A2 maila


Hizkuntza-jarduerak eta estrategiak

Mailaren definizioa

Ahozko ulermena

Idatzizko ulermena

Ulermen estrategiak

Ahozko elkarreragina

Idatzizko elkarreragina

Elkarreragin estrategiak

Ahozko adierazpena

Idatzizko adierazpena

Adierazpen estrategiak

Komunikatzeko gaitasunak

Hizkuntza-gaitasunak

HIZKUNTZA-JARDUERAK ETA ESTRATEGIAK

Segidan ematen diren adierazleen bidez, euskara-erabiltzaileei dagozkien hizkuntza-jarduerak era estrategiak zerrendatzen dira, xehatuz erabiltzaile horiek zertarako izan beharko luketen gai mailaz maila. Hortaz, adierazle hauek hainbat eginkizun betetzeko tresna baliagarriak izan daitezke:

Programazioak zehazteko:

– Ikas- eta irakas-prozesuetan helburu-zerrenda gisa erabil daitezke; adibidez, ikastaro bat diseinatzean, ikastaro horretan landu beharreko helburuak zein diren zehazteko.

– Prozesu horretan helburuak lortzen ari diren edo ez neurtzeko, eta bidean helburuak birformulatzen laguntzeko.

Material didaktikoa sortzeko:

– Sekuentzia didaktikoak.

– Ataza didaktikoa.

– Ariketak.

– Testuliburuak.

(…)

Ebaluatzeko eta akreditatzeko:

– Ebaluazio formatiborako eta sumatiborako ere balio dute, ikastaro batean ikasle bat helburuak lortzen ari den edo ez neurtzeko.

– Ikasle edo erabiltzaileek euren buruari helburu zehatzak formulatzeko tresna ere badira. Hartara, nork bere ikas-prozesua gidatu ahal izanen du, mugarriak jarriz eta lorpenak autoebaluatuz.

– Akreditazioetan ere bai, ebakera-nota non dagoen erabakitzen laguntzeko, azterketarien maila zein den zehazten laguntzeko, eta emaitzen berri emateko.

MAILAREN DEFINIZIOA

Gai da eguneroko bizitzan hurbileko bizipenei lotutako testuak, esaldi eta esapide mailakoak, ulertzeko, solaskidea laguntzeko prest badago: bere buruari eta familiari buruzko oinarrizko informazioa, erosketei, intereseko lekuei, lanbideei eta abarri buruzko informazioa… Badaki ataza soilak eta arruntak egiteko orduan komunikatzen, baldin eta ezagunak edo ohikoak dituen gaiei buruzko informazio-truke erraza eta zuzena bakarrik eskatzen badute. Badaki bere iraganaz eta inguruneaz narrazio eta deskribapen errazak ulertzen eta idazten, eta badaki bere berehalako beharrak adierazten. Zailtasunak izanen ditu testu luzeagoetako ideia nagusiak ulertzeko.

A2 AHOZKO ULERMENA

Orokorra: gai da ulertzeko bere eguneko bizitzako ahozko testu laburrak (zuzenekoak, telefonokoak nahiz komunikabideetakoak), batez ere esaldi eta esapide mailakoak, eta solaskidea laguntzeko prest badago. Behar eta ataza zehatzei aurre egiteko adina ulertzen du, baldin eta diskurtsoa ongi egituratua badago, erregistro neutroan egina bada, laburra, aski motela, eta ongi ahoskatua. Zailtasunak izanen ditu hizketaldi luzeagoen ideia nagusiak ulertzeko, batez ere ulertu ez duena errepikatzeko aukerarik ez badu.

1- Gai da esapide eta esaldi ugari ulertzeko, hurbileko gaietan: erosketak, bizitokia, lana, bidaiak…

2- Gai da ohar, mezu eta iragarki labur eta sinpleetan zentzu nagusia harrapatzeko: tren geltokiko ohar errazak, telebistako trafiko-aholkuak, publizitatea, irratiko agendak…

3- Gai da instrukziozko oso testu errazak ulertzeko: eguneroko tresnen erabilera, errezeta laburrak, helbide eta norabideetako xehetasunak, mapen gainean emandako jarraibideak…

4- Gai da pertsona, toki, animalia eta gauzen deskribapenak ongi samar ulertzeko.

5- Gai da kontaketa erraz eta laburren ideia nagusiak ulertzeko, gaia ezaguna eta ohikoa zaionean: ipuin errazak, eguneroko bizimoduari buruzko pasadizoak…

6- Gai da telebistako albiste labur eta deigarrietan gertaeretako hari nagusia ulertzeko, batez ere irudien laguntza badu: bitxikeriak, txutxu-mutxuak, kirol kontuak, eguraldiaren iragarpena… Elkarrizketetan ere ideia batzuk harrapatzen ditu, oso gai arruntei buruzkoak.

7- Gai da zerbitzuetako informazio errazak ulertzeko: jatetxea, erosketak, informazio turistiko erraza, garraio publikoak, udala, eskola…

8- Gai da inguruko elkarrizketetan gaia eta ideia nagusiak ulertzeko, hurbileko kontuak badira: norberaren familia, herria, lana, osasuna, kirola, oporrak, ospakizunak…, betiere solaskideak laguntzen badio. Gai-aldaketez konturatzen hasia da.

9- Gai da eguneroko zerbitzuetako informazio nagusia ulertzeko, poliki eta argi hitz egiten badute, ulertu duena baieztatzeko aukerarik badu, eta errepikatzeko aukerarik badago: denda, jatetxea, zinema, kultur etxea…

10- Gai da ulertzeko norbait zerbaitekin ados dagoen edo ez, iritzia oso argi eta modu soilean ematen badu.

A2 IDATZIZKO ULERMENA

Orokorra: gai da bere eguneroko bizitzan hurbileko bizipenei lotutako testuak, esaldi eta esapide mailakoak, ulertzeko. Badaki egitura erraza eta argia duten testuen zentzu orokorra antzematen eta oinarrizko informazioa ulertzen. Xehetasun batzuk ere ulertzen ditu; behin eta berriz irakurtzeko aukera baldin badu. Bestalde, irudien laguntza eta testuingurua oso lagungarri zaio.

1- Gai da testu formal sinpleetako oharrak ulertzeko: izena emateko orriak, formularioak…

2- Gai da arau errazak ulertzeko; jokamoldeei buruzkoak, joko-arauak…, betiere hizkuntza maila errazetan emanak badira.

3- Gai da eguneroko bizitzako tresnei buruzko argibide errazak ulertzeko: jostailuak eta altzariak nola muntatu, arropa nola garbitu…

4- Gai da leku publikoetan dauden seinaleak eta ohar errazak ulertzeko: leku batera joateko argibideak, arrisku-oharrak, jakinarazpenak, erakundeen kanpainak…

5- Gai da pertsona, toki, animalia eta gauzen deskribapenak ongi ulertzeko.

6- Gai da ipuinak, liburu eta filmen laburpenak eta eguneroko bizimoduari buruzko pasadizoak ulertzeko, gai ezagunekoak eta argi egituratuak badira.

7- Gai da, herri-aldizkarian edo auzoko aldizkarian, berri laburretako informazio nagusia ulertzeko, eta baita xehetasun batzuk ere: istripuak, gertaera bitxiak…

8- Gai da zerbitzu-zerrendetan informazio praktiko eta espezifiko erraza aurkitzeko, garraioez, saltokiez edo landetxeez: helbideak, ordutegiak, garraio-motak, informazio osagarria…: WEB orrietan, eskuorrietan, tabernetako karteletan, informazio-oholetan…

9- Gai da interesatzen zaion informazioa lortzeko, salerosketez eta bere formazioaz (egunkariko iragarkietan eta WEB orrietan): zer dagoen salgai, nolakoa den eta zenbat balio duen, ikastaro bati buruzko xehetasunak…

10- Gai da norbait zerbaitekin ados dagoen edo ez ulertzeko, iritzia modu argian eta soilean idatzita badago.

A2 ULERMEN ESTRATEGIAK

1- Gai da eguneroko gai arruntei buruzko testu edo adierazpen laburretan zentzu orokorra erabiltzeko, ezagutzen ez dituen hitzen esanahia testuingurutik abiatuta ondorioztatzeko.

A2 AHOZKO ELKARRERAGINA

Orokorra: gai da elkarrizketa laburretan parte hartzeko, egitura errazetan, behar badu, solaskideak lagunduz gero. Gai da informazioa eta ideiak trukatzeko eguneroko bizitzako gaiei buruz.

1- Gai da oso galdera errazak bat-batean egiteko eta erantzuteko, aurrez aurre edo telefonoz. Zailxeagoak badira, batez ere iraganeko kontuez, errepikatu behar izaten zaio, eta erantzuna formulatzen lagundu.

2- Gai da gizarte-harremanetan kortesiazko ohiko formulak eta oinarrizko informazio-trukeak ongi erabiltzeko eta ulertzeko, aurrez aurre edo telefonoz: agurtu, norbaitek zein bizimodu duen galdetu, barkamena eskatu eta onartu, informazio pertsonala trukatu…

3- Gai da taldeko elkarrizketetan hariari jarraitzen diola adierazteko (hurbileko bizipenez ari direnean), eta gauza da tarteka zerbait esateko. Eta gai da elkarrizketa labur batzuetan ekarpenak egiteko, gai orokorrei buruzko testuinguru arruntetan.

4- Gai da informazio errazak eskatzeko eta emateko, zerbitzuei buruz: salerosketak, matrikulak, kultur etxeko edo ikastetxeko kontu errazak…

A2 IDATZIZKO ELKARRERAGINA

Orokorra: gai da esaldi eta ohar errazak irakurtzeko eta idazteko, berehalako premiei erantzuteko asmoz.

1- Gai da eguneroko gauzak eta oharrak adierazten dituzten testu errazak ulertzeko, lagun edo lankideek idatzitakoak (zerbait egin dezan eskatzeko, plan baten xehetasunak emateko, edo gauza pertsonalak galdetzeko): SMSak, mezu elektroniko eta gutun errazak eta soilak… Eta gauza da horiei erantzuteko: informazio erraza eman, gonbidatu, eskerrak edo eskumuinak eman, barkamena eskatu…

2- Gai da, berehalako beharrak asetzeko asmoz, gauzak galdetzeko, proposatzeko, errepikarazteko… ohar, eskutitz eta posta elektronikoetan. Gai da, orobat, zerbitzu bati buruzko informazioa eskatzeko eta emandakoa ulertzeko.

3- Gai da haur ezagunei ipuin errazak ozenki irakurtzeko, eta baita asmakizun errazak kontatzeko ere. Gai da haurren eskolako buruketa eta eragiketa sinpleak ulertzeko. Eta gai da irakaslearen ohar, jakinarazpen eta jarraibide errazak ulertzeko.

A2 ELKARRERAGIN ESTRATEGIAK

Hitza hartzea:

1- Gai da elkarrizketa laburrak hasteko, izateko edo amaitzeko teknika errazak erabiltzeko.

2- Gai da aurrez aurreko elkarrizketa errazak hasteko, jarraipena emateko eta amaitzeko.

Elkarlana:

3- Gai da esaten dena zenbateraino ulertu duen adierazteko.

Azalpenak eskatzea:

4- Gai da solaskideari esandakoa argitzea eskatzeko, oso era errazean.

5- Gai da ulertu ez dituen hitz-gakoak edo enuntziatuak azaltzea eskatzeko, esamolde eginak erabiliz.

6- Gai da zer ez duen ulertu esateko.

A2 AHOZKO ADIERAZPENA

Orokorra: gai da bere hurbileko bizipenei lotutako testuak sortzeko, esaldi eta esapide mailakoak. Badaki egoera arruntetan komunikatzen, baldin eta ezagunak edo ohikoak dituen gaiei buruzko informazio-truke erraza eskatzen badute. Gauza da bere iraganaz narrazio eta deskribapen errazak egiteko, eta baita ere berehalako beharrak adierazteko. Gauzak modu soilean esaten ditu, labur, eta oinarrizko egiturak erabilita. Oso hizketaldi geldoa du, akatsez, etenez eta itzulinguruz betea, eta batzuetan ez zaio ongi ulertzen. Solaskidearen laguntzarekin aritzen da maiz.

1- Gai da argibide errazak emateko eta ulertzeko: toki batetik bestera nola joan, errezeta laburrak, zerbait nola egiten den… Gai da, orobat, mapa eta planoetan bidea galdetzeko edo adierazteko.

2- Gai da pertsonen, ibilgailuen, lekuen, paisaien eta eguraldiaren deskribapen objektiboak egiteko. Gai da konparazio sinple batzuk egiteko.

3- Gai da eguneroko gertaeren kontaketa laburrak eta xumeak egiteko (pasadizoak, bizipenak, albiste laburrak…): sorpresa bat, gertatutako zerbait… Ideia orokorrak ematen ditu, hala ere.

4- Gai da kontatzeko aisialdian zer egitea gustatzen zaion, zer egiten duen lanean, nolako heziketa jaso duen, zer interesatzen zaion…

5- Gai da eguneroko bizitzako azalpen laburrak emateko: festak, kultura-jarduerak…

6- Gai da zerbaitekin ados dagoen edo ez adierazteko, justifikazio handiegitan sartu gabe. Gai da hurbileko gauzez zer pentsatzen duen modu soilean esateko.

7- Gai da ingurukoekin planak egiteko, hitzorduak jartzeko, eta zer egin daitekeen edo ez proposatzeko. Gai da iradokizunak egiteko, adostutakoa ongi iruditzen zaion edo ez azaltzeko, eta eman beharreko urratsez ustea adierazteko. Gai da aitzakiak jartzeko edo onartzeko.

A2 IDATZIZKO ADIERAZPENA

Orokorra: gai da eguneroko bizitzan hurbileko bizipenei lotutako testuak, esaldi soil eta esapide mailakoak, idazteko. Oinarrizko lokailuak erabiltzen ditu kohesiorako: eta, edo, baina, zeren eta. Badaki bere iraganaz eta inguruneaz narrazio eta deskribapen errazak egiten, eta bere berehalako beharrak labur adierazten, oharretan, postal eta lagunarteko gutun motzetan, mezu elektroniko errazetan…

1- Gai da galdera sorta bati erantzuteko, bere intereseko gauzez, lanaz, bere osasunaz, zaletasunez, ohiturez…Gai da, baita ere, informazio eskematikoa ematen duen curriculum vitae erraz bat idazteko,.

2- Gai da instrukzio eta jarraibideak emateko ohar eta iragarkietan: arau errazak, berak zerbait nola egin ohi duen, errezeta laburrak…

3- Gai da pertsonen, tokien eta gauzen deskribapen txukuna egiteko. Konparazio errazak baliatzen ditu horretarako.

4- Gai da bere burua edo beste norbait labur aurkezteko (familia, ikasketak, bizimodua, lana, aisia, zaletasunak…), gutun edo posta elektroniko batean.

5- Gai da gertatutakoak edo bizi izandakoak esaldi motzekin kontatzeko (zer, non eta noiz): istripu bat, festa bat, esperientzia pertsonal bat, denborazko lokailu errazak erabiliz, kronologia eta maiztasuna adierazteko.

6- Gai da eguneroko jarduerez (ospakizunak, zerbitzuak, lana…) labur idazteko: oharrak, SMSak eta mezu elektronikoak.

7- Gai da irakurritako testuen laburpen motzak egiteko: albiste laburra, gertaera hurbilak, agenda kulturalak, egitarauak…

8- Gai da zerbaitekin ados dagoen edo ez idatziz adierazteko, arrazoiak azaltzen hasi gabe.

A2 ADIERAZPEN ESTRATEGIAK

Planifikazioa:

1- Gai da bere errepertorioko esaldi sail bat gogoratzeko eta saiatzeko.

Konpentsazioa:

2- Gai da adierazi nahi duena keinuz azaltzeko, bere errepertorioan hitz egokirik aurkitzen ez badu.

3- Gai da zer adierazi nahi duen ikusarazteko edo identifikatzeko, hura seinalatuz (adib. Hori nahi dut, mesedez).

gora

KOMUNIKATZEKO GAITASUNAK

Komunikatzeko gaitasuna gizakiak komunikatzeko duen gaitasun multzoari deritzo, hizkuntza erabilita edo erabili gabe gauzatzen duena. Gaitasun horietako batzuk oso garrantzitsuak dira hizkuntzaren erabileran (soziokulturalak eta estrategikoak, esate baterako). Komunikatzeko gaitasuna berezkoa izan ohi da, baina ikaskuntzaren bidez garatu ahal da.

KOMUNIKATZEKO GAITASUN OROKORRAK

Erabiltzaile eta ikasleek beren aurretiko esperientzian garatutako hainbat gaitasun baliatzen dituzte, munduaren ezagutza, trebetasun eta ezaugarri pertsonalak, egokitzen zaizkien komunikazio-egoerei aurre egiteko atazak eta jarduerak burutu behar dituztenean. Era berean, komunikazio-gertaeretan parte hartzeak (hizkuntzen ikaskuntza sustatzeko bereziki diseinaturiko gertaeretan parte hartzeak, noski) ikaslearen gaitasunen garapena areagotzea dakar.

Lehen aipatutako gaitasun guztiak abian jartzen dira komunikatzeko momentuan; beraz, esaten ahal dugu guztiak direla gaitasun komunikatiboaren osagarriak. Dena dela, beharrezkoa da gaitasun orokorrak (hizkuntzarekin lotura txikiagoa dutenak) eta hizkuntza-gaitasunak bereiztea. Egia da azken hauek izan ohi direla gure “ikasteko edukia”, baina aldi berean ez dugu ahaztu behar gaitasun orokorrak presente daudela ikaskuntza-irakaskuntza prozesuko une guztietan.

Gizakiaren gaitasun guztiek laguntzen dute erabiltzailearen komunikazio-ahalmena nola edo hala indartzen, eta ikuspegi horretatik komunikazio-gaitasunaren osagaitzat har daitezke. Helduek munduaz eta haren funtzionamenduaz duten eredua oso landua eta xehetasunez artikulatua da, eta lotura estua du lehendabiziko hizkuntzako hiztegiarekin eta gramatikarekin. Izan ere, bi alderdiak elkarri lotuta garatu dira. Komunikazioan parte hartzen duten pertsonek barneratuta duten munduaren ereduaren eta hizkuntzaren ereduaren arteko egokitasunaren mende dago komunikazioa. Honenbestez, gogoan izan behar da, besteak beste, Nafarroako biztanleen jatorria gero eta zabalagoa dela, eta gero eta euskara-ikasle etorkin gehiago dagoela. Eta kontuan hartu beharra da bakoitzaren lehendabiziko hizkuntza/k zein den/dire, eta munduaren zein eredutan oinarritzen den/diren.

Munduaren ezagutzak (esperientziatik, hezkuntzatik, informazio-iturrietatik eratorriak, etab.) ondorengoak hartzen ditu bere baitan:

– Lekuak, erakundeak eta organizazioak, pertsonak, objektuak, gertaerak, prozesuak edo esku-hartzeak. Hizkuntza jakin bat ikasten ari den ikaslearendako bereziki garrantzizkoa da hizkuntza hori hitz egiten den herrialdea ezagutzea; adibidez, ezaugarri geografiko nagusiak, ingurumenekoak, demografikoak, ekonomikoak eta politikoak.

– Entitate-klaseak (konkretua eta abstraktua, biziduna eta bizigabea, etab.) eta beren ezaugarriak eta harremanak (espazio-denborazkoak, asoziatiboak, analitikoak, logikoak, kausa-ondoriozkoak, etab.).

Hizkuntza-gaitasuna hizkuntza-komunitate batean modu egoki eta eraginkorrean komunikatzeko eta jarduteko gaitasuna da. Hori lortzeko, ikasleak/hiztunak ezagutza eta trebetasun batzuk eskuratu behar ditu, bai gaitasun gramatikalak (lexikoa, semantikoa, gramatikala, ortografikoa, fonetikoa, etab.), bai hizkuntzaren pragmatikarekin lotuta daudenak, bai komunikazioa gertatzen den testuinguru soziokulturalarekin zerikusia dutenak, bai eta jarduera komunikatibo guztietan abian jartzen diren estrategiak. Ondoko lerroetan gaitasun soziokulturalaz eta estrategikoaz arituko gara; dena den, ez dugu ahaztu behar benetako komunikazio egoeretan gaitasun partzial guztiak aldi berean erabiltzen direla. Horregatik, irakaskuntza eta ikaskuntza prozesuan, osotasun esanguratsu batean integratu beharko dira, trebetasun bakoitzerako proposatu diren helburuak abiaburu hartuta, halatan non ikasleak behar dituen gaitasun guztiak bereganatuko dituen, proposatutako komunikazio jarduera eta eginkizunen bitartez.

GAITASUN SOZIOKULTURALAK

Zentzu estuan, munduaren ezagutzaren alderdi bat da hizkuntza hitz egiten den komunitatearen edo komunitateen kulturaren eta gizartearen ezagutza. Nolanahi ere, ezagutza horrek berebiziko garrantzia du, eta ikasleak arreta handia jarri behar dio. Kulturaren ezaugarri bereizgarriak honako arlo hauekin lotuak izan daitezke:

1. Eguneroko bizitza:

• Jan-edanak, jatorduak, mahaiko ohiturak.

• Jaiegunak.

• Lanorduak eta lan-ohiturak.

• Aisiako jarduerak (zaletasunak, kirolak, irakurketa-ohiturak, hedabideak…).

2. Bizi-baldintzak:

• Bizi-maila (eskualdearen, gizarte-mailaren eta kulturaren araberako

aldaerekin).

• Etxebizitzaren baldintzak.

• Gizarte-laguntzako neurriak eta hitzarmenak.

3. Pertsonarteko harremanak (botere eta elkartasunezkoak barne):

• Gizarte-antolaketa eta gizarteko kideen arteko harremanak.

• Sexuen artekoak.

• Familiaren egitura eta familiartekoak.

• Belaunaldien artekoak.

• Lan-egoeretakoak.

• Agintariekiko, Administrazioarekiko… harremanak.

• Arrazen eta komunitateen artekoak.

• Talde politikoen eta erlijiosoen artekoak.

4. Gizarte-balioak, sinesmenak eta jarrerak, honako eragile hauei buruz:

• Gizarte-maila.

• Talde profesionalak (akademikoak, enpresakoak, zerbitzu publikoetakoak,

langileenak…).

• Aberastasuna (diru-sarrerak eta ondasunak).

• Eskualdeko kulturak.

• Segurtasuna.

• Erakundeak.

• Tradizioa eta gizarte-aldaketa.

• Historia: batez ere, pertsonaia eta gertaera esanguratsuak.

• Gutxiengoak (etnikoak, erlijiosoak eta kulturalak).

• Nazio-identitatea.

• Atzerriko euskal komunitateak, estatuak eta herriak.

• Politika.

• Arteak (ikusizko arteak, literatura, antzerkia, herri-abestiak eta musika…).

• Erlijioak.

• Umorea.

5. Gorputzaren hizkuntza eta jarduera paralinguistikoak:

• Keinuak.

• Aurpegierak.

• Jarrerak.

• Ikusizko kontaktua.

• Gorputz-ukipena.

• Proxemika.

• Onomatopeiak.

• Ezaugarri prosodikoak (ahotsaren tonua, iraupena, bolumena eta

ezaugarriak…).

6. Gizarte-hitzarmenak (adibidez, harrera ona egitea eta jasotzea):

• Puntualtasuna.

• Opariak.

• Jantziak.

• Jan aurrekoak, edariak, janariak.

• Jarrerari eta elkarrizketei buruzko hitzarmenak eta tabuak.

• Bisitaren iraupena.

• Agurra.

7. Portaera erritualak, honako arlo hauetan:

• Erlijio ospakizunak eta jarduerak.

• Jaiotza, ezkontza eta heriotza.

• Jendearen eta ikusleen jarrera agerraldietan eta jendaurreko ospakizunetan.

• Ospakizunak, festak, tabernak, sagardotegiak, dantzak, diskotekak, etab.

GAITASUN ESTRATEGIKOAK

Gaitasun estrategikoa da hizkuntzaren erabiltzaileak duen gaitasuna, komunikazio eraginkorra lortzeko, izan ditzakeen hutsuneak betetzeko, edo egon daitezkeen komunikazio-etenak konpontzeko. Beraz, estrategiak atazak gauzatzeko edo ikasketa prozesuan egoera berriei aurre egiteko erabiltzen diren eragiketa mentalak, mekanismoak, taktikak eta prozedurak dira (hitzezkoak eta hitzik gabekoak). Eta mekanismo horien garapenak komunikazioa errazten du (diskurtsoa kontrolatzea, azalpenak eskatzea, ondorioak ateratzea, barneko esperientzia eta ezagutza berreskuratzea, errepikatzea, zuzentzea, etab.). Hizkuntza-baliabideetan gabeziak izan arren, mekanismo horien garapenak ikasteko prozesua errazten du, eta azkarragoa eta eraginkorragoa egiten du. Era berean, bakoitzak bere ikaskuntza-prozesuaz ohartzeko eta ardura hartzeko bidea irekitzen du.

Estrategien helburua da testuinguruko komunikazio-beharrei erantzutea, eta dagokion ataza ahalik eta era osoenean arrakastaz gauzatzea, ataza horren helburu zehatzaren arabera. Beraz, estrategia ez da izan behar ezintasunaren adierazpen soila, edo gabeziak eta komunikazio kaskarra orekatzeko bidea, besterik gabe. Lehendabiziko hizkuntzan jardutean ere, hiztunek, etengabe, era guztietako komunikazio-estrategiak erabiltzen dituzte, unean uneko komunikazioa hobetzeko. Komunikazio-estrategiak erabiltzea printzipio metakognitiboen baitan dago, eta hizkuntza-jardueren komunikazio-prozesuak ahalbideratzen ditu, planifikazioan, gauzatzean, kontrolean eta moldaketan. Bestalde, hizkuntza batez jabetzeko prozesuan, estrategia garrantzitsuenak komunikatiboak eta ikas-prozesukoak dira.

Hizkuntzaren komunikazio-prozesuak

Hiztun, idazle, entzule edo irakurle izateko, ikasleak ezinbestekoa du hainbat jardueraz osatutako sekuentzia bat gauzatzeko trebetasuna izatea.

• Hitz egiteko, ikasleak gai izan behar du:

– Mezua planeatzeko eta antolatzeko (trebetasun kognitiboak).

– Hizkuntz enuntziatua formulatzeko (trebetasun linguistikoak).

– Enuntziatua ahoskatzeko (trebetasun fonetikoak).

• Idazteko, ikasleak gai izan behar du:

– Mezua antolatzeko eta formulatzeko (trebetasun kognitiboak eta linguistikoak).

– Testua eskuz edo makinaz idazteko (eskuzko trebetasunak) edo, bestela, testua transkribatzeko.

• Entzuteko, ikasleak gai izan behar du:

– Enuntziatua hautemateko (entzutezko trebetasun fonetikoak).

– Mezu linguistikoak identifikatzeko (trebetasun linguistikoak).

– Mezua ulertzeko (trebetasun semantikoak).

– Mezua interpretatzeko (trebetasun kognitiboak).

• Irakurtzeko, ikasleak gai izan behar du:

– Idatzizko testua hautemateko (ikusizko trebetasunak).

– Idazketa ezagutzeko (trebetasun ortografikoak).

– Mezua identifikatzeko (trebetasun linguistikoak).

– Mezua ulertzeko (trebetasun semantikoak).

– Mezua interpretatzeko (trebetasun kognitiboak).

Prozesu horietako urrats batzuk behagarriak eta ulergarriak dira. Beste batzuk, ordea, nerbio-sistema zentralean jasotzen diren gertaerekin zerikusia dutenak esaterako, ez dira hain erraz ulertzen. Prozesu horren urratsak honako hauek izan ohi dira:

PLANIFIKAZIOA

Planifikazioa da komunikazio-ekintzan parte hartzen duten gaitasun orokorrak eta komunikazio-gaitasunak hautatzea, elkarri eragitea, koordinatzea, komunikazio-asmoak betetzeko.

GAUZATZEA

  • Ekoizpena

Ekoizpen-prozesuan bi osagaik parte hartzen dute:

• Formulazioak planifikazioaren emaitza hartu eta hizkuntz molde batean txertatzen du. Prozesu lexikoak, gramatikalak, fonologikoak (eta, idazketari dagokionez, ortografikoak) hartzen ditu bere baitan; prozesu bereizgarriak dira, eta nolabaiteko independentzia dutenak.

• Artikulazioak aho-aparatuaren jarduera antolatzen du, prozesu fonologikoen emaitzak hitzezko organoen mugimendu koordinatu bihurtzeko moduan. Horrela, enuntziatua osatzen duten ahozko uhin-saila eratzen da, edo, bestela, eskuko giharren mugimendua antolatzen da, idatzizko testu bat sortzeko, eskuz edo makinaz.

  • Harrera

Prozesu hartzaileak lau urrats ditu; urrats horiek sekuentzia lineal baten moduan gertatzen dira (behetik gora), baina etengabe eguneratzen eta berrinterpretatzen dira (goitik behera), munduaren ezagutzaren, ikuspegi eskematikoen eta ulermen testual berriaren arabera, elkarreraginean gertatzen den prozesu subkontziente baten bidez.

Honako hauek dira ahozko eta idatzizko ulermen-prozesuaren lau urratsak:

– Soinuak, grafismoak eta hitzak (eskuz idatziak nahiz inprimatuak) ezagutzea.

– Testua identifikatzea, erabat edo zati bat.

– Testua entitate linguistiko gisa ulertzea.

– Mezua testuinguruaren arabera interpretatzea.

Eta honako trebetasun hauek eskatzen ditu:

– Hautemateari dagozkion trebetasunak.

– Oroimena.

– Deskodetzeko trebetasunak.

– Dedukzioa.

– Aurrez ikustea.

– Irudimena.

– Azterketa lasterra (edo diagonaleko irakurketa).

– Aurrekoaren eta ondorengoaren erreferentzia gurutzatuak.

  • Elkarreragina

Ahozko elkarreraginak bere baitan hartzen dituen prozesuak honela bereizten dira ahozko adierazpen-jardueren eta ahozko ulermen-jardueren hurrenkera soiletik:

– Ekoizpen- eta harrera-prozesuak kateatu egiten dira. Solaskidearen enuntziatua prozesatzen ari den bitartean, enuntziatua artean osagabea dela, erabiltzailearen erantzunaren planifikazioa hasten da, enuntziatuaren izaeraren, haren esanahiaren eta haren interpretazioaren gaineko hipotesian oinarrituta.

– Diskurtsoa metatu egiten da. Elkarreragina gertatzen den bitartean, parte-hartzaileek egoera baten irakurketetan bat egiten dute, gauzak aurrez ikusten dituzte eta garrantzizko alderdiei erreparatzen diete. Sortzen diren enuntziatuen forman islatzen dira prozesu horiek.

Idatzizko elkarreraginean (adibidez, gutunak, faxak, posta elektronikoa, etab.), prozesu hartzaileak eta ekoizpen-prozesuak bereiz gertatzen dira (nahiz eta elkarreragin elektronikoa, Interneten bidezkoa, adibidez, gero eta gehiago hurbiltzen ari den “denbora errealeko” elkarreraginera). Metatzen den diskurtsoaren ondorioak ahozko elkarreraginaren ondorioen antzekoak dira.

JARRAIPENA ETA KONTROLA

Osagai estrategikoak esan nahi du komunikazioa gertatzen den bitartean adimen-gaitasunak eta adimen-jarduerak abian direla. Hala gertatzen da bai ekoizpen-prozesuetan, bai hartzaileetan. Nabarmentzekoa da ekoizpen-prozesuen kontrolerako garrantzi handiko eragilea dela etapa bakoitzean (formulazioa, artikulazioa eta akustika) hitz egiten edo idazten duenak jasotzen duen atzeraelikadura.

Zentzu zabalagoan, osagai estrategikoak zerikusia du, komunikazio-prozesua gertatzen den bitartean, prozesu hori kontrolatzearekin eta prozesu hori kontrolatzeko moduekin; adibidez:

– Aurre egitea ezustekoari, adibidez, arlo, gai, eskema eta abarren aldaketa gertatzen denean.

– Aurre egitea elkarreraginean edo ekoizpenean gerta daitezkeen komunikazio-etenei, adibidez:

– Oroimen-hutsuneei.

– Ataza jakin bat gauzatzeko komunikazio-gaitasun ezari (ordezko estrategiak erabiliz; adibidez, berrantolaketa, itzulinguruak, ordezkapena, laguntza eskatzea).

– Ulermen eta interpretazio okerrari (azalpenak eskatuz).

– “Lapsus linguae” edo entzute okerrari (zuzentze-estrategiak erabiliz).

Estrategia komunikatiboak

Estrategia komunikatiboak hizkuntza-ikasleak edo erabiltzaileak hobeki komunikatzeko erabiltzen dituen baliabideak dira, bere hizkuntza-gaitasunen lagungarri edo osagarri:

Zerbait saihesteko edo murrizteko estrategiak:

– Mezua ordezkatu.

– Gaiak saihestu.

-Mezua bertan behera utzi.

Zerbait lortzeko edo konpentsatzeko estrategiak:

– Itzulinguruak (Arropa gordetzeko balio duena, hots, armairua).

– Hurbilketak (arraina, legatzaren ordez).

– Edozertarako balio duten hitzak (traste, gauza, zera).

– Hizkuntzazkoak ez diren bitartekoak (mimika egitea, keinuak egitea, irudiak).

– Berregituratu (Gizon hori oso…[aberatsa da]…gizon horrek diru asko dauka).

– Hitzak asmatu.

– Lehendabiziko hizkuntzaren itzulpen literala.

– Atzerritartu (lehendabiziko hizkuntzaren hitza bigarren hizkuntzaren ahoskerarekin esatea).

– Kodea aldatu, lehendabiziko hizkuntzara edo beste hirugarren hizkuntza batera pasatuz

– Hitza atzeratu (arg…argaz…argazkia).

Zerbait atzeratzeko edo denbora irabazteko estrategiak:

– Betegarriak, zalantzazko trikimailu eta taktikak (Hara, egia esan… Zer esan dut…?).

– Norberak edo besteak esandakoa errepikatu.

Automonitoretzeko estrategiak:

– Norberak esandakoa konpondu (Esan nahi dut…).

– Norberak esandakoa bestela adierazi.

Interakzio-estrategiak:

– Laguntza-eskeak:

Zuzenak (Nola esaten da…?).

Zeharkakoak (Ez dakit euskaraz nola esaten den…).

– Esanahia negoziatzeko estrategiak.

– Ez ulertzean edo gaizki ulertzean:

Eskaerak:

Errepikatzeko eskatu.

Argibideak eskatu.

Baieztatzeko eskatu.

Ez ulertzearen adierazpenak:

Hitzezkoak.

Ez-hitzezkoak.

Ulertutakoaren laburpena.

– Erantzunak:

Berriz esan, beste era batera esan, azalpen luzeagoa eman, murriztu, baieztatu, bertan behera utzi, konpondu…

Begiratu, ea mintzaideak jarraitzen dizun.

Begiratu, ea esan duzuna zuzena edo gramatikala den.

Begiratu, ea mintzaidea kasu egiten ari den.

Begiratu, ea mintzaideak entzuten dizun.

Estrategia paralinguistikoak:

AHOZKOAK:

– Gorputzaren hizkuntza:

– Keinuak (adibidez, ukabil itxia “protesta” adierazteko).

– Aurpegierak (adibidez, irribarre egitea edo bekozko iluna jartzea).

– Seinalatzea, adibidez, hatzarekin, eskuarekin, begiekin, burua makurtuz.

– Jarrerak (adibidez, gorputza astun erortzen uztea, “etsipena” adierazteko, edo aurrerantz makurtuta esertzea “interes bizia” adierazteko).

– Ikusizko kontaktua (adibidez, konplizitatezko keinua edo sinesgarritasuna adierazteko finko so egitea).

– Gorputz-ukipena (adibidez, musu ematea edo eskua ematea).

– Proxemika (adibidez, hurbil edo urrun egotea).

– Onomatopeiak erabili. Soinu (edo silaba) horiek paralinguistikoak dira, hitzarmenezko bihurtu diren esanahiak dituztelako, baina hizkuntzaren sistema fonologikotik kanpo daude; adibidez:

– “ixxx”→isilik egoteko eskatzeko.

– “ummm” →gaitzespena azaltzeko.

– “ag” →nazka adierazteko.

– “aiii” →nahigabea, edo atsekabea adierazteko.

– “baaa” →mespretxua adierazteko.

– Ezaugarri prosodikoak:

– Ahotsaren kalitatea (zakarra, hila, zorrotza, eta abar).

– Tonua (marmartia, negartia, oihukatzailea…).

– Intentsitatea-bolumena (xuxurlatu, marmarrean aritu, garrasi egin…).

– Iraupena eta indarra (Oooso ongi!).

IDATZIZKOAK:

– Ilustrazioak (argazkiak, marrazkiak, etab.).

– Grafikoak, taulak, diagramak, irudiak, etab..

– Ezaugarri tipografikoak (letra tipoak, intentsitatea, espazioa, azpimarra, diseinua, etab.).

Ikas-prozesuko estrategiak

Ikas-prozesuko estrategiak hizkuntza-ikasleak bere ikas-prozesua hobetzeko, errazteko eta indartzeko erabiltzen dituen estrategiak dira:

ZEHARKAKOAK

Estrategia metakognitiboak

Hizkuntzaren ikas-prozesuaren nolakoa ulertu.

Ikaslearen ezaugarriak ezagutu.

Ikaskuntza planifikatu:

Helburuak negoziatu eta erabaki.

Ikasgelan burutuko diren ekintza guztien helburuak ezagutu.

Ekintza horiek burutzeko behar diren edukiak norberak aukeratu.

Lana nork bere kasa antolatzeko gai izan.

Teknika eta eginbide eraginkorrenak ezagutu eta negoziatu.

Ikas-prozesuaren garapena:

Ezagutza berrien eta aurrekoen arteko lotura.

Hizkuntza erabiltzeko aukerak bilatu.

Hizkuntza erabiltzera arriskatu.

Hutsegiteetan jarrera baikorra izan.

Jarrera aktiboa eta ekimena.

Eskuarteko baliabideen aukera eta erabilera eraginkorra: gramatika, hiztegi, irakasleari kontsulta, Internet, etab.

Eskolaz kanpoko beste baliabide batzuk: berezko hiztunak, komunikabideak, bestelako harremanak, etab.

Autokontrola eta autoebaluazioa

Erabakitako helburuena.

Erabilitako teknika eta estrategiena.

Estrategia afektiboak

Norberaren gaitasun eta jarrera baikorretan konfiantza suspertu.

Hutsegiteekiko beldurra uxatu.

Zentzu irrigarria gainditu.

Izpiritu kritikoa garatu.

H2a hitz egiten dutenenganako jarrera baikorra eta errespetuzkoa bultzatu.

Norberak aurrez ezagutzen dituen edo zaleturik dagoen gaiei buruzko testuak –irakurri zein entzutekoak– bilatu.

Eskura dauzkan baliabide linguistikoei ahalik eta etekin handiena atera, eta norberaren mugak gainditu.

Estrategia sozialak

Interesa eta lankidetza bultzatu eta garatu.

Komunikazio-atazak talde-lanean burutu.

Gertaerak elkarrekin behatu eta hipotesiak eratzeko atazak egin.

Aurrez eztabaidatu eta erabakitako helburuak lortzeko elkarrekintza bultzatu.

Beste taldekideen ideia eta sentimenduekiko sentiberatasuna bultzatu.

Jarrera positiboa izan euskaren erabileran eta transmisioan, hainbat arlotan: familian, auzoan, merkataritza-harremanetan, kalean, lanean, hezkuntzan, administrazioan…

ZUZENAK

Oroimen-estrategiak

Adimen-loturak sortu:

Hizkuntz elementuak sailkatu talde semantikoak eginez.

Informazio berriaren eta memorian horri buruz aurretik gordetakoaren arteko lotura esanguratsuak sortuz.

Hitz berriak gogoratu ahal izateko, testuinguruan txertatu.

Irudi eta hotsez baliatu:

Informazio berriaren eta memorian horri buruz gordetakoaren artean loturak sortu irudi edo hots esanguratsuz baliatuz.

Hitz multzo bat gogoratu mapa semantikoak eginez.

Hitz gakoak erabili.

Memorian ahotsak irudikatu.

Berrikusketa egin:

Tarteka-marteka ikasitakoa aztertu eta berrikusketa egokia egin.

Ekintza bideratu:

Erantzun fisikoa eta sentsazioen bidez erantzunez.

Hainbat teknika erabiliz.

Estrategia kognitiboak

Gertaerak behatu eta hipotesiak eratu.

Hipotesiak egiaztatu.

Arrazoibide deduktiboak garatu.

Ulerkuntza induktiboa eta globala lortu.

Behatutako arauak orokortu.

Euskararen berezitasunak norberaren hizkuntzarenekin erkatu.

Norberaren oharrak jaso.

Laburbildumak egin.

Nork bere gramatika propioa eratu eta gero arian-arian berrikusi, aldatu eta zabaldu.

Transferitzeko gai izan.

Gogoan hartzeko teknikak:

Buruan elkarketak sortu (testuetan, esaldietan, talde semantikoetan, errimetan…).

Ikusi eta entzuten denarekin elkarketak egin.

Hainbat teknikaz baliatu: errepasoak maiz egin, zerrendak eta sailkapenak, etab..

Ahoskera eta intonaziorako teknikak:

Jatorrizko hiztunak imitatu.

Testu interesgarriak gogoan hartu –abestiak, poemak, esaldi zailak…– eta maiz errepikatu.

Ahopeka testu horiek abestu, erritmoa eta doinua ikasteko.

Konpentsatzeko estrategiak

Entzun eta irakurtzerakoan predikzioak egin:

Hizkuntza-elementu ezezagun baten aurrean beste hizkuntz elementuak erabiliz.

Gainerako beste elementuak (testuingurua, egoera, egitura testuala…) erabiliz.

Idatzi eta hitz egiterakoan oztopoak gainditu:

Laguntza eskatuz.

Hizkuntzazkoak ez diren bitartekoak (keinuak, mimika…) erabiliz.

Mezua ordezkatuz edo bertan behera utziz.

Mezua berregituratuz.

Hitzak asmatuz.

Itzulinguruak eginez.

gora

HIZKUNTZA-GAITASUNAK

Hizkuntza-gaitasunak hizkuntza-jarduerak gauzatzeko behar-beharrezkoak diren komunikazio-gaitasunak dira, hizkuntzaren erabilerari zuzen-zuzenean lotuta daudenak. Curriculum honetan bi multzotan sailkatu dira: gaitasun pragmatikoak (funtzionala, testuala, eta diskurtsiboa) eta gaitasun gramatikala (lexikoa eta semantika, fonetika-fonologia eta intonazioa, ortografia, morfosintaxia eta kohesioa.

GAITASUN PRAGMATIKOAK

Gaitasun pragmatikoa testua edo diskurtsoa komunikazio-egoerara moldatzeko gaitasuna da: solaskideak, egoera, ingurua, xedea… Horren arabera, hizkuntza-erabiltzaileak diskurtsoaren elementuak eta ezaugarriak aukeratu beharko ditu (kontzeptuak, erregistroa, testu-generoa, ezaugarri linguistikoak…), eta elementu horiek egoki antolatu beharko ditu, betiere komunikazioa bermatzeko.

TESTU-GENEROAK

Testua erabiltzaileek edo ikasleek, ahoz zein idatziz, jasotzen, sortzen edota trukatzen duten diskurtso-sekuentzia da. Testua prozesu bateko gutxieneko komunikazio-unitatea da, autonomoa, egituratua, koherentzia eta kohesioa duena, testuinguru jakin batean eta xede jakin baterako sortua. Komunikazioaren funtsezko oinarria denez, ezin egon daiteke hizkuntza-jarduerarik testurik gabe eta, beraz, jarduerak eta prozesuak antolatzeko eta sailkatzeko abiapuntua izanen da curriculumetan.

Gizarte-bizitzan testuak hainbat xederen arabera sortzen direnez, alde handiak izaten dira testuen forman eta muinean eta, ezaugarri komunak kontuan hartuta, genero eta azpi-generoetan multzokatzen dira. Egin daitezkeen sailkapen guztien artean, osatuenetakoa hauxe dela esan dezakegu: xede komunikatiboa, kanala, erabilera eremuak, gaiak eta baliabide linguistikoak kontuan hartzen dituena. Testu-generoak eta azpigeneroak asko dira; horregatik, hizkuntzak irakasteko eta ebaluatzeko, haietako zenbaitetan jartzen da arreta handiagoa eta benetako hizkuntza-jardueretan maiztasun eta praktikotasun handiena izaten dutenak erabili ohi dira. Hona testu-generoak, mailaz maila antolatuak:

A2 maila

▪Esapide errazak (ulermena, adierazpena eta elkarreragina, ahoz nahiz idatziz), erosketak, bizitokia, lana, bidaiak…

▪Adeitasunezko esapideak (ulermena, adierazpena eta elkarreragina, ahoz nahiz idatziz): eskerrak emateko, zoriontzeko, barkamena eskatzeko…

▪Galderak (ulermena, adierazpena eta elkarreragina, ahoz nahiz idatziz), poliki eta argi eginak, eguneroko kontuez: halakoa ezagutzen ote duen, halakoa norena den, osasun kontuak, zaletasunak, ohiturak…

▪Galdetegiak eta inkestak bete (ulermena eta adierazpena, idatziz), informazio errazak eta eskematikoak emateko: bizitokia, ohiturak, zaletasunak, lan kontuak…

▪Elkarrizketak, zuzenean eta telefonoz (ulermena, adierazpena eta elkarreragina, ahoz nahiz idatziz), lagunartean: planak egitea, hitzorduak jartzea, iradokizunak egitea, ustea adieraztea, adostasuna/ezadostasuna edo irudipena adieraztea (justifikazio handiegitan sartu gabe)…

▪Elkarrizketak (elkarreragina, ahoz), zerbitzuak eskatzeko: erosketak, izen-emateak, jan-edanak eskatzea, zerbait nola egiten den edo nonbaitera nola joaten den galdetzea, mapa edo plano baten gaineko azalpenak, deskribapen laburrak…

▪Elkarrizketa arinak (ulermena, ahoz), telebistan nahiz zuzenean, hurbileko kontuez: familia, herria, osasuna, kirola, oporrak, ospakizunak…

▪Ohar, mezu, seinale eta iragarki laburrak (ulermena, ahoz nahiz idatziz): geltokiko ohar errazak, grafitiak, trafiko-aholkuak, publizitatea, irratiko agendak, erakundeen kanpainak, osasun-aholkuak…

▪Instrukzio tekniko errazak (ulermena, idatziz), eguneroko tresnez: jostailuak eta altzariak nola muntatu, arropa nola garbitu…

▪Errezeta laburrak (ulermena eta adierazpena, ahoz nahiz idatziz), prozesu errazekoak.

▪Joko-arauak eta erabilera-arauak (ulermena, ahoz nahiz idatziz). Errazak eta ohikoak.

▪Kontaketak eta deskribapen xumeak (ulermena eta adierazpena, ahoz nahiz idatziz), ideia orokorrak ematen dituztenak, xehetasunik gabe, eta esaldi motzetan: gertatutakoak, bizi izandakoak, albiste laburrak…; lokailu errazak erabilita, kronologia eta maiztasuna adierazteko.

▪Albiste errazak eta titularrak (ulermena, ahoz nahiz idatziz): herri-aldizkarietakoak edo auzoetako aldizkarietakoak: istripuak, gertaera bitxiak, kirola, efemerideak…

▪Ipuin motz ezagunak, asmakizunak, eguraldiaren iragarpenak… (ulertu eta ozen irakurri).

▪Postalak, gutunak, zorion-txartelak, mezu elektronikoak, SMS mezuak, paperetako oharrak (ulermena, adierazpena eta elkarreragina, idatziz), informala, eta esapide errazen bidez: agurtzeko, eskerrak emateko, zoriontzeko, informazio errazak trukatzeko, deskribapen bat egiteko, zerbait kontatzeko…

▪Iragarkiak, egunkarietakoak eta WEB-orrietakoak (ulermena, idatziz): salerosketak, produktuen ezaugarriak, ikastaroei buruzko xehetasunak…

▪Zerbitzu-zerrendak eta informazio errazak (ulermena, idatziz): agendak, WEB-orriak, esku-orriak, kartelak, informazio-oholak, katalogo komertzialak, turismo-gidak…

▪Horma-irudiak, krokisak, planoak, eskemak (ulermena, idatziz): hitz eta esapideetan oinarritutakoak.

 

GAITASUN FUNTZIONALAK

Gaitasun funtzionala norbaitek ahozko nahiz idatzizko testuak helburu jakin batzuetara moldatzeko duen gaitasuna da. Erabiltzaileak, komunikazio-egoera bakoitzean, testu-sekuentzia batzuk sortu eta ulertu beharko ditu, komunikazio-xede batzuen arabera moldatuta, eta horretarako beharrezkoak diren hizkuntza-baliabideak erabilita. Komunikazio-funtzioak asko eta asko izan daitezke, asmoa, igorlea, hartzailea, ingurunea… kontuan hartzen badira. Baina esan daiteke badirela funtzio orokorragoak eta xeheagoak, eta beraz, hemen mikrofuntzioak eta makrofuntzioak bereiziko dira:

a. Makrofuntzioak (testu-sekuentziak)

Testuak oinarrizko testu-sekuentzia multzotan bereizten dira, igorlearen xede edo funtzio komunikatibo nagusia kontuan hartuta. Testu batek duen xede orokor horri esaten zaio “makrofuntzio”, hain zuzen ere. Makrofuntzio jakin bat duten testuek hizkuntza ezaugarri komun batzuk izan ohi dituzte, eta horregatik, testu-multzo horien sekuentzien sailkapen orokorra oso baliagarria da testu bakoitzaren tasunak lantzeko. Hainbat testu-sekuentzia bereiztu izan dira, baina ohikoenak honako hauek dira: elkarrizketa bidezkoak, instrukziozkoak, deskriptiboak, narratiboak, azalpenezkoak eta argudiozkoak. Kontuan izan behar, alabaina, da testuak ez direla beti makrofuntzio bakarrarekin lotzen; aitzitik, gehienetan, oinarrizko testu-sekuentziaz gain, bestelakoak ere erabiltzen dira testu berean. Hau da, narrazioetan deskribapenak tartekatzen dira, argudiozko testuetan azalpenak ematen dira… Hizkuntzen irakaskuntzarako eta ebaluaziorako mesedegarria da testu-sekuentzia orokor horien hizkuntza ezaugarriak ezagutzea:

ELKARRIZKETA TESTUAK

XEDE NAGUSIA: bi solaskideren edo gehiagoren artean hitzezko truke komunikatiboa gauzatzea.

ADIBIDEAK: solasa, eztabaida, debatea, mahai-ingurua, elkarrizketa, inkesta, galdetegia, antzezlana, testa….

EZAUGARRI DISKURTSIBOAK:

▪ Deixi ugari.

▪ Bukatu gabeko edo biribildu gabeko esaldiak.

▪ Esaldi laburrak, eten askorekin.

▪ Dedukzioa eta iradokizuna, maiz.

▪ Keinuek eta intonazioak garrantzi handia dute.

▪ Isilune ugari.

▪ Erritmoak eta bolumenak garrantzia du.

▪ Esapide, esamolde eta interjekzio ugari.

▪ Estrategia komunikatiboek garrantzi handia dute.

▪ Modalizazio ugari.

▪ Gaitasun soziolinguistikoak pisu handia du.

▪ …

INSTRUKZIO TESTUAK

XEDE NAGUSIA: agintzea, jokaera bideratzea edo aholkatzea.

ADIBIDEAK: iragarkia, araua, argibidea, errezeta, iragarpena, legea, aholkua…

EZAUGARRI DISKURTSIBOAK:

▪ 2. pertsona asko erabiltzen da.

▪ Aditz forma errazak. Etorkizuna nagusi.

▪ Agintera maiz erabiltzen da.

▪ Derrigortasuna adierazteko baliabideak (behar izan, nahitaez, ezinbestean…).

▪ Zenbatzaile ugari: ordinalak eta kardinalak.

▪ Denbora eta espazio antolatzaile ugari.

▪ …

DESKRIBAPEN TESTUAK

XEDE NAGUSIA: izakiak, pertsonak, gauzak, lekuak, gertaera edo prozesuak nolakoak diren adieraztea.

ADIBIDEAK: solasaldia, grafikoa, mapa, narrazioetako deskribapenak, olerkia eta

bertsoa, curriculuma, gida turistikoa, definizioak, entziklopedietako deskribapenak…

EZAUGARRI DISKURTSIBOAK:

Deskribapen-diskurtsoan honako elementu hauek dira nagusi, batez ere:

▪ Deskribapen testua normalean bestelako testuen barruko sekuentzia deskriptibo gisa agertzen da, eta lotura estua izaten du beste sekuentzia horiekin.

▪ Deskribapen motak:

– Fisikoa: pertsonak, animaliak, gauzak, tresnak, tokiak, paisaiak…

– Psikologikoa: aldartea, izaera, sentimenduak…

– Prozesuen deskribapena: nola egiten den, nola funtzionatzen duen, nola erabiltzen den…

▪ Esaldi motzak, bakunak gehienbat.

▪ Puntuazio-marka ugari.

▪ Erlatibozko perpaus ugari ( (e)n, –(e)na, -tako, -riko).

▪ Orainaldia da nagusi.

▪ Izenondo eta izenlagun ugari. Adjektibazioaren aberastasuna.

▪ Atzizkiak eta hitz elkartuak modu aberatsean erabiltzen dira.

▪ Dimentsio-adierazleak: goitik behera; zeharkakoa; hirugarren dimentsioa; denboraren dimentsioa. Leku-antolatzaile ugari.

▪ Denborazko antolatzaile ugari: orduak, urtaroak, datak…

▪ …

NARRAZIO TESTUAK

XEDE NAGUSIA: Denbora tarte jakin batean egondako gertaerak eta ekintzak kontatzea.

ADIBIDEAK: eskutitza, mezu elektronikoa, pasadizoa, elkarrizketak, gertaera, ipuina, eleberria, biografia, berria, albistegia, kronika, erreportajea, filma, telesaila, kontakizun historikoa…

EZAUGARRI DISKURTSIBOAK:

Narrazio-diskurtsoan honako elementu hauek dira, batez ere, nagusi:

▪ Narrazioaren elementuak: lekua, denbora, pertsonaiak eta ekintzak.

▪ Diskurtso moduak: estilo zuzena, zehar estiloa eta zehar estilo librea.

▪ Denbora antolatzaileek garrantzi handia dute narrazioaren garapenean: denbora-erreferentzia puntualak, aurrekotasuna adierazteko, aldiberekotasuna adierazteko, gerokotasuna adierazteko eta erritmoa markatzeko.

▪ Deskribapenak garrantzitsuak dira: deskribapen subjektibo eta objektiboak,

adjektibazioak, konparaziok…

▪ Ekoizpen estiloaren garrantzia: pragmatikoa, literarioa, kazetaritzakoa…

▪ Baliabide literarioek garrantzia dute: onomatopeia, aliterazioa, sinonimia, elipsia,

asindetona, polisindetona, anafora, eratorpena, paralelismoa, hiperbatona, konparazioa, metafora, sintesia, hiperbolea, pertsonifikazioa, antitesia edo kontrastea…

▪ Modalizazioa, gertaerak sortzen dituzten emozioak transmititzeko.

▪ Narratzaileak hartzen duen ikuspuntua: narratzaile orojakilea, narratzaile-pertsonaia

eta narratzaile-lekukoa.

▪ …

AZALPEN TESTUAK

XEDE NAGUSIA: gertaerak, prozesuak, fenomenoak edo kontzeptuak ulertaraztea eta informazio objektiboa ematea.

ADIBIDEAK: txostena, testuliburua, laburpena, WEBgunea, eskema, artikulua, erreportajea, eskabidea, eskaintza, instantzia, mezu elektronikoa, bloga, entziklopedia digital librea…

EZAUGARRI DISKURTSIBOAK:

Azalpen-diskurtsoan honako elementu hauek dira, batez ere, nagusi:

▪ Testuan ideiak kateatzeko moduak:

– Kausa-ondorioa

– Arazoa-konponbidea

– Deskribapenezko antolaketa

– Antolaketa sekuentziala

– Antolaketa konparatiboa

▪ Atenporalitatea aditz-formetan: oraina modu generikoan erabilia, ohikotasuna…

▪ Joskera argi eta zehatzak.

▪ Definizio eta birformulazio ugari.

▪ Erlatibozko, kausazko, moduzko eta helburuzko perpaus ugari.

▪ Lexiko doia eta abstraktua: teknizismoak, kontzeptuak…

▪ Antolatzaileak maiz:

-Kausa-ondorioa

– Adibideak txertatzekoak

– Moduzkoak

– Helburuzkoak

▪ Baliabide ez-linguistikoek pisu handia dute: tipografia, grafikoak, eskemak, irudiak…

▪ Gaitasun soziolinguistikoen garrantzia: igorlea nor den kontuan hartzea. Erregistroaren modulazioa.

▪ …

ARGUDIO TESTUAK

XEDE NAGUSIA: iritzia ematea, argudiatzea, eta hartzailea konbentzitzea edo limurtzea.

ADIBIDEAK: eztabaida, debatea, solasaldia, mahai-ingurua, erreklamazioa, txostena, iruzkina, editoriala, iritzi artikulua, zuzendariarendako gutuna, foroa, chata…

EZAUGARRI DISKURTSIBOAK:

Argudio-diskurtsoaren elementu hauek, batez ere, baldintzatzen dituzte testu-generoen ezaugarri diskurtsiboak:

▪ Baliatzen diren argudio motak:

– Autoritate argudioa ( Egunkari horretako zuzendariak esaten duen bezala…).

– Iritzi orokorraren argudioa (Bezero guztiok iritzi bera dugu horretan).

– Zentzumenaren argudioa (Hori egiteko zentzumenari jarraitu besterik ez

dago).

– Adibideen bidezko argudioa (Hor saltzen direnak, adibidez, ez dira

legezkoak).

– Analogiazko argudioa (Arnasa hartzea bezain erraza da hori ulertzea).

– Kontrako argudioa (Esan duzuna egia da, baina ez du balio kasu honetan).

▪ Aditz deklaratzaileak erabiltzen dira (esan, iritzia eman, nabarmendu, azpimarratu, baieztatu, ezeztatu, jakinarazi, zehaztu, ohartarazi, komentatu, onartu, ustea adierazi, ukatu, onartu…).

▪ Mendeko esaldiak: kausalak, helburuzkoak, kontzesiboak, kontsekutiboak,

aurkaritzakoak…

▪ Antolatzaile ugari: arrazoiak gehitzeko, kontrajartzeko, ondorioztatzeko, adibideak

jartzeko…

▪ Jarreren eta intentsitatearen garrantzia (modalizazioa).

▪ Elkarreraginaren garrantzia.

▪ Intonazioaren garrantzia.

▪ …

b. Mikrofuntzioak

Mikrofuntzioa, hizkuntza-erabiltzaileak testuak helburu labur jakin batzuen arabera sekuentziatzeko duen gaitasun pragmatikoa da, batez ere elkarreraginean ari denean betetzen duena. Parte-hartzaileen arteko elkarreraginean, helburu bat edo batzuk lortzeko sortzen den ekimen bakoitzak erantzun bat eragiten du hartzailearengan, eta horrela beste ekimen bat sortzen da, hainbat hizkuntza-forma erabilita. Eta truke horri esker elkarreragina gauzatu egiten da, kate diskurtsibo logiko batean. Hona mikrofuntzio aipagarrienak:

  1. Ezagutza, iritzia, sinesmena eta aierua aditzera ematearekin lotura duten funtzioak edo hizkuntza-jarduerak: baieztatzea; iragartzea; ohar gehigarriak egitea; baietz esatea; egoztea; sailkatzea; gertaera baten egiazkotasuna berrestea; aieruz aritzea; berrestea; deskribatzea; ezeztatzea; bat ez etortzea; adostasuna eta desadostasuna adieraztea; ez jakitea, zalantza, eszeptizismoa eta iritzia bat adieraztea; hipotesiak egitea; zerbait identifikatzea eta nork bere burua identifikatzea; informatzea; eragozpena adieraztea; aurresatea; kontra egitea zuzentzea; ihardestea; suposatzea.

  1. Eskaintzarekin, asmoarekin, borondatearekin eta erabakiarekin lotura duten funtzio edo hizkuntza-jarduerak: bat etortzea; onartzea; baimentzea; zerbait egiteko asmoa edo nahia adieraztea; gonbidatzea; zin egin; zerbait egiteko ezetza ematea; zerbait eskaintzea; laguntza eskaintzea; zerbait egiteko nork bere burua eskaintzea; promes egitea; atzera egitea.

  1. Funtzio edo hizkuntza-jarduera direktiboak, hartzaileak zerbait egitea edo ez egitea helburua dutenak: ohartaraztea; abisatzea; mehatxatzea; animatzea; ahalmena ematea; jarraibideak ematea; baimena ematea; eskatzea ukatzea; gogogabetzea; ez onartzea; norbait zerbait egitetik salbuestea; asmoa kentzea; galdetzea; ikaratzea; agintzea; zerbait (laguntza, berrespena, aholkua, informazioa, jarraibideak, iritzia, baimena edo norbaitek zerbait egin dezala) eskatzea; norbaiti baimena ukatzea; gogatzea; norbaiten edo zerbaiten kontra norbait jakinaren gainean jartzea; debekatzea; proposatzea; erreklamatzea; gomendatzea; norbaiti zerbait gogoraraztea; murriztea; eskaera egitea; iradokitzea; erregutzea.

  1. Gizarte harremana ezarri edo mantentzea eta beste pertsonen gaineko jarrerak adieraztea helburu duten funtzioak edo hizkuntza-jarduerak, fatikoak eta elkartasunezkoak: gonbit bat onartu eta ezetza esatea; eskertzea; arreta erakartzea; errukia izatea; ongi etorria ematea; agur esatea; dolumina adieraztea; zoriontzea; konplimenduak egitea; iraintzea; norbaitez edo zerbaitez interesatzea; gonbidatzea; barkamena eskatzea; nork bere burua edo beste norbait aurkeztea; errefusatzea; agur egitea.

  1. Funtzio edo hizkuntza-jarduera espresiboak, egoera jakin batzuen aurrean jarrerak edo sentimenduak adierazten dituztenak: zerbait leporatzea; mirespena, poza edo zoriontasuna, norbait gogoko izatea eta harenganako sinpatia, onespena eta gaitzespena, konfiantza eta konfiantzarik eza, desengainua, interesik eza eta interesa, arbuioa, nahigabea, mina, zalantza, eszeptizismoa, itxaropena eta itxaropen eza, estimua, asegabetasuna, zerbait gogokoago izatea, etsipena, asebetetzea, ezustea, beldurra edo tristura adieraztea; defendatzea; errugabetzea; damu izatea; aurpegiratzea.

  • 4.2.1.3. DISKURTSO-GAITASUNAK

    Gaitasun diskurtsiboa hizkuntza-erabiltzaileak testu egokiak, koherenteak eta kohesionatuak sortzeko edo interpretatzeko duen gaitasuna da. Beraz, gaitasun diskurtsiboaren ardatza koherentzia soziokulturala, ideien koherentzia, kohesiorako baliabideak eta modalizazioa dira.

    a. Koherentzia soziolinguistikoa

    Hizkuntza gertaera soziala da, eta gizarteko alderdi orok du eragina hizkuntzaren erabileran, eta ekoizten edo jasotzen diren testu edo sekuentzia diskurtsiboetan. Gaitasun soziolinguistikoak hizkuntzaren erabileraren alderdi sozialera egokitzeko behar diren ezagutzak eta gaitasunak hartzen ditu bere baitan: gizarte-harremanen adierazle linguistikoak, adeitasun-arauak, herri-jakintzaren adierazpenak, erregistro-desberdintasunak, euskalkia eta azentua…

    Hizkuntza-erabiltzaileak kontuan hartu beharko ditu hizkuntza-jardueretan eragina duten faktoreak, eta horien arabera bere diskurtsoa moldatu beharko du:

    1- Solaskideak nor diren (igorlea eta hartzailea nor diren, zenbat diren, nolako harremana duten, elkarreraginean ari diren edo ez, zein gaitasun dituzten…).

    2- Komunikazioaren testuingurua zein den: non gertatzen den hizkuntza-jarduera (zein erabilera-eremutan: etxea, lantokia, liburutegia…), ea solaskideak toki berean dauden edo ez…

    3- Komunikazio-unea: noiz gertatzen den hizkuntza-jarduera, ea solaskideak jardunean aldi berean ari diren edo ez …

    4- Komunikazio-kanala: ahozkoa edo idatzia den, zuzenekoa den, aurrez aurrekoa, edo bitartekorik baden (telefonoa, irrati-telebistak, megafonia, WEB-kamera, ordenagailua…)…

    5- Komunikazioaren gaia zein den: ezaguna den edo ez, interesekoa den edo ez, ohikoa den edo teknikoa, zein erabilera-arlotakoa (harremanak, lana…)…

    6- Komunikazio-xedea:

    Bestalde, asmo komunikatiboak ere eragingo du diskurtsoan. Hainbat izan daitezke hizkuntza-jardueren asmoak:

    ▪ Informatzea, hartzaileak ezagutzak edo bestelako informazioren bat jaso dezan.

    ▪ Argibideak ematea, hartzaileak arazoren bat edo gertakizunen bat ulertzeko.

    ▪ Hartzailea zerbaitez konbentzitzea.

    ▪ Solaskideen artean harremanen bat sortzea.

    ▪ Ekintza bat egitera bultzatzea edo jokabidea gidatzea.

    ▪ Hartzailea laketzea, olgatzea edo bere irudimena garatzea.

    ▪ …

    Aldagai horien guztien ondorioz, euskara-erabiltzaileak erregistroa egokitzeko gaitasuna izanen du:

    ERREGISTROA

    Erregistroa igorleak hautatzen duen hizketari esaten zaio. Erregistroa aukeratzeko, komunikazio-egoeraren ezaugarri sozialak hartu behar ditu kontuan: solaskideen arteko harremana, asmoa, gaia, formaltasun-maila… Igorleak, norekin ari den eta zertan ari den kontuan hartuta, bere hizketa egokituko du (neutroa, informala edo lagunartekoa, formala, intimoa eta ofiziala/espezializatua), eta horretarako hainbat hizkuntza-baliabide erabiliko ditu. Beraz, erregistroaren bidez jakingo dugu igorleak zein asmo dituen, hurbiltasuna edo urruntasuna bilatzen duen, gizarte harremanetan non kokatzen den… Erregistroa egokitzeko gaitasuna handitu egiten da hizkuntzaren ezagutza handitzearekin batera.

    Jakina da euskara, beste hizkuntzak bezala, bi modutan ikas daitekeela, nagusiki: ibilbide naturala eginda (lehendabiziko hizkuntza), edo ibilbide akademikoa eginda (eskolan edo euskaltegian ikasita, batez ere). Eta ibilbide bakoitzak oso bilakaera desberdina du, erregistroen garapenari dagokionez.

    Hizkuntza bat ibilbide naturalean garatuz gero, ikasteko prozesua erregistro intimotik hasten da, familiaren magalean. Gero, hazi ahala, eta behar sozialak handitu ahala, erregistro informala edo lagunartekoa garatuko da, eta baita neutroa ere, gizarteko beste esparru batzuetan aritzeko (lagunak, eskola, kalea, auzoa…). Eta erabiltzaile horrek hizkuntzan gehiago sakontzen badu, erregistro ofiziala/espezializatua ere landu dezake, esparru teknikoetan aritzeko beharra badu (ikasketak, administrazioa, lana, arlo espezializatuak…).

    Baina norbaitek euskara ibilbide kulturalean ikaste badu, erregistroak garatzeko modua desberdina izaten da. Normalean, eskolan edo euskaltegian hasieran erregistro neutroa bereganatzen du, batez ere ikas-prozesuaren lehendabiziko urratsetan. Gero, gehiago sakonduta, erregistro formala ere ikasiko du, arlo formaletan aritzeko, eta baita informala edo lagunartekoa ere, kalean eta lagunartean maiz erabiltzen badu. Eta ikas-prozesuan oso aurrera jotzen badu, euskara hizkuntza intimoa ere bihur dezake (familia-hizkuntza bihurtuta, esate baterako), edo baita esparru teknikotan erabiltzekoa ere, erregistro ofiziala/espezializatua garatuta.

    Kontuan hartu behar da, alabaina, ikas-prozesu guztiak ez direla homogeneoak izaten, eta tarteko ibilbideak ere badirela (adibidez, euskara lagunartean eta kalean ikasten hastea, eta gero familia osatzeko garaian familia-hizkuntza izatea). Eta bestalde, erregistroaren erabileran zerikusi handia du norberaren estiloak eta izaerak. Hiztun bat trebeagoa izan daiteke erregistro batean bestean baino, eta erregistro batzuk beste batzuk baino gehiago erabiltzeko joera izan dezake.

    Erregistro-esparru bakoitzak bere hizkuntza-baliabide propioak ditu. Hona hemen nagusiak:

    ERREGISTRO NEUTROA:

    Erregistro neutroa harreman neutroen testuinguruan erabiltzen den erregistroa da: laneko eta eskolako harremanetan, auzoko ezagunekin, merkataritza-harremanetan, komunikabideetan… Hiztunak, ezezagunekin ari denean edo solaskideaz informazio gutxi duenean ere, erregistro neutroa erabiltzeko joera izaten du. Hizkera hau oso hizkera hedatua da euskaraz.

    Hizkera neutroaren ezaugarri nagusia da ez duela hizkera formalak dituen berariazko baliabideak gehiegi erabiltzen, ezta informalak edo lagunartekoak dituenak ere. Horregatik da hizkera neutroa; tartean gelditzen delako, orekan.

    Beraz, ez du, batetik, hizkera informalaren tasun nabaririk izaten:

    ▪ Arrunkeriak, biraoak eta esamolde itsusiak.

    ▪ Esapide idiomatikoak.

    ▪ Hitanoa erabiltzea.

    ▪ Afektibitateak eta emozioek pisu handia hartzea.

    ▪ …

    Eta bestetik, ez du gehiegizko formaltasunik ere izaten:

    ▪ Adeitasunezko formula jasoak.

    ▪ Egitura eta aditz-forma jasoak.

    ▪ Oso ahoskera zaindua.

    ▪ Hiztegi teknikoa.

    ▪ …

    Dena den, hizkera formalaren hainbat ezaugarri izan ohi ditu:

    ▪ Egitura argiak baliatzen dira, gehienbat. Elipsi, digresio eta errepikapenak zaintzen dira.

    ▪ Eratorpena eta hitz elkarketa asko erabiltzen da kontzeptuak eta ideiak garatzeko.

    ▪ Lexiko eta kontzeptu zehatz samarrak, betelan handiegirik gabe.

    ▪ Hizkera ez xenofoboa edo ez-sexistak garrantzi handia du.

    ▪ Adeitasun-arau estandarrek garrantzia dute.

    ▪ Akats gramatikalik ez egiteak badu garrantzirik.

    ▪ …

    ERREGISTRO INFORMALA EDO LAGUNARTEKOA:

    Erregistro informala konfiantzazko testuinguruetan erabiltzen da: oso giro ezagunak, lagunak, familia, konfiantzazko auzokideak, lantokiko edo ikastetxeko lagunak, txikitako koadrila…

    Hizkera ez-formalaren ezaugarri diskurtsiboak, honako hauek dira:

    ▪ Hizketa azkarra; ahozkotasunari lotutako ahoskerak: bustidura (langile/[langille]),

    kontsonanteen erorketa (puska bat/[puskat]), bokalen alternantzia (dut/det), fonetismo bokalikoak ([geyo]), aditz forma laburtuak (joan behar dugu/[fanbidu])…

    ▪ Bat-bateko testu-sekuentziak: joskera sinplea, parafrasiak, etenak, errepikapen ugari, digresioak maiz (haritik joatea, alegia)…

    ▪ Arrunkeriak: esapide zabarrak (kaka zaharra!, idiarena jo, txahala egin…).

    ▪ Biraoak (Mari purtzila, astazakila, sasikumea, zoaz zakurraren ipurtzulora…).

    ▪ Piropoak (Zuk zer duzun?; Beste inork ez duena!; Horrelako azala baduzu, nolakoa ote da mamia?).

    ▪ Hitz makulu edo esapide betegarri ugari (zeratu, bada, horrela, izan ere…).

    ▪ Elipsiak: aditz laguntzailearena, lokailuena, esaldi zatiena…

    ▪ Onomatopeia ugari ( zarta-zarta, plausta, dinbi-danba…).

    ▪ Lokuzioak eta adierazpide idiomatikoak -gazte hizkera, sare sozial digitaletako hizkera…- (mutil katxarroa; Hau pitokeria, hau!; atxurra harrapatu…).

    ▪ Zuzentasun gramatikalaren garrantzia lausotu egiten da, komunikagarritasunak hartzen baitu garrantzi guztia.

    ▪ Hitanoa erabiltzea.

    ▪ Euskalkia erabiltzea, eta tokian tokiko hitz eta lokuzio tradizionalak erabiltzea (Auzomotojorik hago!; Horrek ez dik zimurrik mingainean!; Nekaporraturik zagok!).

    ▪ Kalko eta maileguen erabilera (pixka bat, eske, zentzu horretan, gure aldetik…).

    ▪ Kontzeptuen lausotasuna eta zehaztasun falta (adibidez, Ez naiz garaiz etorri lana bukatu behar nuelako adierazteko: Zera hori egin behar eta, badakizu…).

    ▪ Intonazioaren, erritmoaren eta bolumenaren garrantzia.

    ▪ Keinuen garrantzia.

    ▪ Sentimenduak eta emozioak adierazteko baliabideak: adjektibazio aberatsa, harridurazko esaldiak, adierazkortasuna handitzeko baliabideak (konparazioak, hiperbole edo exagerazioak, anaforak, metaforak, antitesiak…)…

    ▪ Ironiak eta zentzu bikoitzak (gaizki gaudela esateko, Ederki gaude horrela!; inporta ez zaidala esateko, Ene! Gaur ez dut begirik bilduko kezka horrekin!).

    ▪ …

    ERREGISTRO FORMALA

    Formaltasun-maila handia behar duten testuinguruetan erabiltzen da erregistro formala: instituzioekiko harremanak, lan-harremanak, arlo akademikoa, merkataritza-harremanak, komunikabideak…

    Hizkera jasoak dituen ezaugarri diskurtsiboak dira nagusi:

    ▪ Testuen egitura antolatuak eta argiak: aldez aurretik prestatutakoak edo gidoi bati jarraitzen diotenak; ideiak koherentziaz azaltzen dituztenak; ongi kohesionatuak (beraz, ordea, adibidez, nahiz eta…); egitura sintaktiko jasoak: mendeko perpaus ugari, zehar-estiloa maiz…

    ▪ Zuzentasun gramatikalaren garrantzia: ergatiboa, aditz-komunztadura, hitz-ordena, ortografia, puntuazioa, Euskaltzaindiaren arauak…

    ▪ Aditz forma jasoak ( gerta ez dakigun, hala bedi, datza…).

    ▪ Ahoskera zaindua (EBAZ): txistukariak; bokalen ahoskera; aditz ahoskera estandarra; –a– itsatsia; g/j (geologia, ginekologoa…); p/b (bake/ *pake); p/f (nafar/ *napar)…

    ▪ Hitz-elkarketaren erabilera aberatsa: izena + izena (alfabetatze-ikastaro…);

    aditzoina + izena (salneurri…); izena + izenondoa (hankamotz…); aditzoina + izenondoa (ulergaitz…); izena + aditza (gainbegiratu…).

    ▪ Eratorpenaren erabilera aberatsa: aurrizkiak: bir-, des-…; atzizkiak: abstraktuak (-tza, -pen, -tasun…), aniztasunekoak ( –kada, -tza…), materialak (-ki, -kin…), joerazkoak

    (-bera, -koi, -kor…)

    ▪ Lexiko eta kontzeptu zehatzak, eufemismorik gabeak: zergak (ez fiskalitatea); langabe geratzea (ez lanpostuen amortizazioa)…

    ▪ Hizkera ez-xenofoboa edo ez-sexista: gizakia (eta ez gizona), seme-alabak (eta ez semeak); antropologoa (eta ez antropologo); herrialde txiroak (ez hirugarren mundua)…

    ▪ Adeitasun-arau estandarren garrantzia (Jaun hori/Andre hori; esker mila igortzeagatik; har ezazu nire zorionik beroena; zorionbide izan dadila…).

    ▪ Sentipenak eta emozioak lausotzea: Gure atsekabea agertu nahiko genuke (eta ez Nazka-nazka eginda gaude); Erantzutea ahaztu zaizulakoan nago (eta ez Badakit ez duzula erantzun nahi)…

    ERREGISTRO INTIMOA:

    Erregistro intimoa hurbiltasun emozional handiko pertsona bakan batzuekin erabiltzen da: gurasoak, anai-arrebak, seme-alabak, amodio-kontuak…

    Hizkera intimoan afektibitatea eta emozioa transmititzeko baliabide diskurtsiboak dira nagusi. Berez, erregistro intimoan hizkera informalaren baliabide asko erabiltzen da, baina baditu berezko ezaugarriak ere:

    ▪ Baliabide paralinguistikoen garrantzia: begiradak, keinuak, kontaktu fisikoa…

    ▪ Intonazioaren modulazio intimoak garrantzi handia du.

    ▪ Onomatopeia afektiboak ( xuxurla, firin-faran, ixil-mixil, zimiko…).

    ▪ Ahoskera afektiboak: hipokoristikoak (gixon, pollita, ttottela, mutturxikin…); atzizki txikigarriak: -ño (txoriño), -txo (gauzatxo), -xka (gorrixka)

    ▪ Isiluneen eta etenen garrantzia.

    ▪ Izen eta adjektiboen erabilera afektiboa (bihotzeko koxkorra, patxua, apapa joan, laztan kuttuna…).

    ▪ …

    ERREGISTRO OFIZIALA/ESPEZIALIZATUA

    Teknikoki hizkera berezia behar duten arloetan erabiltzen da erregistro espezializatua: lan-esparru teknikoak, arlo ofiziala, zerbitzu teknikoak, gai espezializatuak, goi mailako arlo akademikoa…

    Hizkera formalaren ohiko ezaugarriez gain, hizkera teknikoak dituen ezaugarri diskurtsiboak izaten dira nagusi erregistro honeta:

    ▪ Eredu estandarretan oinarritutako testu eta inprimakiak: isuna, ofizioa, kontratua, bilera-akta, curriculum vitaea, ziurtagiria…

    ▪ Lexiko aberatsa eta zehatza (ebazpena; pertsona fisikoen errentaren gaineko zerga; hotzeko prentsaketa; haizagailua…).

    ▪ Mailegu tekniko ugari (CD-ROMa; obozelula; hardware-a; metabolismoa…).

    ▪ Adierazpide formalak, eta berariazko hizkuntza-formulak (Atsegin handiz hartu dugu zuen gonbita; Agur t´erdi; Harremanetan jarraituko dugulakoan, jaso ezazu nire agurrik beroena…).

    ▪ Oso ahoskera zaindua (EBAZ).

    ▪ …

    GAITASUN SOZIOLINGUISTKOA, MAILAZ MAILA:

    A2 maila

    Gai da gizarte-harremanetan hizkuntzaren oinarrizko funtzioak gauzatzeko: norbait aurkeztu, eskerrak eman, informazioa eskatu, norbait nola dagoen galdetu… Ez du, oraindik, erregistro bereizketarik egiten, ez ulermen mailan, ez ekoizpen mailan.

    b. Ideien koherentzia

    Koherentzia testuaren edo diskurtso-sekuentziaren ezaugarrietako bat da. Koherentzia egoteko, testuko ideiek eta kontzeptuek ongi egituratuta egon behar dute; ordenatuta, alegia. Ideiek kateaketa logiko bat izan behar dute, eta pertinenteak diren kontzeptuak baliatu behar dira, eta pertinenteak ez direnak bazterrean utzi.

    Hori guztia lantzeko honako oinarri hauek daude:

    1- Ideien antolaketa:

    ▪ Gai eta tesia, ideia nagusiak eta bigarren mailako ideiak ongi bereiztea.

    ▪ Informazioaren kantitatea (adibideak, arrazoiak, informazioa osagarria…) eta kalitatea (kontzeptu pertinenteak, informazio egokia…) ongi neurtzea.

    2- Paragrafoen antolaketa: idatzizko komunikazioan testuaren progresio logikoan garrantzi handiko unitatea paragrafoa da. Izan ere, paragrafo bakoitzak ideia nagusi bat biltzen baitu, eta ideia horrek markatzen du barruko esaldien kohesioa.

    3- Esaldien arteko aurrerabide tematikoa: tema/rema:

    Testuetan beharrezko informazioak daude, batetik, eta bigarren mailakoak, bestetik. Eta informazio hori testuan galdegaia-mintzagaia legearen arabera garatzen da, informazio ezaguna/ezezaguna, berria/aurretik esana; nabarmentzekoa/bigarren mailakoa uztartuz eta harilkatuz, esaldi batetik bestera. Horrek ondorioak ditu esaldien hitz-ordenan, eta esaldien arteko loturetan.

     

  • c. Kohesiorako baliabideak

    Kohesioa esaten zaio testuko elementuak elkarrekin lotzen dituen lotura-baliabideen multzoari: hitzak, sintagmak, perpausak, paragrafoak… Nolabait esateko, koherentzia ideien loturari dagokio; eta kohesioa, berriz, hizkuntza-baliabideak erabilita sortzen den kateatze formalari.

    Kohesio-baliabideak bi mailatakoak izan daitezke: perpaus-mailakoak eta testu-mailakoak. (ikus mailaz maila sailkatuta, 4.2.2 Gaitasun gramatikalak atalean):

    1- Perpaus-mailako kohesio-prozedurak:

    Perpaus barruko hitz eta sintagmak lotzeko baliabideak:

    ▪ Deklinabide-kasuak.

    ▪ Postposizioak (atze, aurrez, barru, bitarte, buruz…).

    ▪ Juntagailuak: emendiozkoak (eta…), hautakariak (edo…) eta aurkaritzakoak (baizik…)

    ▪ Menderagailuak:

    – Perpaus osagarriak: konpletiboak; zehar-galderak; subjuntibozko perpausak…

    – Erlatibozko perpausak.

    – Esaldi adberbialak osatzen dituzten perpausak: denborazkoak; moduzkoak; konparaziozkoak; helburuzkoak; kausazkoak; baldintzazkoak; kontzesiozkoak; ondoriozkoak.

    2- Testu-mailako kohesio-elementuak:

    Perpausaren gainetik, testuko pasarteak eta elementuak lotu eta estekatzeko dauden bitartekoak:

    ▪ Erreferentziazkoak (deiktikoak). Anafora (aurretik esana dagoenari erreferentzia egiteko). Katafora (gero esan behar denari erreferentzia egiteko):

    • Izenordainak (zuek, neronek, haren/bere/beraren, haien/beraien/euren, geure burua, elkar, deus ez, zera, zeinenek…).

    • Determinatzaileak (haurra, emakumeok, hau, horixe, bat/batzuk, asko, denak/denok, laurak, aita eta biok, geure burua, elkar…).

    • Aditzondoak (hemen, hortxe, bertan, hona/horra, horrela/honela, gaur, edonon…).

    • Ordezkapen lexikala: sinonimia (lapurtu/ostu), hiperonimia (lilia>lorea), hiponimia (eguna>asteartea) eta perifrasia (lehoia>oihaneko erregea).

    • Hitz errepikapena (Ez dago siesta egitea bezain gauza onuragarriagorik. Siesta egunero egin beharko genuke).

    • Elipsia (Arraina erosi dugu. Ø Gero prestatuko dugu).

    • Aditza (da, dugu, diogu, zaio…).

    ▪ Konexiozkoak:

    • Antolatzaileak: hasiera emateko, jarraipena, bukaera, ordena, arrazoiak, aipamenak, indartzeko, hierarkizazioa, denbora, lekutasuna, ideia berriak txertatzeko, adibideak emateko, parekidetasuna, kontrastea, onarpena, ziurtasuna, beharrizana, balorazioa eta ondorioa adierazteko.

    • Lokailuak: emendiozkoak, hautakariak, aurkaritzakoak, ondoriozkoak eta kausazkoak.

    • Puntuazio-markak: puntua; koma; puntu eta koma; bi puntuak; eten-puntuak; galdera -eta harridura-markak; parentesia; marra luzea; komatxoak edo aipu-markak; marratxoa; apostrofoa; zehar-marra.

    • Gorputzarenak baliabide paralinguistikoak (keinuak, jarrerak…), eta idatzizkoak (irudiak, grafikoak, ortotipografia…).

    • Intonazioa, erritmoa, bolumena eta intentsitatea.

     

     

     

     


    gora

    d. Modalizazioa

    Modalizatzaile esaten zaie igorleak hitz egiten edo idazten duenean hartzen duen jarrera eta inplikazioa islatzeko erabiltzen dituen hizkuntza-baliabideei. Modalizatzaileen bidez hiztunak bere iritzi edo jarrerei intentsitate desberdina ematen die. Gertaera baten aurrean duen aldarteari edo egiten dituen balorazioei neurri jakin bat ematen dio, betiere duen xede komunikatiboaren arabera.

    Hona adibide batzuk, hainbat modutan modalizatuta:

    Igandean ekarriko dut, ziur. (ziurtasuna)

    Agian igandean ekarriko dut. (zalantza)

    ——-

    Ez nator bat zurekin. (baieztapena)

    Esan duzun hori gezurra galanta da. (balorazioa)

    ——-

    Eskertuko nuke egia esango bazenit. (proposamena)

    Egia esan behar didazu, nahi edo ez nahi. (derrigortasuna)

    ——-

    Atzo istripu bat egon zen. (neutraltasuna)

    Atzo istripu lazgarri bat egon zen. (balorazioa)

    ——-

    Nahi badut, egin dezaket. (ziurtasuna)

    Nahi izanen banu, egin nezake. (hipotesia)

    Modalizatzaileak hainbat kategoriatakoak izaten dira. Neurria edo gradua emateko balio duen edozein hizkuntza-baliabide erabil daiteke modalizatzaile moduan (kontzeptu batzuk indartzeko, eta beste batzuk lausotzeko):

    ▪ Aditzondoak (oso, ozta-ozta, agian, beharbada, nonbait…).

    ▪ Postposizioak (zikina dago/zikin antza dago…).

    ▪ Atxizkiak (gehiegi/gehiegixko).

    ▪ Adizkiak: ahalera (eginen dut/egin dezaket…); hipotetikoa (ongi dago/ez legoke gaizki…); baldintza: (ikusiko duzu/ikusiko nuke…); agintera (egin, mesedez/egin ezazu!…).

    ▪ Lokailuak (ez ezik…ere; nolanahi ere; aitzitik…).

    ▪ Modismoak (Zur eta lur nago; Aho bete hortz gelditu zen…).

    ▪ Adjektiboak (polita/ederra/liluragarria…).

    ▪ Aditzak (poztu, harritu, uste izan, iritzi, onartu, ukatu…).

    ▪ Deiktikoak (diote/denek esaten dute/denok esaten dugu; horrela hobe dela uste da/nik uste dut horrela hobe dela; Iragarki batean: zapatak konpontzen dira/zapatak konpontzen ditugu).

    ▪ Baliabide semantikoak: ironia, exagerazioa, zentzu bikoitzak, metaforak, biraoak, piropoak, hitz leunak/hitz gogorrak…

    ▪ Egitura adierazgarriak:

    – Erakusleak indargarri (Hau zoriona!).

    Bai ..-(e)la egitura (Bai polita dela!).

    Ze(r)/zein/zelako/nolako egiturak (Nolako egia esan duen!).

    – Atributua izenaren aurretik (Ederra astakeria! Polita esandakoa!).

    – –(r) en + izenondoa (Hori liburuaren polita!).

    Eskerrak… –(e)n (Eskerrak egia esan duen!).

    – Kontsekutiboak (Esan dizut ez naizela etorriko ez gaur, ez bihar, ez etzi.).

    – Omisioa (Zera esatea ere!).

    – Baieztapen eta ezeztapen indargarriak (Baietz!; Ezetz!; Esan dizudala!).

    – Konparazioak (Leize-zuloa baino ilunagoa da.).

    – Baldintza etenak (Zer gertatu den jakingo balu!).

    – Harridurazko galderak (Nola?!).

    – Errepikapena (jakina, jakina; Hau da hau!).

    – Aditz inpertsonalak (Gehiago ikasi beharko zenuke Gehiago ikasi beharra dago.).

    – Baiezkoa leungarri (Ez naiz zurekin joango Beste batean izan beharko du.).

    – Ezeztapen indargarriak (Esan ez du ba berak ez duela etorri nahi!; Ezta hurrik eman ere!; Baita zere ere!; Inondik ere!; Inolaz ere…).

    – Baieztapen indargarriak (bai horixe; esan gabe doa; nola ez ba…).

    ▪ Azentua eta ahoskera indargarriak:

    -Azentua: neutroa: [emákumeà]; adierazkorra: [émakumeà!].

    -Bokalak luzatzea: (Haaaaudi-haaau zen!).

    -Silabaka ahoskatzea (Ez-du-da-la-e-gin-nen!).

    ▪ Hitzen eta esaldien intonazioa, bolumena, etenak eta intentsitatea, kontzeptuak nabarmentzeko edo lausotzeko.

    ▪ …

    Bestalde, igorleak hartzen duen jarrera kontuan hartuta, modalizatzaileak multzoka sailka daitezke:

    ▪ Balorazioa adierazteko (zorionez; tamalez; espero dut…; ez legoke gaizki…; eskerrak…;…).

    ▪ Halabeharra (derrigorrez; ezinbestekoa da; nahitaez…).

    ▪ Ziurtasuna adierazteko (bistan da, jakina, ziurrenik, nola ez, ezbairik gabe…).

    ▪ Probabilitatea adierazteko (badirudi, agidanean, antza, itxura denez, omen…).

    ▪ Iritziak eta besteen esanak emateko (nire ustez, esan daiteke, dakigunez, omen/ei, diotenez…).

    gora

 

gora

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude