, errimetan…).

Ikusi eta entzuten denarekin elkarketak egin.

Hainbat teknikaz baliatu: errepasoak maiz egin, zerrendak eta sailkapenak, etab..

Ahoskera eta intonaziorako teknikak:

Jatorrizko hiztunak imitatu.

Testu interesgarriak gogoan hartu –abestiak, poemak, esaldi zailak…– eta maiz errepikatu.

Ahopeka testu horiek abestu, erritmoa eta doinua ikasteko.

Konpentsatzeko estrategiak

Entzun eta irakurtzerakoan predikzioak egin:

Hizkuntza-elementu ezezagun baten aurrean beste hizkuntz elementuak erabiliz.

Gainerako beste elementuak (testuingurua, egoera, egitura testuala…) erabiliz.

Idatzi eta hitz egiterakoan oztopoak gainditu:

Laguntza eskatuz.

Hizkuntzazkoak ez diren bitartekoak (keinuak, mimika…) erabiliz.

Mezua ordezkatuz edo bertan behera utziz.

Mezua berregituratuz.

Hitzak asmatuz.

Itzulinguruak eginez.

gora

HIZKUNTZA-GAITASUNAK

Hizkuntza-gaitasunak hizkuntza-jarduerak gauzatzeko behar-beharrezkoak diren komunikazio-gaitasunak dira, hizkuntzaren erabilerari zuzen-zuzenean lotuta daudenak. Curriculum honetan bi multzotan sailkatu dira: gaitasun pragmatikoak (funtzionala, testuala, eta diskurtsiboa) eta gaitasun gramatikala (lexikoa eta semantika, fonetika-fonologia eta intonazioa, ortografia, morfosintaxia eta kohesioa.

GAITASUN PRAGMATIKOAK

Gaitasun pragmatikoa testua edo diskurtsoa komunikazio-egoerara moldatzeko gaitasuna da: solaskideak, egoera, ingurua, xedea… Horren arabera, hizkuntza-erabiltzaileak diskurtsoaren elementuak eta ezaugarriak aukeratu beharko ditu (kontzeptuak, erregistroa, testu-generoa, ezaugarri linguistikoak…), eta elementu horiek egoki antolatu beharko ditu, betiere komunikazioa bermatzeko.

TESTU-GENEROAK

Testua erabiltzaileek edo ikasleek, ahoz zein idatziz, jasotzen, sortzen edota trukatzen duten diskurtso-sekuentzia da. Testua prozesu bateko gutxieneko komunikazio-unitatea da, autonomoa, egituratua, koherentzia eta kohesioa duena, testuinguru jakin batean eta xede jakin baterako sortua. Komunikazioaren funtsezko oinarria denez, ezin egon daiteke hizkuntza-jarduerarik testurik gabe eta, beraz, jarduerak eta prozesuak antolatzeko eta sailkatzeko abiapuntua izanen da curriculumetan.

Gizarte-bizitzan testuak hainbat xederen arabera sortzen direnez, alde handiak izaten dira testuen forman eta muinean eta, ezaugarri komunak kontuan hartuta, genero eta azpi-generoetan multzokatzen dira. Egin daitezkeen sailkapen guztien artean, osatuenetakoa hauxe dela esan dezakegu: xede komunikatiboa, kanala, erabilera eremuak, gaiak eta baliabide linguistikoak kontuan hartzen dituena. Testu-generoak eta azpigeneroak asko dira; horregatik, hizkuntzak irakasteko eta ebaluatzeko, haietako zenbaitetan jartzen da arreta handiagoa eta benetako hizkuntza-jardueretan maiztasun eta praktikotasun handiena izaten dutenak erabili ohi dira. Hona testu-generoak, mailaz maila antolatuak:

 

B2 maila

▪Elkarrizketa informal eta formalak (ulermena eta elkarreragina, ahoz nahiz idatziz), zuzenean, telefonoz, WEB-kamera bidez, bideo-konexio bitartez…

▪Jendaurreko aurkezpenak (ulermena, ahoz) solasaldiak, kazetari-elkarrizketak, prentsaurrekoak, mahai-inguruak, debateak, komunikatuak, bideokonferentziak… (Adierazpena: aurkezpen laburrak, eta aldez aurretik oso ongi prestatuak).

▪Jarraibide teknikoak eta formalak (ulermena, adierazpena eta elkarreragina, ahoz nahiz idatziz): laneko prozedurak, ordenagailu-programak, zerbitzu teknikoak… (Ulermena: Gidaliburu formalak eta autolaguntzarako liburuak -nola hobetu lan-harremanak, zer egin osasuna hobetzeko…-).

▪Gertaerak, pasadizoak, kontaketa historikoak (ulermena, adierazpena eta elkarreragina, ahoz nahiz idatziz), ohiko gaiez, eta emozio-graduak xeheki adierazten dituztenak.

▪Testu narratibo literarioak (ulermena, ahoz nahiz idatziz), emoziotik eta subjektibitatetik kontatuta: nobelak, ipuin klasiko eta modernoak, narrazio laburrak, poesiak eta bertsoak…

▪Irrati-telebistetako saioak (ulermena, ahoz), gaur egungo gaiez: albistegiak, informazio-saioak, filmak eta telesailak, iragarkiak, dokumentalak, mahai-inguru eta debateak, reality showak…

▪Testu informatibo eta dibulgatiboak (ulermena eta adierazpena, idatziz), prentsan, Interneten eta entziklopedietan: artikuluak, erreportajeak, dokumentalak, foroak, WEB-orriak, Interneteko atariak, sare sozialak, blogak… Kontaketa, deskribapen eta azalpen xehekoak; intereseko gaiez eta norberaren espezialitateaz.

▪Kultura arloko sintesi eta kritika errazak (ulermena eta adierazpena, ahoz nahiz idatziz): filmak, antzerkiak, liburuak, kontzertuak…

▪Laburpenak (ulermena eta adierazpena, ahoz nahiz idatziz): argudioak eta emozioak islatuta: albisteenak, elkarrizketenak, erreportajeenak, debateenak…

▪Iritzi-zutabeak, editorialak, iritzi-artikuluak, adituen hausnarketak (ulermena, ahoz nahiz idatziz), arrazoi-kate errazetakoak.

▪Gutunak, mezu elektronikoak eta sare sozialak (ulermena, adierazpena eta elkarreragina, idatziz), informalak, gertaerek sortzen dituzten emozioak islatzen dituztenak, batez ere; informazioa eman eta eskatzeko, proposatzeko, aferak zehaztasunez adierazteko…

▪Azalpen, kontaketa eta iritziak (ulermena, adierazpena eta elkarreragina, ahoz nahiz idatziz), gutunak, mezu elektronikoak, foroak, sare sozialak, blogak, lagunarteko iritzi-trukeak, iritzi-artikuluak… Batez ere lagunartean, gizarteko kontu sozial eta politikoez, eta dibulgazio mailako eta bere espezialitateko gaiez.

▪Informazio-truke teknikoak eta zehatzak, (ulermena, adierazpena eta elkarreragina, ahoz nahiz idatziz), zerbitzuetan: zirkulazio-isun bidegabeak, ordain ekonomikoak, istripuetako gorabeherak, udalerako kexua…

▪Idazki formal errazak (ulermena, adierazpena eta elkarreragina, idatziz), administraziokoak eta lanekoak, eredu estandarrekoak: jakinarazpenak, erreklamazioak, opor-eskaerak, curriculum vitaeak…

 

gora

 

GAITASUN FUNTZIONALAK

Gaitasun funtzionala norbaitek ahozko nahiz idatzizko testuak helburu jakin batzuetara moldatzeko duen gaitasuna da. Erabiltzaileak, komunikazio-egoera bakoitzean, testu-sekuentzia batzuk sortu eta ulertu beharko ditu, komunikazio-xede batzuen arabera moldatuta, eta horretarako beharrezkoak diren hizkuntza-baliabideak erabilita. Komunikazio-funtzioak asko eta asko izan daitezke, asmoa, igorlea, hartzailea, ingurunea… kontuan hartzen badira. Baina esan daiteke badirela funtzio orokorragoak eta xeheagoak, eta beraz, hemen mikrofuntzioak eta makrofuntzioak bereiziko dira:

a. Makrofuntzioak (testu-sekuentziak)

Testuak oinarrizko testu-sekuentzia multzotan bereizten dira, igorlearen xede edo funtzio komunikatibo nagusia kontuan hartuta. Testu batek duen xede orokor horri esaten zaio “makrofuntzio”, hain zuzen ere. Makrofuntzio jakin bat duten testuek hizkuntza ezaugarri komun batzuk izan ohi dituzte, eta horregatik, testu-multzo horien sekuentzien sailkapen orokorra oso baliagarria da testu bakoitzaren tasunak lantzeko. Hainbat testu-sekuentzia bereiztu izan dira, baina ohikoenak honako hauek dira: elkarrizketa bidezkoak, instrukziozkoak, deskriptiboak, narratiboak, azalpenezkoak eta argudiozkoak. Kontuan izan behar, alabaina, da testuak ez direla beti makrofuntzio bakarrarekin lotzen; aitzitik, gehienetan, oinarrizko testu-sekuentziaz gain, bestelakoak ere erabiltzen dira testu berean. Hau da, narrazioetan deskribapenak tartekatzen dira, argudiozko testuetan azalpenak ematen dira… Hizkuntzen irakaskuntzarako eta ebaluaziorako mesedegarria da testu-sekuentzia orokor horien hizkuntza ezaugarriak ezagutzea:

ELKARRIZKETA TESTUAK

XEDE NAGUSIA: bi solaskideren edo gehiagoren artean hitzezko truke komunikatiboa gauzatzea.

ADIBIDEAK: solasa, eztabaida, debatea, mahai-ingurua, elkarrizketa, inkesta, galdetegia, antzezlana, testa….

EZAUGARRI DISKURTSIBOAK:

▪ Deixi ugari.

▪ Bukatu gabeko edo biribildu gabeko esaldiak.

▪ Esaldi laburrak, eten askorekin.

▪ Dedukzioa eta iradokizuna, maiz.

▪ Keinuek eta intonazioak garrantzi handia dute.

▪ Isilune ugari.

▪ Erritmoak eta bolumenak garrantzia du.

▪ Esapide, esamolde eta interjekzio ugari.

▪ Estrategia komunikatiboek garrantzi handia dute.

▪ Modalizazio ugari.

▪ Gaitasun soziolinguistikoak pisu handia du.

▪ …

INSTRUKZIO TESTUAK

XEDE NAGUSIA: agintzea, jokaera bideratzea edo aholkatzea.

ADIBIDEAK: iragarkia, araua, argibidea, errezeta, iragarpena, legea, aholkua…

EZAUGARRI DISKURTSIBOAK:

▪ 2. pertsona asko erabiltzen da.

▪ Aditz forma errazak. Etorkizuna nagusi.

▪ Agintera maiz erabiltzen da.

▪ Derrigortasuna adierazteko baliabideak (behar izan, nahitaez, ezinbestean…).

▪ Zenbatzaile ugari: ordinalak eta kardinalak.

▪ Denbora eta espazio antolatzaile ugari.

▪ …

DESKRIBAPEN TESTUAK

XEDE NAGUSIA: izakiak, pertsonak, gauzak, lekuak, gertaera edo prozesuak nolakoak diren adieraztea.

ADIBIDEAK: solasaldia, grafikoa, mapa, narrazioetako deskribapenak, olerkia eta

bertsoa, curriculuma, gida turistikoa, definizioak, entziklopedietako deskribapenak…

EZAUGARRI DISKURTSIBOAK:

Deskribapen-diskurtsoan honako elementu hauek dira nagusi, batez ere:

▪ Deskribapen testua normalean bestelako testuen barruko sekuentzia deskriptibo gisa agertzen da, eta lotura estua izaten du beste sekuentzia horiekin.

▪ Deskribapen motak:

– Fisikoa: pertsonak, animaliak, gauzak, tresnak, tokiak, paisaiak…

– Psikologikoa: aldartea, izaera, sentimenduak…

– Prozesuen deskribapena: nola egiten den, nola funtzionatzen duen, nola erabiltzen den…

▪ Esaldi motzak, bakunak gehienbat.

▪ Puntuazio-marka ugari.

▪ Erlatibozko perpaus ugari ( (e)n, –(e)na, -tako, -riko).

▪ Orainaldia da nagusi.

▪ Izenondo eta izenlagun ugari. Adjektibazioaren aberastasuna.

▪ Atzizkiak eta hitz elkartuak modu aberatsean erabiltzen dira.

▪ Dimentsio-adierazleak: goitik behera; zeharkakoa; hirugarren dimentsioa; denboraren dimentsioa. Leku-antolatzaile ugari.

▪ Denborazko antolatzaile ugari: orduak, urtaroak, datak…

▪ …

NARRAZIO TESTUAK

XEDE NAGUSIA: Denbora tarte jakin batean egondako gertaerak eta ekintzak kontatzea.

ADIBIDEAK: eskutitza, mezu elektronikoa, pasadizoa, elkarrizketak, gertaera, ipuina, eleberria, biografia, berria, albistegia, kronika, erreportajea, filma, telesaila, kontakizun historikoa…

EZAUGARRI DISKURTSIBOAK:

Narrazio-diskurtsoan honako elementu hauek dira, batez ere, nagusi:

▪ Narrazioaren elementuak: lekua, denbora, pertsonaiak eta ekintzak.

▪ Diskurtso moduak: estilo zuzena, zehar estiloa eta zehar estilo librea.

▪ Denbora antolatzaileek garrantzi handia dute narrazioaren garapenean: denbora-erreferentzia puntualak, aurrekotasuna adierazteko, aldiberekotasuna adierazteko, gerokotasuna adierazteko eta erritmoa markatzeko.

▪ Deskribapenak garrantzitsuak dira: deskribapen subjektibo eta objektiboak,

adjektibazioak, konparaziok…

▪ Ekoizpen estiloaren garrantzia: pragmatikoa, literarioa, kazetaritzakoa…

▪ Baliabide literarioek garrantzia dute: onomatopeia, aliterazioa, sinonimia, elipsia,

asindetona, polisindetona, anafora, eratorpena, paralelismoa, hiperbatona, konparazioa, metafora, sintesia, hiperbolea, pertsonifikazioa, antitesia edo kontrastea…

▪ Modalizazioa, gertaerak sortzen dituzten emozioak transmititzeko.

▪ Narratzaileak hartzen duen ikuspuntua: narratzaile orojakilea, narratzaile-pertsonaia

eta narratzaile-lekukoa.

▪ …

AZALPEN TESTUAK

XEDE NAGUSIA: gertaerak, prozesuak, fenomenoak edo kontzeptuak ulertaraztea eta informazio objektiboa ematea.

ADIBIDEAK: txostena, testuliburua, laburpena, WEBgunea, eskema, artikulua, erreportajea, eskabidea, eskaintza, instantzia, mezu elektronikoa, bloga, entziklopedia digital librea…

EZAUGARRI DISKURTSIBOAK:

Azalpen-diskurtsoan honako elementu hauek dira, batez ere, nagusi:

▪ Testuan ideiak kateatzeko moduak:

– Kausa-ondorioa

– Arazoa-konponbidea

– Deskribapenezko antolaketa

– Antolaketa sekuentziala

– Antolaketa konparatiboa

▪ Atenporalitatea aditz-formetan: oraina modu generikoan erabilia, ohikotasuna…

▪ Joskera argi eta zehatzak.

▪ Definizio eta birformulazio ugari.

▪ Erlatibozko, kausazko, moduzko eta helburuzko perpaus ugari.

▪ Lexiko doia eta abstraktua: teknizismoak, kontzeptuak…

▪ Antolatzaileak maiz:

-Kausa-ondorioa

– Adibideak txertatzekoak

– Moduzkoak

– Helburuzkoak

▪ Baliabide ez-linguistikoek pisu handia dute: tipografia, grafikoak, eskemak, irudiak…

▪ Gaitasun soziolinguistikoen garrantzia: igorlea nor den kontuan hartzea. Erregistroaren modulazioa.

▪ …

ARGUDIO TESTUAK

XEDE NAGUSIA: iritzia ematea, argudiatzea, eta hartzailea konbentzitzea edo limurtzea.

ADIBIDEAK: eztabaida, debatea, solasaldia, mahai-ingurua, erreklamazioa, txostena, iruzkina, editoriala, iritzi artikulua, zuzendariarendako gutuna, foroa, chata…

EZAUGARRI DISKURTSIBOAK:

Argudio-diskurtsoaren elementu hauek, batez ere, baldintzatzen dituzte testu-generoen ezaugarri diskurtsiboak:

▪ Baliatzen diren argudio motak:

– Autoritate argudioa ( Egunkari horretako zuzendariak esaten duen bezala…).

– Iritzi orokorraren argudioa (Bezero guztiok iritzi bera dugu horretan).

– Zentzumenaren argudioa (Hori egiteko zentzumenari jarraitu besterik ez

dago).

– Adibideen bidezko argudioa (Hor saltzen direnak, adibidez, ez dira

legezkoak).

– Analogiazko argudioa (Arnasa hartzea bezain erraza da hori ulertzea).

– Kontrako argudioa (Esan duzuna egia da, baina ez du balio kasu honetan).

▪ Aditz deklaratzaileak erabiltzen dira (esan, iritzia eman, nabarmendu, azpimarratu, baieztatu, ezeztatu, jakinarazi, zehaztu, ohartarazi, komentatu, onartu, ustea adierazi, ukatu, onartu…).

▪ Mendeko esaldiak: kausalak, helburuzkoak, kontzesiboak, kontsekutiboak,

aurkaritzakoak…

▪ Antolatzaile ugari: arrazoiak gehitzeko, kontrajartzeko, ondorioztatzeko, adibideak

jartzeko…

▪ Jarreren eta intentsitatearen garrantzia (modalizazioa).

▪ Elkarreraginaren garrantzia.

▪ Intonazioaren garrantzia.

▪ …

b. Mikrofuntzioak

Mikrofuntzioa, hizkuntza-erabiltzaileak testuak helburu labur jakin batzuen arabera sekuentziatzeko duen gaitasun pragmatikoa da, batez ere elkarreraginean ari denean betetzen duena. Parte-hartzaileen arteko elkarreraginean, helburu bat edo batzuk lortzeko sortzen den ekimen bakoitzak erantzun bat eragiten du hartzailearengan, eta horrela beste ekimen bat sortzen da, hainbat hizkuntza-forma erabilita. Eta truke horri esker elkarreragina gauzatu egiten da, kate diskurtsibo logiko batean. Hona mikrofuntzio aipagarrienak:

  1. Ezagutza, iritzia, sinesmena eta aierua aditzera ematearekin lotura duten funtzioak edo hizkuntza-jarduerak: baieztatzea; iragartzea; ohar gehigarriak egitea; baietz esatea; egoztea; sailkatzea; gertaera baten egiazkotasuna berrestea; aieruz aritzea; berrestea; deskribatzea; ezeztatzea; bat ez etortzea; adostasuna eta desadostasuna adieraztea; ez jakitea, zalantza, eszeptizismoa eta iritzia bat adieraztea; hipotesiak egitea; zerbait identifikatzea eta nork bere burua identifikatzea; informatzea; eragozpena adieraztea; aurresatea; kontra egitea zuzentzea; ihardestea; suposatzea.

  1. Eskaintzarekin, asmoarekin, borondatearekin eta erabakiarekin lotura duten funtzio edo hizkuntza-jarduerak: bat etortzea; onartzea; baimentzea; zerbait egiteko asmoa edo nahia adieraztea; gonbidatzea; zin egin; zerbait egiteko ezetza ematea; zerbait eskaintzea; laguntza eskaintzea; zerbait egiteko nork bere burua eskaintzea; promes egitea; atzera egitea.

  1. Funtzio edo hizkuntza-jarduera direktiboak, hartzaileak zerbait egitea edo ez egitea helburua dutenak: ohartaraztea; abisatzea; mehatxatzea; animatzea; ahalmena ematea; jarraibideak ematea; baimena ematea; eskatzea ukatzea; gogogabetzea; ez onartzea; norbait zerbait egitetik salbuestea; asmoa kentzea; galdetzea; ikaratzea; agintzea; zerbait (laguntza, berrespena, aholkua, informazioa, jarraibideak, iritzia, baimena edo norbaitek zerbait egin dezala) eskatzea; norbaiti baimena ukatzea; gogatzea; norbaiten edo zerbaiten kontra norbait jakinaren gainean jartzea; debekatzea; proposatzea; erreklamatzea; gomendatzea; norbaiti zerbait gogoraraztea; murriztea; eskaera egitea; iradokitzea; erregutzea.

  1. Gizarte harremana ezarri edo mantentzea eta beste pertsonen gaineko jarrerak adieraztea helburu duten funtzioak edo hizkuntza-jarduerak, fatikoak eta elkartasunezkoak: gonbit bat onartu eta ezetza esatea; eskertzea; arreta erakartzea; errukia izatea; ongi etorria ematea; agur esatea; dolumina adieraztea; zoriontzea; konplimenduak egitea; iraintzea; norbaitez edo zerbaitez interesatzea; gonbidatzea; barkamena eskatzea; nork bere burua edo beste norbait aurkeztea; errefusatzea; agur egitea.

  1. Funtzio edo hizkuntza-jarduera espresiboak, egoera jakin batzuen aurrean jarrerak edo sentimenduak adierazten dituztenak: zerbait leporatzea; mirespena, poza edo zoriontasuna, norbait gogoko izatea eta harenganako sinpatia, onespena eta gaitzespena, konfiantza eta konfiantzarik eza, desengainua, interesik eza eta interesa, arbuioa, nahigabea, mina, zalantza, eszeptizismoa, itxaropena eta itxaropen eza, estimua, asegabetasuna, zerbait gogokoago izatea, etsipena, asebetetzea, ezustea, beldurra edo tristura adieraztea; defendatzea; errugabetzea; damu izatea; aurpegiratzea.

  • 4.2.1.3. DISKURTSO-GAITASUNAK

    Gaitasun diskurtsiboa hizkuntza-erabiltzaileak testu egokiak, koherenteak eta kohesionatuak sortzeko edo interpretatzeko duen gaitasuna da. Beraz, gaitasun diskurtsiboaren ardatza koherentzia soziokulturala, ideien koherentzia, kohesiorako baliabideak eta modalizazioa dira.

    a. Koherentzia soziolinguistikoa

    Hizkuntza gertaera soziala da, eta gizarteko alderdi orok du eragina hizkuntzaren erabileran, eta ekoizten edo jasotzen diren testu edo sekuentzia diskurtsiboetan. Gaitasun soziolinguistikoak hizkuntzaren erabileraren alderdi sozialera egokitzeko behar diren ezagutzak eta gaitasunak hartzen ditu bere baitan: gizarte-harremanen adierazle linguistikoak, adeitasun-arauak, herri-jakintzaren adierazpenak, erregistro-desberdintasunak, euskalkia eta azentua…

    Hizkuntza-erabiltzaileak kontuan hartu beharko ditu hizkuntza-jardueretan eragina duten faktoreak, eta horien arabera bere diskurtsoa moldatu beharko du:

    1- Solaskideak nor diren (igorlea eta hartzailea nor diren, zenbat diren, nolako harremana duten, elkarreraginean ari diren edo ez, zein gaitasun dituzten…).

    2- Komunikazioaren testuingurua zein den: non gertatzen den hizkuntza-jarduera (zein erabilera-eremutan: etxea, lantokia, liburutegia…), ea solaskideak toki berean dauden edo ez…

    3- Komunikazio-unea: noiz gertatzen den hizkuntza-jarduera, ea solaskideak jardunean aldi berean ari diren edo ez …

    4- Komunikazio-kanala: ahozkoa edo idatzia den, zuzenekoa den, aurrez aurrekoa, edo bitartekorik baden (telefonoa, irrati-telebistak, megafonia, WEB-kamera, ordenagailua…)…

    5- Komunikazioaren gaia zein den: ezaguna den edo ez, interesekoa den edo ez, ohikoa den edo teknikoa, zein erabilera-arlotakoa (harremanak, lana…)…

    6- Komunikazio-xedea:

    Bestalde, asmo komunikatiboak ere eragingo du diskurtsoan. Hainbat izan daitezke hizkuntza-jardueren asmoak:

    ▪ Informatzea, hartzaileak ezagutzak edo bestelako informazioren bat jaso dezan.

    ▪ Argibideak ematea, hartzaileak arazoren bat edo gertakizunen bat ulertzeko.

    ▪ Hartzailea zerbaitez konbentzitzea.

    ▪ Solaskideen artean harremanen bat sortzea.

    ▪ Ekintza bat egitera bultzatzea edo jokabidea gidatzea.

    ▪ Hartzailea laketzea, olgatzea edo bere irudimena garatzea.

    ▪ …

    Aldagai horien guztien ondorioz, euskara-erabiltzaileak erregistroa egokitzeko gaitasuna izanen du:

    ERREGISTROA

    Erregistroa igorleak hautatzen duen hizketari esaten zaio. Erregistroa aukeratzeko, komunikazio-egoeraren ezaugarri sozialak hartu behar ditu kontuan: solaskideen arteko harremana, asmoa, gaia, formaltasun-maila… Igorleak, norekin ari den eta zertan ari den kontuan hartuta, bere hizketa egokituko du (neutroa, informala edo lagunartekoa, formala, intimoa eta ofiziala/espezializatua), eta horretarako hainbat hizkuntza-baliabide erabiliko ditu. Beraz, erregistroaren bidez jakingo dugu igorleak zein asmo dituen, hurbiltasuna edo urruntasuna bilatzen duen, gizarte harremanetan non kokatzen den… Erregistroa egokitzeko gaitasuna handitu egiten da hizkuntzaren ezagutza handitzearekin batera.

    Jakina da euskara, beste hizkuntzak bezala, bi modutan ikas daitekeela, nagusiki: ibilbide naturala eginda (lehendabiziko hizkuntza), edo ibilbide akademikoa eginda (eskolan edo euskaltegian ikasita, batez ere). Eta ibilbide bakoitzak oso bilakaera desberdina du, erregistroen garapenari dagokionez.

    Hizkuntza bat ibilbide naturalean garatuz gero, ikasteko prozesua erregistro intimotik hasten da, familiaren magalean. Gero, hazi ahala, eta behar sozialak handitu ahala, erregistro informala edo lagunartekoa garatuko da, eta baita neutroa ere, gizarteko beste esparru batzuetan aritzeko (lagunak, eskola, kalea, auzoa…). Eta erabiltzaile horrek hizkuntzan gehiago sakontzen badu, erregistro ofiziala/espezializatua ere landu dezake, esparru teknikoetan aritzeko beharra badu (ikasketak, administrazioa, lana, arlo espezializatuak…).

    Baina norbaitek euskara ibilbide kulturalean ikaste badu, erregistroak garatzeko modua desberdina izaten da. Normalean, eskolan edo euskaltegian hasieran erregistro neutroa bereganatzen du, batez ere ikas-prozesuaren lehendabiziko urratsetan. Gero, gehiago sakonduta, erregistro formala ere ikasiko du, arlo formaletan aritzeko, eta baita informala edo lagunartekoa ere, kalean eta lagunartean maiz erabiltzen badu. Eta ikas-prozesuan oso aurrera jotzen badu, euskara hizkuntza intimoa ere bihur dezake (familia-hizkuntza bihurtuta, esate baterako), edo baita esparru teknikotan erabiltzekoa ere, erregistro ofiziala/espezializatua garatuta.

    Kontuan hartu behar da, alabaina, ikas-prozesu guztiak ez direla homogeneoak izaten, eta tarteko ibilbideak ere badirela (adibidez, euskara lagunartean eta kalean ikasten hastea, eta gero familia osatzeko garaian familia-hizkuntza izatea). Eta bestalde, erregistroaren erabileran zerikusi handia du norberaren estiloak eta izaerak. Hiztun bat trebeagoa izan daiteke erregistro batean bestean baino, eta erregistro batzuk beste batzuk baino gehiago erabiltzeko joera izan dezake.

    Erregistro-esparru bakoitzak bere hizkuntza-baliabide propioak ditu. Hona hemen nagusiak:

    ERREGISTRO NEUTROA:

    Erregistro neutroa harreman neutroen testuinguruan erabiltzen den erregistroa da: laneko eta eskolako harremanetan, auzoko ezagunekin, merkataritza-harremanetan, komunikabideetan… Hiztunak, ezezagunekin ari denean edo solaskideaz informazio gutxi duenean ere, erregistro neutroa erabiltzeko joera izaten du. Hizkera hau oso hizkera hedatua da euskaraz.

    Hizkera neutroaren ezaugarri nagusia da ez duela hizkera formalak dituen berariazko baliabideak gehiegi erabiltzen, ezta informalak edo lagunartekoak dituenak ere. Horregatik da hizkera neutroa; tartean gelditzen delako, orekan.

    Beraz, ez du, batetik, hizkera informalaren tasun nabaririk izaten:

    ▪ Arrunkeriak, biraoak eta esamolde itsusiak.

    ▪ Esapide idiomatikoak.

    ▪ Hitanoa erabiltzea.

    ▪ Afektibitateak eta emozioek pisu handia hartzea.

    ▪ …

    Eta bestetik, ez du gehiegizko formaltasunik ere izaten:

    ▪ Adeitasunezko formula jasoak.

    ▪ Egitura eta aditz-forma jasoak.

    ▪ Oso ahoskera zaindua.

    ▪ Hiztegi teknikoa.

    ▪ …

    Dena den, hizkera formalaren hainbat ezaugarri izan ohi ditu:

    ▪ Egitura argiak baliatzen dira, gehienbat. Elipsi, digresio eta errepikapenak zaintzen dira.

    ▪ Eratorpena eta hitz elkarketa asko erabiltzen da kontzeptuak eta ideiak garatzeko.

    ▪ Lexiko eta kontzeptu zehatz samarrak, betelan handiegirik gabe.

    ▪ Hizkera ez xenofoboa edo ez-sexistak garrantzi handia du.

    ▪ Adeitasun-arau estandarrek garrantzia dute.

    ▪ Akats gramatikalik ez egiteak badu garrantzirik.

    ▪ …

    ERREGISTRO INFORMALA EDO LAGUNARTEKOA:

    Erregistro informala konfiantzazko testuinguruetan erabiltzen da: oso giro ezagunak, lagunak, familia, konfiantzazko auzokideak, lantokiko edo ikastetxeko lagunak, txikitako koadrila…

    Hizkera ez-formalaren ezaugarri diskurtsiboak, honako hauek dira:

    ▪ Hizketa azkarra; ahozkotasunari lotutako ahoskerak: bustidura (langile/[langille]),

    kontsonanteen erorketa (puska bat/[puskat]), bokalen alternantzia (dut/det), fonetismo bokalikoak ([geyo]), aditz forma laburtuak (joan behar dugu/[fanbidu])…

    ▪ Bat-bateko testu-sekuentziak: joskera sinplea, parafrasiak, etenak, errepikapen ugari, digresioak maiz (haritik joatea, alegia)…

    ▪ Arrunkeriak: esapide zabarrak (kaka zaharra!, idiarena jo, txahala egin…).

    ▪ Biraoak (Mari purtzila, astazakila, sasikumea, zoaz zakurraren ipurtzulora…).

    ▪ Piropoak (Zuk zer duzun?; Beste inork ez duena!; Horrelako azala baduzu, nolakoa ote da mamia?).

    ▪ Hitz makulu edo esapide betegarri ugari (zeratu, bada, horrela, izan ere…).

    ▪ Elipsiak: aditz laguntzailearena, lokailuena, esaldi zatiena…

    ▪ Onomatopeia ugari ( zarta-zarta, plausta, dinbi-danba…).

    ▪ Lokuzioak eta adierazpide idiomatikoak -gazte hizkera, sare sozial digitaletako hizkera…- (mutil katxarroa; Hau pitokeria, hau!; atxurra harrapatu…).

    ▪ Zuzentasun gramatikalaren garrantzia lausotu egiten da, komunikagarritasunak hartzen baitu garrantzi guztia.

    ▪ Hitanoa erabiltzea.

    ▪ Euskalkia erabiltzea, eta tokian tokiko hitz eta lokuzio tradizionalak erabiltzea (Auzomotojorik hago!; Horrek ez dik zimurrik mingainean!; Nekaporraturik zagok!).

    ▪ Kalko eta maileguen erabilera (pixka bat, eske, zentzu horretan, gure aldetik…).

    ▪ Kontzeptuen lausotasuna eta zehaztasun falta (adibidez, Ez naiz garaiz etorri lana bukatu behar nuelako adierazteko: Zera hori egin behar eta, badakizu…).

    ▪ Intonazioaren, erritmoaren eta bolumenaren garrantzia.

    ▪ Keinuen garrantzia.

    ▪ Sentimenduak eta emozioak adierazteko baliabideak: adjektibazio aberatsa, harridurazko esaldiak, adierazkortasuna handitzeko baliabideak (konparazioak, hiperbole edo exagerazioak, anaforak, metaforak, antitesiak…)…

    ▪ Ironiak eta zentzu bikoitzak (gaizki gaudela esateko, Ederki gaude horrela!; inporta ez zaidala esateko, Ene! Gaur ez dut begirik bilduko kezka horrekin!).

    ▪ …

    ERREGISTRO FORMALA

    Formaltasun-maila handia behar duten testuinguruetan erabiltzen da erregistro formala: instituzioekiko harremanak, lan-harremanak, arlo akademikoa, merkataritza-harremanak, komunikabideak…

    Hizkera jasoak dituen ezaugarri diskurtsiboak dira nagusi:

    ▪ Testuen egitura antolatuak eta argiak: aldez aurretik prestatutakoak edo gidoi bati jarraitzen diotenak; ideiak koherentziaz azaltzen dituztenak; ongi kohesionatuak (beraz, ordea, adibidez, nahiz eta…); egitura sintaktiko jasoak: mendeko perpaus ugari, zehar-estiloa maiz…

    ▪ Zuzentasun gramatikalaren garrantzia: ergatiboa, aditz-komunztadura, hitz-ordena, ortografia, puntuazioa, Euskaltzaindiaren arauak…

    ▪ Aditz forma jasoak ( gerta ez dakigun, hala bedi, datza…).

    ▪ Ahoskera zaindua (EBAZ): txistukariak; bokalen ahoskera; aditz ahoskera estandarra; –a– itsatsia; g/j (geologia, ginekologoa…); p/b (bake/ *pake); p/f (nafar/ *napar)…

    ▪ Hitz-elkarketaren erabilera aberatsa: izena + izena (alfabetatze-ikastaro…);

    aditzoina + izena (salneurri…); izena + izenondoa (hankamotz…); aditzoina + izenondoa (ulergaitz…); izena + aditza (gainbegiratu…).

    ▪ Eratorpenaren erabilera aberatsa: aurrizkiak: bir-, des-…; atzizkiak: abstraktuak (-tza, -pen, -tasun…), aniztasunekoak ( –kada, -tza…), materialak (-ki, -kin…), joerazkoak

    (-bera, -koi, -kor…)

    ▪ Lexiko eta kontzeptu zehatzak, eufemismorik gabeak: zergak (ez fiskalitatea); langabe geratzea (ez lanpostuen amortizazioa)…

    ▪ Hizkera ez-xenofoboa edo ez-sexista: gizakia (eta ez gizona), seme-alabak (eta ez semeak); antropologoa (eta ez antropologo); herrialde txiroak (ez hirugarren mundua)…

    ▪ Adeitasun-arau estandarren garrantzia (Jaun hori/Andre hori; esker mila igortzeagatik; har ezazu nire zorionik beroena; zorionbide izan dadila…).

    ▪ Sentipenak eta emozioak lausotzea: Gure atsekabea agertu nahiko genuke (eta ez Nazka-nazka eginda gaude); Erantzutea ahaztu zaizulakoan nago (eta ez Badakit ez duzula erantzun nahi)…

    ERREGISTRO INTIMOA:

    Erregistro intimoa hurbiltasun emozional handiko pertsona bakan batzuekin erabiltzen da: gurasoak, anai-arrebak, seme-alabak, amodio-kontuak…

    Hizkera intimoan afektibitatea eta emozioa transmititzeko baliabide diskurtsiboak dira nagusi. Berez, erregistro intimoan hizkera informalaren baliabide asko erabiltzen da, baina baditu berezko ezaugarriak ere:

    ▪ Baliabide paralinguistikoen garrantzia: begiradak, keinuak, kontaktu fisikoa…

    ▪ Intonazioaren modulazio intimoak garrantzi handia du.

    ▪ Onomatopeia afektiboak ( xuxurla, firin-faran, ixil-mixil, zimiko…).

    ▪ Ahoskera afektiboak: hipokoristikoak (gixon, pollita, ttottela, mutturxikin…); atzizki txikigarriak: -ño (txoriño), -txo (gauzatxo), -xka (gorrixka)

    ▪ Isiluneen eta etenen garrantzia.

    ▪ Izen eta adjektiboen erabilera afektiboa (bihotzeko koxkorra, patxua, apapa joan, laztan kuttuna…).

    ▪ …

    ERREGISTRO OFIZIALA/ESPEZIALIZATUA

    Teknikoki hizkera berezia behar duten arloetan erabiltzen da erregistro espezializatua: lan-esparru teknikoak, arlo ofiziala, zerbitzu teknikoak, gai espezializatuak, goi mailako arlo akademikoa…

    Hizkera formalaren ohiko ezaugarriez gain, hizkera teknikoak dituen ezaugarri diskurtsiboak izaten dira nagusi erregistro honeta:

    ▪ Eredu estandarretan oinarritutako testu eta inprimakiak: isuna, ofizioa, kontratua, bilera-akta, curriculum vitaea, ziurtagiria…

    ▪ Lexiko aberatsa eta zehatza (ebazpena; pertsona fisikoen errentaren gaineko zerga; hotzeko prentsaketa; haizagailua…).

    ▪ Mailegu tekniko ugari (CD-ROMa; obozelula; hardware-a; metabolismoa…).

    ▪ Adierazpide formalak, eta berariazko hizkuntza-formulak (Atsegin handiz hartu dugu zuen gonbita; Agur t´erdi; Harremanetan jarraituko dugulakoan, jaso ezazu nire agurrik beroena…).

    ▪ Oso ahoskera zaindua (EBAZ).

    ▪ …

    GAITASUN SOZIOLINGUISTKOA, MAILAZ MAILA:

    B2 maila

    Erregistro formala nahiz informala bereizten ditu, ulermen mailan, nahiz eta tarteka xehetasunak galtzen dituen. Bere espezialitateko testuak eta hainbat testu ofizial ere ulertzen ditu, eta erregistro intimoaz ere jabetzen hasia da.

    Gai da ziur, argi eta adeitasunez jarduteko, solaskideari eta egoerari egokituta. Hasia da bere ekoizpenean ere erregistro formalean eta informalean jarduten, nahiz eta erregistro neutrorako joera handia duen, oraindik ere.

    b. Ideien koherentzia

    Koherentzia testuaren edo diskurtso-sekuentziaren ezaugarrietako bat da. Koherentzia egoteko, testuko ideiek eta kontzeptuek ongi egituratuta egon behar dute; ordenatuta, alegia. Ideiek kateaketa logiko bat izan behar dute, eta pertinenteak diren kontzeptuak baliatu behar dira, eta pertinenteak ez direnak bazterrean utzi.

    Hori guztia lantzeko honako oinarri hauek daude:

    1- Ideien antolaketa:

    ▪ Gai eta tesia, ideia nagusiak eta bigarren mailako ideiak ongi bereiztea.

    ▪ Informazioaren kantitatea (adibideak, arrazoiak, informazioa osagarria…) eta kalitatea (kontzeptu pertinenteak, informazio egokia…) ongi neurtzea.

    2- Paragrafoen antolaketa: idatzizko komunikazioan testuaren progresio logikoan garrantzi handiko unitatea paragrafoa da. Izan ere, paragrafo bakoitzak ideia nagusi bat biltzen baitu, eta ideia horrek markatzen du barruko esaldien kohesioa.

    3- Esaldien arteko aurrerabide tematikoa: tema/rema:

    Testuetan beharrezko informazioak daude, batetik, eta bigarren mailakoak, bestetik. Eta informazio hori testuan galdegaia-mintzagaia legearen arabera garatzen da, informazio ezaguna/ezezaguna, berria/aurretik esana; nabarmentzekoa/bigarren mailakoa uztartuz eta harilkatuz, esaldi batetik bestera. Horrek ondorioak ditu esaldien hitz-ordenan, eta esaldien arteko loturetan.

     

  • c. Kohesiorako baliabideak

    Kohesioa esaten zaio testuko elementuak elkarrekin lotzen dituen lotura-baliabideen multzoari: hitzak, sintagmak, perpausak, paragrafoak… Nolabait esateko, koherentzia ideien loturari dagokio; eta kohesioa, berriz, hizkuntza-baliabideak erabilita sortzen den kateatze formalari.

    Kohesio-baliabideak bi mailatakoak izan daitezke: perpaus-mailakoak eta testu-mailakoak. (ikus mailaz maila sailkatuta, 4.2.2 Gaitasun gramatikalak atalean):

    1- Perpaus-mailako kohesio-prozedurak:

    Perpaus barruko hitz eta sintagmak lotzeko baliabideak:

    ▪ Deklinabide-kasuak.

    ▪ Postposizioak (atze, aurrez, barru, bitarte, buruz…).

    ▪ Juntagailuak: emendiozkoak (eta…), hautakariak (edo…) eta aurkaritzakoak (baizik…)

    ▪ Menderagailuak:

    – Perpaus osagarriak: konpletiboak; zehar-galderak; subjuntibozko perpausak…

    – Erlatibozko perpausak.

    – Esaldi adberbialak osatzen dituzten perpausak: denborazkoak; moduzkoak; konparaziozkoak; helburuzkoak; kausazkoak; baldintzazkoak; kontzesiozkoak; ondoriozkoak.

    2- Testu-mailako kohesio-elementuak:

    Perpausaren gainetik, testuko pasarteak eta elementuak lotu eta estekatzeko dauden bitartekoak:

    ▪ Erreferentziazkoak (deiktikoak). Anafora (aurretik esana dagoenari erreferentzia egiteko). Katafora (gero esan behar denari erreferentzia egiteko):

    • Izenordainak (zuek, neronek, haren/bere/beraren, haien/beraien/euren, geure burua, elkar, deus ez, zera, zeinenek…).

    • Determinatzaileak (haurra, emakumeok, hau, horixe, bat/batzuk, asko, denak/denok, laurak, aita eta biok, geure burua, elkar…).

    • Aditzondoak (hemen, hortxe, bertan, hona/horra, horrela/honela, gaur, edonon…).

    • Ordezkapen lexikala: sinonimia (lapurtu/ostu), hiperonimia (lilia>lorea), hiponimia (eguna>asteartea) eta perifrasia (lehoia>oihaneko erregea).

    • Hitz errepikapena (Ez dago siesta egitea bezain gauza onuragarriagorik. Siesta egunero egin beharko genuke).

    • Elipsia (Arraina erosi dugu. Ø Gero prestatuko dugu).

    • Aditza (da, dugu, diogu, zaio…).

    ▪ Konexiozkoak:

    • Antolatzaileak: hasiera emateko, jarraipena, bukaera, ordena, arrazoiak, aipamenak, indartzeko, hierarkizazioa, denbora, lekutasuna, ideia berriak txertatzeko, adibideak emateko, parekidetasuna, kontrastea, onarpena, ziurtasuna, beharrizana, balorazioa eta ondorioa adierazteko.

    • Lokailuak: emendiozkoak, hautakariak, aurkaritzakoak, ondoriozkoak eta kausazkoak.

    • Puntuazio-markak: puntua; koma; puntu eta koma; bi puntuak; eten-puntuak; galdera -eta harridura-markak; parentesia; marra luzea; komatxoak edo aipu-markak; marratxoa; apostrofoa; zehar-marra.

    • Gorputzarenak baliabide paralinguistikoak (keinuak, jarrerak…), eta idatzizkoak (irudiak, grafikoak, ortotipografia…).

    • Intonazioa, erritmoa, bolumena eta intentsitatea.

     

     

     

     


    gora

    d. Modalizazioa

    Modalizatzaile esaten zaie igorleak hitz egiten edo idazten duenean hartzen duen jarrera eta inplikazioa islatzeko erabiltzen dituen hizkuntza-baliabideei. Modalizatzaileen bidez hiztunak bere iritzi edo jarrerei intentsitate desberdina ematen die. Gertaera baten aurrean duen aldarteari edo egiten dituen balorazioei neurri jakin bat ematen dio, betiere duen xede komunikatiboaren arabera.

    Hona adibide batzuk, hainbat modutan modalizatuta:

    Igandean ekarriko dut, ziur. (ziurtasuna)

    Agian igandean ekarriko dut. (zalantza)

    ——-

    Ez nator bat zurekin. (baieztapena)

    Esan duzun hori gezurra galanta da. (balorazioa)

    ——-

    Eskertuko nuke egia esango bazenit. (proposamena)

    Egia esan behar didazu, nahi edo ez nahi. (derrigortasuna)

    ——-

    Atzo istripu bat egon zen. (neutraltasuna)

    Atzo istripu lazgarri bat egon zen. (balorazioa)

    ——-

    Nahi badut, egin dezaket. (ziurtasuna)

    Nahi izanen banu, egin nezake. (hipotesia)

    Modalizatzaileak hainbat kategoriatakoak izaten dira. Neurria edo gradua emateko balio duen edozein hizkuntza-baliabide erabil daiteke modalizatzaile moduan (kontzeptu batzuk indartzeko, eta beste batzuk lausotzeko):

    ▪ Aditzondoak (oso, ozta-ozta, agian, beharbada, nonbait…).

    ▪ Postposizioak (zikina dago/zikin antza dago…).

    ▪ Atxizkiak (gehiegi/gehiegixko).

    ▪ Adizkiak: ahalera (eginen dut/egin dezaket…); hipotetikoa (ongi dago/ez legoke gaizki…); baldintza: (ikusiko duzu/ikusiko nuke…); agintera (egin, mesedez/egin ezazu!…).

    ▪ Lokailuak (ez ezik…ere; nolanahi ere; aitzitik…).

    ▪ Modismoak (Zur eta lur nago; Aho bete hortz gelditu zen…).

    ▪ Adjektiboak (polita/ederra/liluragarria…).

    ▪ Aditzak (poztu, harritu, uste izan, iritzi, onartu, ukatu…).

    ▪ Deiktikoak (diote/denek esaten dute/denok esaten dugu; horrela hobe dela uste da/nik uste dut horrela hobe dela; Iragarki batean: zapatak konpontzen dira/zapatak konpontzen ditugu).

    ▪ Baliabide semantikoak: ironia, exagerazioa, zentzu bikoitzak, metaforak, biraoak, piropoak, hitz leunak/hitz gogorrak…

    ▪ Egitura adierazgarriak:

    – Erakusleak indargarri (Hau zoriona!).

    Bai ..-(e)la egitura (Bai polita dela!).

    Ze(r)/zein/zelako/nolako egiturak (Nolako egia esan duen!).

    – Atributua izenaren aurretik (Ederra astakeria! Polita esandakoa!).

    – –(r) en + izenondoa (Hori liburuaren polita!).

    Eskerrak… –(e)n (Eskerrak egia esan duen!).

    – Kontsekutiboak (Esan dizut ez naizela etorriko ez gaur, ez bihar, ez etzi.).

    – Omisioa (Zera esatea ere!).

    – Baieztapen eta ezeztapen indargarriak (Baietz!; Ezetz!; Esan dizudala!).

    – Konparazioak (Leize-zuloa baino ilunagoa da.).

    – Baldintza etenak (Zer gertatu den jakingo balu!).

    – Harridurazko galderak (Nola?!).

    – Errepikapena (jakina, jakina; Hau da hau!).

    – Aditz inpertsonalak (Gehiago ikasi beharko zenuke Gehiago ikasi beharra dago.).

    – Baiezkoa leungarri (Ez naiz zurekin joango Beste batean izan beharko du.).

    – Ezeztapen indargarriak (Esan ez du ba berak ez duela etorri nahi!; Ezta hurrik eman ere!; Baita zere ere!; Inondik ere!; Inolaz ere…).

    – Baieztapen indargarriak (bai horixe; esan gabe doa; nola ez ba…).

    ▪ Azentua eta ahoskera indargarriak:

    -Azentua: neutroa: [emákumeà]; adierazkorra: [émakumeà!].

    -Bokalak luzatzea: (Haaaaudi-haaau zen!).

    -Silabaka ahoskatzea (Ez-du-da-la-e-gin-nen!).

    ▪ Hitzen eta esaldien intonazioa, bolumena, etenak eta intentsitatea, kontzeptuak nabarmentzeko edo lausotzeko.

    ▪ …

    Bestalde, igorleak hartzen duen jarrera kontuan hartuta, modalizatzaileak multzoka sailka daitezke:

    ▪ Balorazioa adierazteko (zorionez; tamalez; espero dut…; ez legoke gaizki…; eskerrak…;…).

    ▪ Halabeharra (derrigorrez; ezinbestekoa da; nahitaez…).

    ▪ Ziurtasuna adierazteko (bistan da, jakina, ziurrenik, nola ez, ezbairik gabe…).

    ▪ Probabilitatea adierazteko (badirudi, agidanean, antza, itxura denez, omen…).

    ▪ Iritziak eta besteen esanak emateko (nire ustez, esan daiteke, dakigunez, omen/ei, diotenez…).

    gora

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude